|
Martzelino Soroa: Ezer ez, eta festa – Toribio Alzagaren bertsioa 1922
EZER EZ, ETA FESTA
Antoxin, potto, kriseilu egiteko lantegi edo denda azalduko da. Atzean, kaletik sarrerako atea. Ezkerretara, lanerako mahaia, lan-tresnaz betea, eta alderdi guzietan antixun, potto, kriseilu, argi-ontzi eta abar zintzilik. Eskuinean, aulki batzuk.
Batixta ari da antoxin bat antolatzen eta garai berean abesten, noizean behin mailuarekin danbateko batzuk emanaz. Xoluerdik abesten laguntzen dio, baina oso barregarri.
Batixta: Festarik behar bada - bego Donostia...
Xoluerdi: Bai, bai-bai.
Batixta: Betikoa du fama - ondo merezia...
Xoluerdi: Bai, bai-bai.
Batixta:
Bestetan ez bezala
hemen gazteria
amaren sabeletik
dator ikasia.
|
Xoluerdi:
Txin tata txinta, txinta
Pru-pru, pru-pru
Reeeee..... txin-ta
Txin, tata, txin-ta txin
Bum!
|
Xoluerdi: E? Ez zegok gu bezalako abeslaririk mutuen etxean ere.
Batixta: Bai; eta halere, beti Xoluerdi.
Xoluerdi: Egia diok, to; beti zapata zaharrak konpontzen.
Batixta: Zapata zaharrak ez direnak ere ekartzen dizkitek hiri.
Xoluerdi: Bai, berri-berriak ekartzen zizkidatek; behin ere ibili gabeak.
Batixta: Ez zekiat ibili gabeak ekartzen dizkiaten, baina konpontzera ekarritako zapata asko herorrek ibiltzen dituala, bai, hori bazekiat.
Xoluerdi: Zuzentzeagatik.
Batixta: Bai bada.
Xoluerdi: Badakik; oker-okerrak ekartzen zizkidatek, eta nire oinetan zuzentzen ditiat. Ez diat oraindik ormarik aurkitu nire oinak bezalakorik.
Batixta: Ezta ere oinetarako, besteren zapatak bezalakorik.
Xoluerdi: Balitekek.
Batixta: Merkeagorik ez behintzat.
Xoluerdi: Usteko duk musu-truk zapatak konpontzen direla...
Batixta: Hik ez behintzat.
Xoluerdi: Ezta inork ere.
Batixta: Hago isilik. Lehengoan ere ederra egin hion Matteo Baxkalondoren alabari: zapatak konpontzeko ekarri, larrua erosteko dirua behar huela esanaz, sei erreal handi atera...
Xoluerdi: Handiak, bai: mutur batetik besterainokoak.
Batixta: Eta azkenean, sei errealak hor nonbait urtu...
Xoluerdi: Hor nonbait, ez...
Batixta: Eta neska gaixoa, ez diru eta ez zapata utzi.
Xoluerdi: Hor nonbait ez; zuekin xaltxa bat egin behar genuela joanda. Azkeneko zibota adinakoak han utzi behar izan nitian.
Batixta: Xoluerdi; hirekin ez zegok gauza onik.
Xoluerdi: Zuen tartean sartuz gero ez behintzat. (Kaximira atzean azaltzen da)
Batixta: Jaxinta Mokoren alaba zetorrek.
Xoluerdi: Jaxinta Mokoren alaba? Beleak ditiagu. (Kaximira sartzen da)
|