VIII Martzelo eta Batixta


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Soroa Martzelino »  Ezer ez eta festa »  VIII Martzelo eta Batixta

Martzelino Soroa: Ezer ez, eta festa – Toribio Alzagaren bertsioa 1922



VIII Martzelo eta Batixta





Batixta: (Ateetan azalduaz) Ohitu bezala, Xoluerdi orain ere lantokitik alde egina. Baso erdiren bat hustera. Han utzi ditut krabak, txoko batean gorde-gorde eginda. (Sartuaz) Oi! Zer egin ote du Martzelo jaunak? Galdu egin ote da? (Begiratzen du alde guzietara. Azkenean ikusten du) Zer dabil hor? zilarrezko zerbait bilatzen ote duen?

Martzelo: Ez; zerbait jaki gordeta ote zeneukan begiratzen nuen. Badakizue zuek txokoetan gordetzen.

Batixta: Hemen ez; Xoluerdiren lantokian gordetzen ditugu orain.

Martzelo: A! Banekien nik zerbait!

Batixta: (Orain Mokoren usoa... Badakit Xoluerdik ganbaran gordea edukiko duela. Bere arrebari eskatuko diot. Jaxinta Mokoren alaba izan dela, eta anaiak emateko agindu duela. -Emateko horretan xamurra izanda...- Baina, hala esango diot).

Martzelo: Ai, Batixta, Batixta, zer lasai bizi zaren!

Batixta: Ez daki ondo zer buruhausteak darabiltzadan orain bertan ere. (Ematen badit usoa, ezin eramango dut ordea Xoluerdiren lantokira. Nora, bada?).

Martzelo: Zure osasuna izanez gero, buruhauste horiek erraz eraman litezkeenak dira.

Batixta: Berorrek eramanari besterik ez dio begiratzen, Niri, ekartzeak lanak ematen dizkit, ekartzeak. (Hona ekarriko dut; ez du honek ezer ere igarriko eta).

Martzelo: Dela eraman, dela ekarri, zure azkartasunarekin erraz egingo duzu.

Batixta: Hala uste al du?

Martzelo: Bai, bada.

Batixta: Saiatuko naiz bada. Beste pixka bat itxoingo du, e?

Martzelo: Berriz?

Batixta: Bai, berehala hemen naiz. (Joaten da)











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org