2. 03. Irudia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Soroa Martzelino »  Urrutiko intxaurrak »  2. 03. Irudia

Martzelino Soroa. Urrutiko Intxaurrak

Hirugarren Irudia.

III

Pillipe bakarrik.



Pillipe.- Mahaia jartzen has gaitezen bitartean, honezkero zintzilik daude hamabiak eta. (Hitz egiten duen artean mahai-zapia eta beste gauza guztiak jartzen ditu.) Amandrearen desioa hauxe izan da. Lehen Prenandok azkeneko jan zuen leku berean mahaia jartzekoa. Hamar urte hauetan egunero jarri zaizkio plater, kutxara, baso eta guztiak, bera egoten zen lekuan, hemen balego bezalaxe. Gaixoa! Hitz egin ahal baleza! Eta zer majo etorri den Prenando! Kate handi ederra! Behatzordeko dizdizariak eta kipi-kapa! Horrela etorriko banintz ni! Zer tximista! Alkate jaunak esango du nahi duena, baina nik Prenandoren gorabeherak jakin arte, ez naiz atzeratzen. Askok esaten dute eta egia da, gaizki egiten dutela Ameriketara joaten direnek beren gurasoak utzirik behar-beharrenean eta laguntzeko sasoirik onenean, baina horretan ez dut nik zer ikusirik, zergatik nola gurasorik ez dudan, erdaraz esaten den bezala “yo no tengue parde ni marde ni pero ke me larde.” Halere, erlijioa galtzen den hori egia baldin bada, horixe da okerrena… Baina Prenandok zenbat diru ekarri ote du? Gutxienaz… gutxienaz… lau… sei… zortzi… hamalau… hogei… bai… gutxienaz… dozena pare bat ontzako ekarriko zituen.

(Leihotik begira.)

Hemen dator falta zena! Kaitano Hitzontzi. Zer hitzontzi? Hitz iturri edo hitz-jario, zergatik hizketan hasten denean, ez daki noiz gelditu. Gizon ona eta prestua da burutik oinetaraino, eta eskolatua, baina mundu honetan noski guztiek zerbait falta izan behar, eta Kaitanok du bat ez txiki-txikia ere. Hitza dario alde guztietatik. Halere, ondo begiratuz gero, ez da hori falta, baizik sobra. Beti umore onarekin barre kontuak sortzen ditu. Horrengatik ere, noizik behin serio hasten denean, ahoa zabalik edukitzen gaitu. Hemen da bera.





     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org