|
Kaietano Sanchez Irure. Azken beltza
VI
Martzelo eta Karlos
Karlos.- Neska bizia zirudik horrexek.
Martzelo.- Eta sukalde lanetan oso hartakoa... mokadu goxo batzuk jartzen ditik, nolakoak!; ikusiko duk, ikusiko duk.
Karlos.- Eta langintza guztiak, neskatxa horrek eta lehenagoko morroi txatxu hark egiten al ditiztek?
Martzelo.- Ez; neskatxa hori sukalde lanetarako bakarrik zeukaat. Bi morroi gehiago baditiat.
Karlos.- Beharko dituk.
Martzelo.- Badakik: harizti eder bat bazeukaat oso ugaria, belar-soro handi bat ere bai; eta etxean, berriz, sagardoak egiteko dolare ederra.
Karlos.- Badaukak zer egina.
Martzelo.- Bai. Gainera bazeuzkaat: oilo-talde ederra, sei behi, lau idi, bi asto, hiru zekor gazte, zezen estalkoi bat eta akerra bi ahuntzekin.
Karlos.- Gehiago ezer ez?
Martzelo.- Akuriak.
Karlos.- Eta, gehiago?
Martzelo.- Zera, Zanpantzart izango diat!
|