15. Irudia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Soroa Martzelino »  Hauek istiluak »  15. Irudia

Martzelino Soroa. Hauek istiluak

Hamabosgarren Irudia

XV

Juan (On Liborio eta Manuel barrendik)



Juan.- (Joaten da nagusi Manuelen gelako atera atze aldean gorderik On Liborioren lebita). Zer nahi du, jauna?

Manuel.- Garbi ezak hau. (Atetik emanik amerikana).

Juan.- Bai, jauna. Bi arropa batean eskuilatzeko. Hauek istiluak! (Eskuilatzen hasten da presaka lebita). Baina zer axola zait? Bat bizia denean ni bezala… Zertako etorri ote da nagusia horren agudo? Bake-bakean nagusi berriarekin pasako nituen zortzi egun hauek eta horra! zapla! nire nagusi zaharra agertu. Nahi dut esan, lehengoa, zergatik zaharra ez da; gaztea da; nagusi berria da zaharra, zaharra ez da berria, berria ez da gaztea, gaztea da zaharra… A zer korapiloa zaharra eta gaztearekin.

Liborio.- (Deika) Juan.

Juan.- Banoa, jauna. (Hasten da joaten lebitarekin On Liborioren gelara eta deitzen du Manuelek).

Manuel.- Juanito.

Juan.- Orain bestea. Eta bere arropa garbitu gabe. (Presaka utzi lebita eta hasten da garbitzen amerikana). Hauek istiluak!

Liborio.- (Deika) Juan.

Juan.- Bai, jauna, bai. (Doa On Liborioren gela aldera).

Manuel.- Juanito.

Juan.- Banoa, jauna. (Doa Manuelen gela aldera lebita eta amerikanarekin. Batera eta bestera dabil eta gero esaten du). Hau bai dela ibiltzea buleetan bezala, edo (Kantari) Ala-kinkirrinera, ala-zamurrera, jira hadi beste aldera, Juanito plaza berriko. (Buelta ematen du).

Liborio.- Juan, Juan (Deika).

Juan.- Jauna! Har beza. (Lebita ezkutatzen du atze aldean eta ematen dio amerikana atetik).

Manuel.- (Deika) Juanito.

Juan.- Baita, banator, banator. Tira, har beza. (Atetik emanik On Liborioren lebita). Hauek istiluak! Eskerrak mutil bizia naizela, bestela, xahutzen naute. Baina nola biei batean laguntzen segitu? Nagusi berria utzi egin beharko dut. Utzi! Baina hain nagusi ona da! Eskaini dizkit bederatzi erreal eguneko eta hasieran eman dit propinatxoa… Gutxiago utziko dut bada beste nagusia: hura da niretzat aurrena. Lagun bat bezala nauka eta nik egiten diodan guztia ontzat hartzen du. Gainera zor dizkit soldata batzuk eta bere alde egon behar dut. Beste nagusiak, berriz, egun gutxiko behar du nire laguntza…





     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org