16. Irudia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Soroa Martzelino »  Hauek istiluak »  16. Irudia

Martzelino Soroa. Hauek istiluak

Hamaseigarren Irudia

XVI

Juan eta On Liborio (amerikana jantzita)



Liborio.- Juan.

Juan.- Zer nahi du? Salda?

Liborio.- Zer salda?

Juan.- Azarena?

Liborio.- Ezta porruarena ere. Zer da hau? (Amerikanarengatik) Non duzu nire lebita?

Juan.- (Ai! Trukatu egin ditiat arropak. Hauek istiluak!)

Liborio.- Gortu egin al zara? Ez al duzu aditzen?

Juan.- Aditzen dut, jauna. Berorren lebita… berorren lebita… ez al da hori?

Liborio.- Hau? Moztu egin al duzu, bada?

Juan.- A! Ez, jauna, ez… baina, badaki? Bai… nola bero dagoen, e? Badaki bero handiarekin nola arboletako hostoak ihartzen diren, e? eta hori; beroarekin lebitaren beheko aldeak ihartu egingo ziren.

Liborio.- Ez daukat nik txantxetako gogorik. Arropa hau ez da nirea.

Juan.- Egia, jauna. Orain konturatzen naiz. Ez da hori berorrena, ez jauna.

Liborio.- Zeinena da, bada?

Juan.- Zeinena, e? (Hauek istiluak!) Berorrek jakin nahi du zeinena den, e?

Liborio.- Ez al dizut bada euskaraz, garbi esaten?

Juan.- Bai, jauna, bai. Euskaraz oso garbi eta txukun eta ederki hitz egiten du. Zer gizon ona den berori!

Liborio.- Ez nauzu txurikatuko horrekin. Zeinena den arropa, jantzi edo soin hau galdetzen dizut.

Juan.- Bai, jauna, bai. Je, je! Zeinena den. Hori. Berorrek zeinena den jakin nahi du… bai, bai, arrazoia du. Berorrek galdera onak egiten ditu beti.

Liborio.- Esango duzu edo ez?

Juan.- Esan? Bai, jauna, bai, berorri esango ez diot bada? Halako propina ederra eman eta gero…! Gizon prestua da berori, bai, beti esango dut.

Liborio.- Baina…

Juan.- (Zer esango ote diot!) Bada… zeinena den arropa hori?… A bai! nire lagunaren nagusiarena. Horra. Mesedez eskatu dit garbitzeko eta… lagun artean, badaki, gaur niregatik eta bihar zuregatik…

Liborio.- Tori, bada. (Amerikana erantzita).

Juan.- Uste gabean trukatu egin dut.

Liborio.- Eta nire lebita?

Juan.- Berorren lebita? (Bestea etortzen bada, a zer istiluak!) Hobe du sartu koartoan.

Liborio.- Baina nire lebita…

Juan.- Ekarriko diot berehala. Bihoa, bihoa.

Liborio.- Ekar iezadazu, bada, lehenbailehen. (Joaten da).

Juan.- Bai, jauna, bai.





     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org