6. irudia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Soroa Martzelino »  Gorgonioren estuasunak »  6. irudia

Martzelino Soroa. Gorgonioren estuasunak

Seigarren Irudia

VI

Gorgonio (Bakarrik)

(Sebastianekin hizketan ari balitz bezala.) Nola jendea erruz zen, ikusi ditugu istilu gogorrak bulkaka eta elkarren gainka ito beharrean gure lekuetan etzan arte. Beso azpian neraman guardasola, ikusten duzun bezala, eta… Eta, joan da! (Alde guztietara begiraturik) Ikusiko litzateke! Hau jende desegokia! Batek, (Marzianoren antzean) “aditu diot dozena bat bider.” Besteak, (Sebastianen antzean) “aditu diot berrogei aldiz ere.” Eta alde egin eta uzten naute ahoa zabalik. Inork ez du nahi nirekin hitz egin? Nik hitz egin behar dut, bada, norbaitekin. Eta hitz egingo dut. Horra. (Guardasola jartzen du silla baten gainean eta handik zintzilik ateratzen duen txaketa eta berriz honen gainean, txapela edo boina, bera eseririk aurrean.) Horra bada; jakin behar duzu gaur goizean Zumarragatik atera naizela nire guardasola beso azpian nuela, fardeltxoa esku batean, eta gazta guri bat bestean, behi bat Tolosako ferian erosteko asmotan, zergatik lehengo behia antzu edo lehor gelditu den eta ni beste baten beharrean. Hala bada, kontu handiarekin eta zapi tartean bil-bil eginda nekartzan ontzatxoak harturik, hain ederrak ziren! Nire semeak baziren bezala maite nituen nire bihotzeko kuttun haiek, eta lehenbiziko etxetik egiten zuten ateraldian ez ihes egitegatik, korapiloz ondo-ondo loturik, sartu naiz, esan dizudan bezala, Zumarragako burdinbidean. Honela da gustura hitz egitea! Jarik ere ez du esaten eta ez du hitz biderik galarazten. Aditu eta ahoa josi. Datozela orain haiek beren “aditu diot dozena bat bider” eta “aditu diot berrogei aldiz ere”rekin. Goazen bada aurrera. Ez, ez, ez mugitu. Esan nahi dut, goazela gure kontuarekin aurrera. Jendea eltxoa bezala zen. Bulka batzuk eta bulka besteak: ez da hainbeste labezomorro udaran sortu. Jarri ginen elkarren gainka itotzeko zorian ta, fiiiiii eta fuuuu, bunbulu-banbala, aurkitu ginen Tolosan. Altxatzerakoan, fardeleko arrautzak ez ziren arrautzak, haiek ere trenak bezala aurreratu zuten eta zartaginean jarri gabe gertatu zen tortilla. Gaztak ere, ez gutxiago izateagatik eta alferkerian egon gabe, zabalera handi bat hartu zuen eta zabaltasun eta mehetasunean iduri zuen familiako talo bat. Eta nire urre xahar zoragarriak zertan bihurtu ote dira? Kolorerik ere ez zait gelditu; baina gaizki esan dut. Arrautzatik tortilla egiterakoan, urre kolorea nire galtzetan gelditu da. Hara, hara. (Erakutsirik) Bai, bai barre egin ezazu, ez da gauza gutxiagoko, barre egin, barre egin.











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org