II Lehengoak eta Kaximira


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Soroa Martzelino »  Ezer ez eta festa »  II Lehengoak eta Kaximira

Martzelino Soroa: Ezer ez, eta festa – Toribio Alzagaren bertsioa 1922



II Lehengoak eta Kaximira





Xoluerdi gelditzen da burua ezin gordeaz. Batixtak ekiten dio lanari, abestuaz.

Batixta: Festarik behar bada - bego Donostia...

Kaximira: (Kaleko atetik kopeta ilunarekin sartuaz) Egun on.

Batixta: Ongi etorri, panpoxa, arrosaren krabelinik zoragarriena. Zer behar duzu? Argi-ontxi, antoxin, pottoren bat?

Kaximira: Ez; behin ere bere lantokian ez dagoen baten bila etorri naiz.

Xoluerdi: Niregatik ari al zara?

Kaximira: Noski.

Xoluerdi: Jakin ezazu bada, orain sartzea egin dudala hemen; eta ez zait iruditzen lanari asko uztea dela hemen sartu-atera bat egitea.

Kaximira: Bai; lantokian zaudenean ere, lanari baino atze-aurrera doazenei gehiago begiratzen diezu zuk.

Xoluerdi: Adi ezazu: nik hori egiten badut, etxejabeak zein sartu eta zein ateratzen den begiratzeko agindu didalako da.

Kaximira: Gonaduna bada behintzat ez duzu inoren agindurik behar; berari begira lerdea darizula egoteko.

Xoluerdi: Noski! Jaxinta Mokoren alaba edo... (Batixtak Jaxinta Moko entzuten duenean mailuarekin soinu handia ateratzen du, Kaximirak entzun ez dezan)

Kaximira: Adi ezazu: polikitxo hitz horiekin, nire amak ez du horrelako izenik; nire ama, andre Jaxinta deitzen da.

Xoluerdi: Ni ere ez naiz Xoluerdi deitzen baina...

Kaximira: Beste batean kontuz ibiliko zara bada, nire aurrean horrelakorik aitatu gabe, alproja txarra, ez besterena.

Xoluerdi: Hori ere aditu behar.

Kaximira: Orain, beste gauza bat.

Xoluerdi: Lehengoa baino hobea izango ahal da.

Kaximira: Ez dakit; zuk igarriko diozu.

Xoluerdi: Ea bada.

Kaximira: Guri usoa falta zaigu.

Xoluerdi: Eta, zer nahi duzu? Larruzkoa egitea? Hara, Batixtak egin liezazuke polit bat.

Batixta: Bera bezain polita ez baina...

Kaximira: Berriketa gutxi; guri usoa falta zaigu, eta zure usategian, zure ganbaran edukiko duzu.

Xoluerdi: Zer eduki behar dut!

Kaximira: Alferrik ukatuko didazu.

Xoluerdi: Ez dela egia.

Kaximira: Lehen ere ez zenuen zuk gure usorik edukiko.

Xoluerdi: Eduki... eduki...

Kaximira: Eduki, bai, eduki.

Xoluerdi: Etorri zen eta, han egon zen, niri nahikoa kalte eginik.

Kaximira: Ez zenuen asmo horretan gorde.

Xoluerdi: Nire bizkar han mantendu zen. Lana nahikoa izan nuen hura mantentzen. A zer gosea ekarri zuen!

Kaximira: Noski. Zure etxean mantenua gurean ez bezalakoa izango da-eta.

Xoluerdi: Usoentzat bai. Geuroni goseak egongo bagara ere, gure usoentzat plazan agertzen diren jakirik ederrenak.

Kaximira: Gezur-zulo!

Xoluerdi: Hamaika mokadu goxo janda eraman zenidaten beste uso hura. Guziak ezagun zituen!

Kaximira: Zaude isilik, ahozabal hori.

