07. Irudia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Soroa Martzelino »  Hauek istiluak »  07. Irudia

Martzelino Soroa. Hauek istiluak

Zazpigarren Irudia

VII

Juan eta Alejandro



Alejandro.- Zer ari haiz, Juanito?

Juan.- Ez duala asmatzen?

Alejandro.- Andregaiaren dotean pentsatzen?

Juan.- Mutil, nagusiaren liburuak eramaten dituanetik ez duk dirutan besterik pentsatzen. Gitarra jotzeko asmotan nengoan.

Alejandro.- Aspaldian ez diat aditu. Ez al zaik ahaztu oraindik?

Juan.- Ez, Alejandro, ez.

Alejandro.- Jo ezak, bada, gitarra eta kanta ezak zerbait.

Juan.- Hara bada. (Gitarra hartzen du). Lastima! Prima falta dik. Prima! Nagusiak adituko balu esango lidake ez dela “prima” esaten euskaraz; lehengusua.

Alejandro.- Ja, ja, ja, ja!

Juan.- Saiatuko nauk. (Kantari)

Ez orain, Alejandro,
berriketan ari,
egonikan keinuka
beti diruari.
Irabazi dirua
nahi baduk ugari
horretarako behar duk
izan…


Alejandro.- Zer? zer?

Juan.- izan pilotari.

Jai-alai gora-behera
Jai-alai duk hemen,
Jai-alai erdaldunek
baditek Madrilen.
Alde guztietan duk
Jai-alai zabaltzen,
pilotan ikastera
goazemak lehenbailehen.


Biak.- (Kantari) Jai-alai gora-behera, etab.

Alejandro.- Ez duk gezurra, ez. Gaurko egunean dirua irabazteko ez duk ofizio txarra pilotari izatea.

Juan.- Ez; baina gure hezurrak honezkero gogorrak zaudek horretarako.

Alejandro.- Bai, hori. Eta non duk nagusia?

Juan.- Itzul egin zidak soldatarik pagatu gabe.

Alejandro.- Hiri zer axola zaik? Honezkero poltsa ederra egina izan behar duk.

Juan.- Bai. Badiat Donostian etxe bat, teilatuak, paretak, ateak eta beheak emanez gero palazio bat bezala geldituko litzatekeena.

Alejandro.- Baina egiatan atera duk?

Juan.- Etxea?

Alejandro.- Ez, nagusia.

Juan.- Bai; osaba bat ikustera joan duk eta hemen nagok dozena bat eguneko zer egin jakin gabe.

Alejandro.- Horrenbeste denborako?

Juan.- Bai; nik berarekin joan nahi nian baina… ez zagok.

Alejandro.- Mutil, ez dezaala damurik izan. Oraingo kotxean etorri duk jaun bat eta galdetu zidak aurkituko lukeen hemen laguntzaile bat, besterik ez bada zortzi eguneko, lehen zuena bere etxera egun batzuetako joan zaiola eta…

Juan.- Zortzi eguneko bakarrik?

Alejandro.- Bai, eta ondo pagatuko duela.

Juan.- Ez duk gaizki esana: konpontzen bagara… Zenbat ematen du?

Alejandro.- Hori ez zakiat, baina… deituko zioat.





     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org