08. Irudia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Soroa Martzelino »  Barrenean harra »  08. Irudia

Martzelino Soroa. Berrenan Harra

Zortzigarren Irudia

VIII

Braulio bakarrik



Braulio.- Beti gauza bera! Ahal baneza kendu nire barrendik leku haren oroipena. Zorigaiztoko eguna! Eta inork ez daki, inork ezin jakin lezake... Eta halere bihotza urratzen zait, eta barrenak oihu egiten dit, “Hori, zuk egin zenuen... hara!.. Hara aurrean daukazu gizon hura, zure adiskide ona, ostu zeniona...” Jesus!.. Ostu horrenbeste urteko nekearekin irabazi zuen dirua...

Ezer gabe gelditu zen, eta ikusirik bere errukarrizko emazte eta alabatxoa kalearen erdian zirela, gaitz gogor batek heldu zion, eta eritegi... ospitaleko ohe batean, bere emazte eta bihotzeko alabagandik urruti, bakartasun negargarrian... Jaungoikoari kontu eman zion.

Hil zen!.. Eta niregatik hil zen!

Amerikara joan nintzen erraz dirua egiteko ustean... Baina urteak joan, urteak etorri, gogotik lana eginik, meza bat entzuteko denbora gabe, eta halere hemen baino zailago irabazten nuen, eskerrak jateko adina izaten banuen.

Erlijio santuaz ahaztu nintzen, diru gosea nekarren, denbora joan eta ezin aberastu, eta... ordu laurden batean diru pila handiarekin aurkitu nintzen...

Diru pila hark hondatu nau. Handik datoz nire atsekabe guztiak. Zorigaiztoko ordua!.. Jaungoiko maitea!.. Baina nola erregutuko diot Jaungoikoari, bere lege santuaz ahaztuta bizi banaiz. Errukarrizko izaera!





     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org