Xoluerdi: Gainera, mantentzea asko ez zela, egunero usaindun urarekin garbitu, atxaparrak ere arrautza gorringoarekin diz-diz egiten zutela jarri, eta gainera... moko... (Batixtak moko entzutean mailuarekin soinu handia aterako du, Kaximirak entzun ez dezan, Xoluerdi pixka batean isilduko da, eta gero hasiko da berriz) Esan bezala, gainera... moko... (Batixtak berriz ere soinua ateratzen du) Aizak, hi: Aiuntamentuan gaudela uste al duk?

Batixta: Zer esaten duan ez al haiz konturatzen? (Kaximirari begi-aldiak boteaz)

Xoluerdi: Zer esan diat bada?... moko...

Batixta: Bai bada, uste ez duala moko... (Ahoa eskuarekin gorde, eta soinua ateratzen du Batixtak)

Xoluerdi: Esan nahi nian moko guzia kol-krean -ekin igurzten niola. Zer dik bada moko esateak!

Kaximira: Begira, begira; nahikoa moko entzun dugu, eta ez naiz ni horretara etorri.

Xoluerdi: Ez; zu etorri zara ea nik, guri-guri eginda, beste usoren bat ematen ote dizudan. Horrela, nik mantenduta, zure amari dituen usoak merke aterako litzaizkioke.

Kaximira: Ez dituenak merkeago.

Xoluerdi: Zer uste duzu, zuen usoentzat ostatua jarri dudala nik?

Kaximira: Ez niri berriketekin etorri. Atzo goiza ezkero ez da azaldu, eta ederrenetako bat da.

Xoluerdi: Ederra da, bai, niri kontu horiekin etortzea.

Kaximira: Alferrik zabiltza; ez naiz ni horrela geldituko.

Xoluerdi: Niregatik geldi zaitez nahi duzun bezala.

Kaximira: Eta onean nahi ez baduzu, aitortu beharko duzu alkatearen aurrean.

Xoluerdi: Alkatearen aurrean? Ezta atzean ere.

Kaximira: Ez da aski zuk nahi ez izatea.

Xoluerdi: Emakumea, ia zoratu nauzu zure usoarekin. Utz nazazu bakean.

Kaximira: Eta bereak handiagoak. Hauxe da jarri digun festa.

Batixta: (Abestuaz eta lanean jarraituaz) Festarik behar bada - bego Donostia...

Xoluerdi: Zer uste duzu, zuen usoei kontu hartzeko nagoela ni?

Kaximira: Kontu hartzeko, ez; baina ahal duzun guzian harrapatzeko bai.

Xoluerdi: Nor naizela uste duzu zuk?

Kaximira: Zu? Alproja lotsagabe bat.

Batixta: (Lanean, abestuaz) Betikoa du fama - ondo merezia.

Xoluerdi: Ez dizut ostiko bat ematen, zapaten muturrak ez zikintzeagatik.

Kaximira: Zuk, niri? Ja, jai! Ez duzu gutxi uste. Horretarakoxe dago nire amaren alaba. Zer uste duzu zuk, arlote, makarroxo, ezkailu horrek?

Xoluerdi: Zaude isilik.

Kaximira: Zuregatik? Alajaina! Ez ditugu aditzeko guziak aditu. Zuk isildu behar duzu, zuk, petral, likiskeria, inguma horrek. Honelakorik ez da inon ikusi eta entzun ere.

Batixta: (Lanean, abestuaz) Bestetan ez bezala - hemen gazteria...

Xoluerdi: Entzun dituzu bada, eta utz nazazu bakean.

Kaximira: Nondik atera da honelako krabarroka hau, nondik?

Batixta: (Lanean, abestuaz) Amaren sabeletik - dator ikasia.

Xoluerdi: Ez dizut hitzik ere gehiago esango, alferrik da-eta.

Kaximira: Alkatearen aurrean esango dizkidazu, alkatearen aurrean. Ikusiko dugu hemen bezain fanfarroi han hitz egiten duzun. (Atzeko atera joaten da, eta Xoluerdik jarraitzen dio; baina Kaximira bihurtzen da, eta Xoluerdik itzuri egiten du) Alferrik ibiliko zara, ez zaitut utziko gure usoa bihurtu arte. (Joaten da)











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org