Itzaurrea


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Soroa Martzelino »  Baratzan »  Itzaurrea

ITZAURREA



Baratzan deritzan lan au, “Euskal-Erria” aldizkarian argitaratu zan, XIV ta XV-garrengo aleetan, 1886-garren urtean. Bañan ez aurretik eta ez atzetik, ez du Soroak zergatik eta nolatan idatzi zuan esaten.

Kaleko jaun baten eta baserritar baten arteko berriketa edo jarduna da. Alkar-izketan moldatutako liburuak, gaur egunean iñork antolatzen ez baditu ere, ezagunak izandu ziran garai batez gure artean ere.

Olakoak ditugu: Agustin Iturriaga-ren “Jolasak”, Agustin Jauregui-ren “Albiste on bat urteoro berritzen dana”, M. Elissamburu-ren “Lehengo eskualdunak zer ziren”, Juan Jose Moguel-en “Baserritar Nekazaleentzako Eskolia”, ta Soroa-ren “Baratzan.

Soroa-ren ontan, Donostiko jaun bat Batistaren baratzara pasiatzen joaten da. Jauna ta baseritarra berriketan jarduten dira, noizean bein Batistaren etxekoak eta auzokoak ere hizketan azaltzen edo aitatzen diralarik: Ana Mari Batistaren emaztea, Mikolax, Joxpiñaxi, Anttoniyo, Manueltxo, Luisatxo, Ana Mari, Iñaxi, Jose Erramun,...

Alkar-izketa, udaberrian asten da, karnaba aita-amak beren umeai jatena ematen ari zaizkielarik; ta udazkenean bukatzen da, trikuak sagar-pilletan txilipurdika ibilli, bizkarra sagarrez bete ta sasi-zuloetan izkutatzen diran garayan.

Bitarte ontan baratza, mendi ta kanpo guzian gertatzen diran aldaketa ta gorabera miragarri guzien berri ematen digu: goizeko intzak, arrosak, lugartzak, turmoya, lur-maniatzea, kukuba, txantxangorria, marrubiak, usoen gurgurrakua ta burrioyen pikardiak, etxeko beiaren umea kendu diotelako marruak, tipulak, azak, bareak, gariak, pintxanak, belarra ebakitzeko ta arbolak botatzeko ill bera ala ill berria komeni dan, Normandiko ta Donostiko sagardoen kontuak... ta abar ta abar.

Apika ez da gure literaturan izango izadiaren bizitzaren berri Soroak baño obeto ematen digun idazlerik.

Karmelo Etxegarai jaunak ortan alde aundia arkitzen zuan Bilintx eta Elissamburu artean: alegia, Bilintxek gutxi ezagutzen zituala izadiaren bizitza ta kanpoaren gora-berak, ta Elissamburuk berriz, asko, ura kalean, Donostin, eta au, berriz, erri txiki batean, Sara-n, jaio ta bizi izanak ziralako.

Bañan arrazoi orrek ez du Soroarentzat ezer balio; Soroa ere Donostiarra izanagatik, izadiaren bizitzari gutxik bezelako jakinduri ta maitasuna agertzen dizka.

Bere maitetasun orren bidez, bere lan au poesiaz jantzi zuan; eta bere jakinduriaren bidez, euskal iztegia aberastu dezaketen itz jator ez-ezagun asko ematen dizkigu. Or daude, adibidez, irugarren jolasean aitatzen dituan sagar klase oiek danak.

Komerietan oi duan antzera, emen ere oso alkar-izketa jator ta bizia erabiltzen du. Ortara asko laguntzen dio, asieratik bukaeraño darabilkin euskal umore jatorrak. Umore onek alako gazi-puntta bat ematen dio liburu guziari. Izan ere, umorerik gabeko berriketarik egiten bai al dakite euskaldunak, euskaldun jatorrak badira beintzat? Beraz, emen ere olaxe bear zuan, eta egiaz olaxe egin du Soroak.

Aldiz-aldizka, nekazaritzari edo bizitzari dagokion esaera zar bat edo beste ere badakar.

Oyetako geyentxuenak aztu xamarrak daude gaur gure artean: “Madalenaz bero, agatara gero”; “legatza Mayatzian txanponian”; “etxia ta obia munduban guztia”: “artuak ereiteko San Markos astia, atzia baño aurria obia”; “San Jorji, artuak eregiteko goizegi; San Markos, ereiñak balegoz”: “aizia buruban ta ibilli munduban”; “mundu onetan bizitzeko, arakiñarekin gosaldu, ixkribabakin bazkaldu ta mandazayekin afaldu”.


Ipuirik ere badago. Ain auzen ere, irakurleak ikusiko duan bezela, paperean Soroak estrañako aldiz jarriak izango dira gaur ere sarri-askotan erriak kontatzen ditun zenbait kontu zar.

Euskera, Gipuzkoako beterrian egiten dan euskera da; edo zeatzago esateko, garai artan Donostiko kalean egiten zan euskera, bere Donostiarkeri guziekin. Gaur ez du iñork olakorik paperean ezartzen, baiñan ez litzake ondo, egilleak jarrita ola dagonik, guk orain pittin bat bada ere aldatzea.

Ain zuzen, Soroa-ren baratza ori ere, ez dago Donostitik urruti; ez dira oiek Goierriko nekazarien kontuak.

Soroa-ren euskal idaz-lanak, iru motakoak izandu ziran: komeriak (ain zuzen ere, berak asiera eman zion gure teatroari), itz-neurtuak (epigrama batez ere, garai artan modan zegoana), eta irugarrena, illunpetatik atera-ta liburuan antolaturik, gaur argitara azaltzen degun alkar-izketa au.

Antonio Zavala







     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org