|
Martzelino Soroa: Ezer ez, eta festa – Toribio Alzagaren bertsioa 1922
Batixta: (Lanean, abestuaz) Bestetan ez bezala - hemen gazteria - amaren sabeletik - dator ikasia. Hori da: ikasia. Nik eltze-tapak, txantxilak eta antoxinak egiten bezala. Goizean goizetik ez dut gero lan gutxi egin. (Mailuarekin danbateko gogorrak emanaz)
Juxto: (Azaltzen da Juxto eta atetik oihu egiten du) Herri! Horrenbeste danbatekorekin izerdituko haiz goizetik.
Batixta: Arratsaldeko ordainak dituk hauek.
Juxto: (Aurreratuaz) A! Beraz arratsaldean...
Batixta: (Abestuaz) Festarik behar bada - bego Donostia...
Juxto: Ederki, ederki!
Batixta: Zer dugu? Bagabiltza?
Juxto: Bai, mutil. Arrandegian izan nauk, eta erosi ditiat sei kraba, baina nolakoak berak...!
Batixta: Bai, e?
Juxto: Honelakoak. (Behatz-punta bilduak ahora eramanaz)
Batixta: Arrayia, arrayia!
Juxto: Arrayia, ez: arraina, arraina.
Batixta: Bai, bai. (Pottoa indartsu joaz)
Juxto: Baina, zergatik jotzen duk hori? Horrek ez dik zerikusirik.
Batixta: Hala duk. Eta, non dituk bada krabak?
Juxto: Arrandegian. Axentxi Trinpollas-i utzi zizkioat pagatuta, gero neskatxaren bat bila bidaliko dudala esanaz.
Batixta: Beraz, pagatuta, e?
Juxto: Bai; ekarri besterik ez dela. Ikusiko bahu zer mokadu goxoa...!
Batixta: A! (Pottoa indarrez joaz)
Juxto: Baina, etzakela horrengatik pottoa jo!
Batixta: Gaurko nire arratsaldeko gutizia horiexek zituan: krabak...
Juxto: Krabak beraz, e? Nik jango ditiat bada.
Batixta: Bai: krabak eta usoa zituan nire gutizia.
Juxto: Usoa ere bai? Mutil, usoak airean ibiltzen dituk.
Batixta: Ganbara-zuloan ez daudenean, bai.
Juxto: Hara, hara: hik ehizen bat begiz joa daukak.
Batixta: Nik jo? Mutil, nik ez diat jotzen pottoak besterik.
Juxto: Ez zekiat ba, ez zekiat ba...
Batixta: Zer jakin behar duk, ezer ez bada?
Juxto: Orduan banoak, lan pixka bat egiten ote dudan.
Batixta: Ez al haiz oraindik aberastu?
Juxto: Hi bezala. Bien artean zerbait izango diagu.
Batixta: Bai: sei kraba, eta ederrak gero.
Juxto: Niretzat ordea. (Atera joan eta handik barre eta iseka eginaz) Batixta! Niretzat! (Joaten da)
Batixta: Hiretzat? Ez ote zaizkik kontrako eztarrira joango? Eztarri honetara? Ikusiko diagu.
|