Hamabosgarren Irudia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Sanchez Irure Kaietano »  Azken beltza »  Hamabosgarren Irudia

Kaietano Sanchez Irure. Azken beltza

Hamabosgarren Irudia

XV

Karmentxo; gero Juan



Karmentxo.- Zorigaiztoko seta galgarria! Zergatik nire bihotza horrela bihurritu behar dute? Zer dela eta, nire nahitasuna behartu nahi hau? Ez dut izan behar neure bihotzaren jabe!

Juan.- (Atzetik batetan sartuaz) Karmentxo!

Karmentxo.- Oi, Juan (Beregana joanaz) Juan nirea.

Juan.- Zurea?

Karmentxo.- Bai; nirea bai; ni zurea bezala.

Juan.- Amonak ordea...

Karmentxo.- Alferrik dabil eta alferrik ibiliko da. Ez da inor sortu askatuko duenik zurekin lotua naukan nahitasunezko korapiloa.

Juan.- Hitz horiek, nire barren ilunean, argitasunaren errainu bizikorra sortzen didate.

Karmentxo.- Alferrik dabilela! berriz ere esango dizut bada: Alferrik eta alferrik!

Juan.- Karmentxo, zuri entzun eta, berriro jaiotzen naizela iruditzen zait. Arestian, heriotza bera baino hilagoa aurkitzen nuen neure burua.

Karmentxo.- Ez duzu horrenbeste larritu behar.

Juan.- Zu bakarra izan zara ludi honetan, zoragarrizko alaitasuna nire barrenean sortu didana.

Karmentxo.- Aurrera ere, nik alaitsu eta zoriontsu egingo zaitut.

Juan.- Umezurtza, behartsua, ahula eta argala; eguzkiaren printza epelak lehenengo nire begietara argiaren ikusmena ekarri zutenerako, goibel eta atsekabe azaldu zitzaidan guzia. Ez ditut ezagutu ama baten laztan zoragarriak; aita baten ardura bigunak, ez dut behin ere jakin nolakoak diren. Jaberik gabeko gauza bezala, gizonen zapuzkeria artean amildu ziren nire lehenengo urteak.

Karmentxo.- Juan gizajoa!

Juan.- Inork nahi ez, alde guzietan ezin ikusia; hotza eta gosea besterik ez neukan; eta nire barrena, harkaitza bera baino gogorragoa egin zitzaidan. Koxkortzen nindoan bezala, argiago azaltzen zen nire atsekabezko biziera; bakarrik ikusten nuen neure burua; guziak nire kalte iruditzen zitzaizkidan; eta hala, bakartasun negargarri hartan, basurdea hortz zorrotzak erakutsiaz etsaien aurrean jartzen den eran, ni ere halaxe nengoen, besteen gaizki nahiak uxatzeko.

Karmentxo.- Gupidagarria zeunden.

Juan.- Ez zegoen gupidarik niretzat, ez nik ere besterentzat...

Karmentxo.- Zergatik ez?

Juan.- Haserrea, gaizki nahia, gorrotoa; ez nuen besterik ulertzen besteetan, ez eta neronen gogoan ere. Eta haserre biziz, amorruz, laia lurraren erraietan zanpatzen nuen; gorroto kiskalgarrian aitzurrari ekiten nion. Eta haserre lanarekin, haserre neronekin eta besteekin; etxe batetik alde, bestean sartu; zuen baserrira iritsi nintzen.

Karmentxo.- Ez zenduen hemen haserre eta gorrotorik aurkitu.

Juan.- Egi-egia. Ez dut inon izan hemen bezalako ongi etorririk.

Karmentxo.- Ez noski.

Juan.- Eta hemen, etxe honetan, nahitasunaren txinpart gartsuak, hila neukan bihotza, bizkor eta indartsu piztu zidan.

Karmentxo.- Juan gizajoa!

Juan.- Ametsetan ere, ez nuen ordu arte behin ere nabaritu nahitasunaren atsegin bizikorra; ez nekien zer zen elkarganako maitasuna, zure ezpain zoragarrietatik nire barrenera isuri zen arteraino.

Karmentxo.- Badakizu bada orain.

Juan.- Zoratu behar zitzaidan. Erotuko nintzela uste nuen. Zein atseginak diren bihotzak sortzen dizkigun amets eztitsuak!

Karmentxo.- Amets horiek dira bada, gure etorkizuna azaltzen dizkigutenak.

Juan.- Bai, Karmentxo...

Karmentxo.- Amets horiek lotu zituzten gure bihotzak, eta bizi guzian lotuak geldituko dira.

Juan.- Bai, Karmentxo: zure nahitasunezko hitzak lehenengo entzun nituenean, ez dakit zer gertatu zen nire barrenean. Adierazi nahi nizun nire poz eta atsegina... Ez nekien ordea nola. Eta lanari ekin nion gogotsuago eta bikainago. Nire lanarekin ordaindu nahi nizkizun zure nireganako nahi onak.

Karmentxo.- Ongi ordainduak izan ziren.

Juan.- Ez zen niretzat, ez gaurik ez egunik ez eguraldi txar ez onik; ekaitzik gogorrenetan ere bulartsu ekiten nion lanari, nire lana zelako zuri egiten nizun emaitza maitekorra.

Karmentxo.- Eta nik eskertzen dizkizut emaitza xamur eta eztitsuenak bezala.

Juan.- Nahitasunaren indarra zenbatez handiagoa den gorrotoarena baino! Zure nahitasunak ematen zidan ahalmenarekin, laia, lehen baino ere hondorago sartzen nuen soroan; aitzurrak, lehengo aldean zorrotzago ebakitzen zuen lurra; lan guziak errazagoak iruditzen zitzaizkidan. Eta Igeldoko mendi-tontorra jasotzeko agindu bazidaten, uste dut bere erraietatik etengo nuela, zure oinetan ipintzeko.

Karmentxo.- Kementsua zara.

Juan.- Bada, kemen hori guzia zure nahitasunak ematen didana da; eta zure nahitasunari nik, gogotsu, eskaintzen diodana ordu guzietan.

Karmentxo.- Zein maitagarria zaren, Juantxo!

Juan.- Eta horiek horrela direla, uste duzu utz niezaiokeela inori zu nire besoetatik eramaten?

Karmentxo.- Ez, Juantxo, ez!

Juan.- Ez, Karmentxo, ez! Ez du basakatuak bere umerik gordetzen, nik zu zainduko zaitudan halako indarrarekin. Alferrik ibiliko da zure amona, alferrik amerikano bizar luze hori, alferrik elkar hartzen badute ere ludiko ahalmen guziek; ez zaitu inork nire besoetatik aterako.

Karmentxo.- Ez dezazula uste, inork, zure besoetatik aterako nauenik! Ez Juantxo, ez. Hil ere, zure besoetan egin nahi dut.











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org