|
Martzelino Soroa. Urrutiko Intxaurrak
Lehenengo Egintza
Iruditegiak aurkeztatzen du baserri on bateko sukaldea
Lehenbiziko Irudia
I
Pillipe bakarrik saski baten aurrean eserita aulkitxo batean, artaburuak aletzen eta kantari. Aldamenean aitzurra, laia, igitaia eta beste lantzeko gauza beharrak.
Pillipe.-
Txanton Piperri hemen dago,
Limosna on bat balego
Kanta behar dot baldin ahal badot.
Neure sabelen gosia
Erruki dedin jendea.
Lekeitioko kalian etab. etab. |
Batera eta bestera gaur dantzatzen da ederki etxe honetan jendea. Egia da. Bazkaria ere behin ere ez bezalakoa behar dela eta aldameneko andre Pantxika ari da maneatzen esne-arrozarekin eta guzti. Eta nola ez? Aurki da hemen hamaiketako kotxean gure Prenando, Ameriketako Burdinaz saihetsetatik, eta zer gutxiago egingo zaio hamar urteren buruan aldi haietan bizitu denari? Buenos Airesen diotenez. Haize honetan. Haize onak! Baina halere, orain dela hiru urte fulmoni gogor bat harrapatu zuen eta hezurrak han utzi ez zituenean… Ez dira ere, noski, han haize guztiak onak. Orain balitz bezalaxe oroitzen naiz nola joan zen. Hamahiru urteko mutil koxkor bat nintzen orduan eta, zer pena eman zidan gure etxeko amandre gaixoak! Azkeneko adioa ezin esanik, nahigabe batek eman zion, korderik gabe erori zen eta gajoa!, mutua gelditu zen. Hasiera ona eman zuen Prenandok Ameriketako. Ama tristeak egun guztia pasatzen du bere semearen erretratuari begira, erregutzen Ama Birjinari bihurtzeko osasunarekin hona. Berak ezin esan du baina hala aditzera ematen du. (Altxatzen da) Nola etorriko ote da? Nik uste dut On Lorentzo bezala. Masail gorri zabalekin, lepo motza, tripa handia eta majo jantzita. Horratik ere hark diru puska bat sortu omen zuen, baina ez zuen egun onik pasatzen. Egun batean minez eta bestean ere bai, hango diru egiteko grina handiarekin makaldurik gelditu zen! Zer den mundua! Ahal lezakeenak jan ezin jan, eta nik, jango nukeena kanpandorrea, modurik ez. Gezurra dirudi hamar urte pasa direla Prenando joan zenetik! Nola doan denbora! Gure erretore honek esaten diona alkate jaunari: “esta vira es soflo”. Eta denborak denborarekin dena dakar berekin… Esaten dut, bada, nik ere jira bat egin behar nukeela Montevideoko bazterrera. Hemen batek ez du ezer aurreratzen. Goiz jaiki, egunsentia baino lehen, ganaduari jaten eman, behiak jetzi, laian aritu lehertu arte eta… beti morroi. Nahikoa baba, taloa eta esne jaten dugu, baina aste guztian ardo zuria besterik probatzen ez dugu, eta beltz nafar eta Errioxako gorri hori hain tentagarriak dira… eta eskerrak jaietan bezpera ondoan alderatzen zaizkigunean gure zintzurrera… bestela? berriz ardo zuria. Gaizki esan dut: pitarra ere badugu. Hori bai. Baina ni morroi bezala, beti pitar gelditzen da. Ez da sekulan sagardora ailegatzen. Soldadu balitz ez litzateke behin ere agintari izango. Haize horiek probatzera joan behar dut, bada. Nire saioa han egin arte ez daukat baketasunik. Ez horrelako astakeriarik egiteko esaten dit Mainttonik malkoa dariola: baina nik ere maite izan arren, gustatuko zaio gaur edo bihar ni agertzea besteak bezala majoturik, eta han naizen bitartean ez naiz ahaztuko hartaz eta ez dut uste bera ere nitaz! Baldin eroriko balitzait errifa hau! Non ote dut txartela? (Bila.) Hauxe duk lana. A! Hona, hona. Beldur nintzen, bada, bi erreal handi pagatuta… (Irakurtzen.) “ripa de kurbietos de flata”. Norbait da atean… gure aiton Josepe.
|