|
Martzelino Soroa. Baina zein naiz ni?
Hamaikagarren Irudia
XI
Joxe Anton eta On Baldomero (barrendik oihuka eta gero sarturik).
Jose Anton.- Zer barreak? Barregarriren bat al naiz, bada, ni?
On Baldomero.- (Barrendik) Non da? Non da? Non dut iloba hori!
Jose Anton.- Ai! Osaba izango da; gureak egin dik! (Altxaturik mahaitik).
On Baldomero.- A! Martin, zatoz nire besoetara. (Laztandurik) Zer diozu? Zer mutil ederra! Gizon bat eginik. Aita berbera zaude. Ez al didazu ezer esaten? Je, je! jakina; lehenbiziko ikusiak senti egingo dizu. Eser gaitezen, eseri. (On Baldomero sillatzarrean, jarririk lehenago bere ezkerretara silla bat Joxe Antonentzat) Tira, eser zaitez, edo luzatu egin nahi al duzu oraindik? Tira... (Joxe Anton esertzen da beldurrarekin bezala sillaren ixkin-ixkin aldean) Luzatu zara, bai franko, azkeneko ikusi zintudanetik. Eser zaitez erdirago... Erdirago, horrela, osabaren aldamenean. Horrenbeste urtean kanpoan ibili eta gero! Horrenbeste itsas bide pasatuta zenbat lur berri ikusi ote dituzu! Zure aitak maiz kontatzen zizkidan, bai, zure berriak. Beraz... tira, tira euskaraz ahaztu zaizu edo zer? Badirudi ezin asmatu duzula hitzik... Aita bera dago. je, je, je!
|