euskaraz.net
Igeldo - Igara

ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Itinerarios naturísticos por San Sebastián »  Igeldo - Igara

2. Igeldo - Igara

Fitxa teknikoa

Luzera: 5.500 m.
Denbora: Ordu bat eta 15 minutu
Zailtasuna: Tartekoa.

Interesa
Paisaiaren aldetik: Handia
Geologiaren aldetik: Tartekoa
Botanikaren aldetik: Handia
Faunaren aldetik: Tartekoa

Urte garaia
Edozein.

Oharrak
Oso alderdi lasaia da, eta urbazterreko landare asko ikusteko modua ematen diguna. Ondo kasu egin beharrekoa da urbazterreko landaredia; errekei bere onean eusten laguntzeko, ertzak finkatzeko eta animalia askoren bizileku delako.

Abiapuntua
Igeldoko kanpina. Iturrieta plaza pasa eta berehalaxe dago. Autobusak Iturrieta plazan utziko gaitu.


1. Bidean aurrera hasi eta laster, Murgilgo bidea dago, ezkerretara. Hara abiatu behar dugu. Eukaliptoak, platanondoak, gereziondoak, haritzak, lizarrak, ote zuriak... ikusiko ditugu.Toki malkarretan, berriz, laharra eta txilarra.

2. Ibar bat ikusten da, bertako landarea berriz aterata sortutako zuhaizti txiki bat daukana.

3. Ezkerreko bidea hartu behar dugu. Eskuinekotik Arratzain eta Usurbil aldera joaten da.

4. Murgil baserria . Aurrena sagasti bat dago, eta ezkerreko aldean haritzak eta beste hostozabal batzuk dituen zuhaiztia. Handik aurrerago, erreka txiki bat, toki itzala eta hezea gustatzen zaien landare ugari dituena inguruan, esate baterako: orein-belarra, suge-belarra, asuna, udaberri lorea, endalaharra, ezkerte zuria".
5. Hurrengo bidegurutzean ere ezkerreko bidea hartu behar dugu, handik joaten da-eta Igarara. Eskuinetara tenis klub bat utziko dugu, baina errekari segituko diogu. Pixka bat begiratuz gero, uretako animalia franko ikusiko dugu: burruntzi edo sorgin-orratza esaten zaiona, zapataria... eta baita hegaztiren bat ere: buztanikara horia, konparazio baterako.

6. Igarako bideari eutsi behar diogu, eskuinetara dagoen beste bat utzita, Usurbila joaten baita handik abiatuz gero. Igara bidean, haltza, lizarra, garoa, hurritza, akazia, sahatsa edo zumea, azeri-buztana... dezente ikusiko dugu.

7. Muno erreka txikiaren ondotik pasatu behar dugu, izen bereko baserriaren barrenetik.

8. Eskuineko bidea hartu behar dugu hurrena, Igara aldera jotzeko, eta handik Ibaetara, Tolosa hiribideraino.


Lizarra

(Fraxinus excelsior)

Lur handia, eta kare-harri dezentekoa, behar du. Erreka bazterretan nahiz toki heze eta freskoetan ateratzen da.

Indar handiko arbola da, azkar etortzen dena. Hogei-hogeita hamar metro luze egiten da 75 bat urtean utziz gero. Handik aurrera ez du askoz gehiago irabazten.

Goialdean ere ateratzen da, 1.500 bat metroan, baina hozbero handiarekin gaizki ibiltzen da.

Arbola sakratua da euskaldunontzat, eta baita heleniarrentzat, erromatarrentzat eta beste herri askorentzat ere. San Joan garaiko arbola da Euskal Herrian. Izan ere, batetik, lizar arbolaren inguruan egiten da sua, eta, bestetik, baserrietan eta, lizar-adarrak jartzen dira ate-alboetan.


Urbazterreko zuhaiztiak


Urbazterreko zuhaiztia erreka eta erretenetan izaten den landarez osatzen da, eta ur asko behar izaten du azpian. Asko eta asko galdu da soro-lanerako lurrik onenetan izaten direlako; erreka ondoetako ibarretan, alegia.

Zuhaizti hauek, ordea, oso inportanteak dira, asko eusten diotelako ertzari eta kontra egiten diotelako uraren higadurari.

Era berean, urbazterreko landarediak babeslekua eta bizitokia ematen dio arrain, uretako ugaztun eta ornogabe askori.

Gainera, itzala ere ematen dute urbazterreko landareek. Horri esker, kontrolatu egiten da, nolabait, uraren tenperatura, mikroklima bat eratzen da errekan eta gutxitu egiten dira egunean nahiz urte garai batetik bestera izaten diren tenperatura aldaketak, eta hezetasun atmosferikoa ere handiagoa izaten da. Bestetik, argia sartzea ere kontrolatzen du landarediak eta, hala, baita errekaren lehen mailako produkzioa ere.