03. Irudia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Soroa Martzelino »  Hauek istiluak »  03. Irudia

Martzelino Soroa. Hauek istiluak

Hirugarren Irudia

III

Manuel eta Juan



Juan.- Deitzen al dit, jauna?

Manuel.- Deitu diat hogei bider.

Juan.- Eta beste hainbeste bider erantzun diot.

Manuel.- Bai, baina ez haiz etorri berehala.

Juan.- Badaki…?

Manuel.- Ez, ez zakiat.

Juan.- Ez; nik esan gabe ez du jakingo.

Manuel.- Horrengatik bada. Zertako esaten duk “badaki”?

Juan.- Horra, bada. Nire lagun bat aurkitu dut etxe honetan eta, nagusiaren ilobarekin ezkondua dago eta, sagardo ederra eskaini dit eta, aspaldian elkar ikusi ez genuen eta…

Manuel.- Eta, eta, eta, eta, eta. Aurrera.

Juan.- Nora?

Manuel.- Aurrera.

Juan.- Nora aurrera?

Manuel.- Kontatzeko kontatu behar duana.

Juan.- A! Nik uste nuen aurrera joateko esaten zidala. Bada horrelako sagardoa eskaini eta nola ukatu bati?

Manuel.- Ezta biri ere.

Juan.- Ezta hiruri ere (indarrarekin). Upeleko sagardo txarrik ez omen da hemen eta, zer egin? botilako sagardo ona edan. Zer erremedio?

Manuel.- Ez hago hi upela txarra! Eta goizetik sagardoa edaten hasi?

Juan.- Je, je! Ahal denean, jauna, ahal denean. Arratsaldean hobe, baina ez beza horrengatik kezkarik izan. Arratsaldean, ahal badut, edango dut.

Manuel.- Bai, sinisten diat. Ez duk bi aldiz esan beharrik. Ez al dakik joan behar dudala?

Juan.- Hona, bada, Juan. Zer behar du?

Manuel.- Ez zaukaat barre egiteko gogorik.

Juan.- Ez beza negarrik behinik behin egin.

Manuel.- Banoak.

Juan.- Orain?

Manuel.- Bai, orain. Zergatik harritzen haiz?

Juan.- Nola esan zidan bihar edo etzi zihoala…

Manuel.- Beste asmo bat hartu diat.

Juan.- Beti hori egiten du.

Manuel.- Zer?

Juan.- Mudatu, haizea bezala.

Manuel.- Eguraldi ona zagok eta ez diat galdu behar.

Juan.- Bero egingo du, jauna. Hobe luke joan bihar goizean goiz freskurarekin.

Manuel.- Ez diat denbora gehiago pasa nahi osaba ikusi gabe. Jarri al duk fardela?

Juan.- Bai, jauna, jarria dago berorrek esan zidanetik.

Manuel.- Nik pasako ditiat kanpoan hamar edo hamabi egun.

Juan.- Horrenbeste?

Manuel.- Bai.

Juan.- Eta zertako ez nau ni berorrekin eramaten?

Manuel.- Ez; hik hemen egon behar duk.

Juan.- A jauna! Iruditzen zait geroago eta nire behar gutxiago duela.

Manuel.- Zer esaten duk? Ez duk txantxetan ere aitatu behar horrelako gauzarik. Bazekiat bihotz onekoa eta leiala haizela, hire antzea alaia, eta ez nindukek aurkituko hi gabe.

Juan.- Hori bera gertatzen zait niri. Ez nintzateke jarriko beste nagusi bati.

Manuel.- Eskerrik asko, Juanito.

Juan.- Baina berorren osaba hori ez dut nik ezagutzen eta ezagutu nahi nuke.

Manuel.- Ezagutuko duk hurrengo batean.

Juan.- Eta berori gabe egon behar dut horrenbeste egunean?

Manuel.- Bai, eta arrazoia esango diat. Paperez beteta dauden kofre horiei ondo kontu hartu behar diek, zergatik niretzat diruz beteak baleude baino gehiago balio duten.

Juan.- Euskara berritzeko seta horrekin buru guztia nahastu behar du.

Manuel.- Zer nahi duk gauza ederragorik bularrekin edoski dugun hizkuntza maitagarri honen aztarnak sustraitik ezagutzea baino?

Juan.- Baina zertako estutzen da horrenbeste? Berorrek nahi ditu paper zaharrak.

Manuel.- Bai, eta hik txotx berriak.

Juan.- Je, je! baleude… (Eztarriari eraginez eta ezpainak esku gainarekin bi bider igurtziaz).

Manuel.- Ezagun duk ez duala sentitzen gozotasun hau.

Juan.- Sagardoaren gozotasuna? Bai, jauna, bai.

Manuel.- Gozotasun hura.

Juan.- Ura ez, sagardoarena.

Manuel.- Gure amak sehaskatxoan laztan gozoekin nahastuan esaten zizkigun hitz ezti haiek nahi dituk ahaztu?

Juan.- Ez, jauna, ez; baina beti paper tartean dabil eta zenbat eta zaharrago nahiago…

Manuel.- Ez al dakik hautsarekin estalia egoten den sua ez bada noizik behin mugitzen nola itzaltzen den?

Juan.- Baina…

Manuel.- Gaineko zakarra kendu eta emanez gero ikatz ona, ez al du indarrik hartuko?

Juan.- Bai…

Manuel.- Horra bada.

Juan.- Hona etorriz gero bildu ditu lau kofre paper zahar eta horrela bagoaz ez ditugu eramateko aski izango Donostiako zaldi zuri guztiak.

Manuel.- Hago isilik.

Juan.- Paper bankukoak balira…

Manuel.- Mutil, ez dirudik euskaldun bertsolaria. Ekarzak fardela, eta mendi-makila ere bai.

Juan.- Berehala, jauna.





     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org