 |
|
 |
 |
|
3. Urgull
|
|
Fitxa teknikoa
Luzera: 3.100 m.
Denbora: Ordu bat.
Zailtasuna: Tartekoa.
Interesa
Paisaiaren aldetik: Handia
Geologiaren aldetik: Tartekoa
Botanikaren aldetik: Handia
Faunaren aldetik:Tartekoa
Urte garaia
Edozein.
Oharrak
Landare endemismo bat, Armeria euskadiensis, eta animalia endemismo bat, Podarcis hispanica sebastiani edo Donostiako sugandila iberiarra esaten zaiona, aurkituko ditugu Urgullen. Horrek jakina, interes handia ematen dio naturaren aldetik, baina historia handiko mendia ere bada Urgull.
Orduak :
Udan (5/01etik 9/30era) 8:00etatik 21:00etara
Neguan (10/01 etik 4/30era) 8:00etatik 19:00etara.
Abiapuntua
Ibilbide honi ekiteko abiapuntua Gaztelubide elkartearen ezkerreko aldean dagoen sarbidea izango dugu, portutik gertuena dagoena.
Dena dela, badaude beste sarbide batzuk ere: Aquarium-aren atzeko aldekoa, Pasealeku Berriko ermitaren atzeko aldekoa, Argazkilari Elkartearen atzeko aldekoa eta Santa Maria elizaren atzeko aldekoa.
|
1. Aurrena aldapan gora egin behar dugu, Damen Bateria aldera. Garai batean, portua babesteko gune nagusia zen Damen Bateria, bere guarda, bolborategi eta guzti. Bidean, akaziak, ezkiak, astigar zuriak, zumarrak, haritzak, ereinotzak... dauzkagu.
2. Bateria utzi eta eskuineko eskaileretatik gora jo behar dugu. Paretetan horma-belar sendagarri dezente dago.
3. Lehenbiziko sarbidea hartuko dugu, eskuinekoa. Handik, zuzen aurrera, Begiratokiko Gotorleku aldera; Urgull, Ulia eta Urumea bitarteko hareatza guztia itsasotik letorkeen erasotik babesteko toki aldera, alegia. Bidegurutzera ailegatutakoan, eskaileretan behera egin eta aurrera segi behar dugu.
Hurrena tunela pasa behar dugu. Itsaso aldera milazka batzuk daude eta eskuineko aldera Monpas muturra ikusten da.
4. Goialdera egin, sarbide bat ezker aldera utzi eta, pixka bat aurreraxeago, beste eskailera batzuk daude, Gobernadorearen Bateriaraino ailegatzen direnak.
5. Motako Gaztelua. XII. mendean egin zuten, hondatu eta berriz altxatu ere behin baino gehiagotan egin duten arren, bai gerran hondatu zutelako bai denborekin ere hondatu egiten delako. Goiko aldean Jesusen Bihotzari jarritako estatua dago.
|
Isil antzean ibiliz gero, toka dakiguke sugandila, txantxangorri, txonta, zozo, karnaba eta abar ikustea ere.
6. Sartaldeko irteeran dauden eskailera piko batzuetan behera jaitsi behar dugu hurrena, eta Napoleonen Bateriara iritsiko gara. Puntu hau Urgullgo iparraldean dago. Laster ikusiko dugu itsasoaren erasana landareei begiratuz gero.
7. Aurrena, itsaso-pinu sail bat pasatuko dugu, nahiz astigarren bat ere badagoen tartean, eta Santiagoren Bateria aldera egingo dugu.
8. Ezker aldera hartu eta sigi-saga behera eginez gero, garai bateko Motako Gazteluko bolborategiarekin egingo dugu topo. Handik behera egin behar dugu, eskailera batzuk jaitsita.
Itsasoko haizeak malkarraren ariora orrazten ditu landareak.
9. Handik eskuinera egin eta Ingelesen Hilerria pasatu behar dugu.
10. Handik ere behera egin behar dugu, dezenteko aldapa batean. Milazka dezente ikusiko dugu.
11. Bardoken Bateria. Donostiarrak janez hornitzeko gune printzipalena izan zen denbora askoan.
12. Pasealeku Berria eta kito gure ibilaldia.
|
Donostiako sugandila Iberiarra
(Podareis hispanica sebastiani)
Sugandila mota hau ere oso gutxi dago, Santa Klara uhartean eta Urgullen beste inon ez. Jaizkibel eta Mendizorrotzen ere badira podarcis hispanicak, baina beste itxura eta kolore batzuk dituzte Donostiako sugandilaren aldean. Tamainaz ere handiagoa da Donostiakoa sugandila hispanikoa baino.
Donostiako sugandila ez da bere generokoei samur eraso egiten dieten horietakoa, eta, askotan, talde txikietan ibiltzen dira. Aise egiten du harkaitzean gora, eta bertikalean dauden paretak igotzen ere badaki.
Neguaren azken aldetik edo udaberriaren hasiera aldetik aurrera egun guztian kanpoan ibiltzen da, harik eta udazkena etorri arte; eguzkia eta beroa asko gustatzen zaizkion espeziea baita. Handik aurrera, harkaitz zirriztuetara edo harri handiren baten azpira ezkutatzen da, eta neke izaten da hura ikustea negua pasatu arte.
Batez ere intsektuak eta araknidoak jaten ditu, baina baita ornogabeak, zizareak, kukurutxak, barraskilo txikiak eta abar ere.
Euskadin den ornodun azpi-espezie endemiko bakarra da eta, beraz, ikaragarri balio du ekologiaren alderditik. Iraungo badu, neurriak hartu behar dira, Armeria euskadiensisekin bezala.
|
Armeria euskadiensis
Landare hau espezie endemikoa da, oso toki gutxitan dago, batez ere geografia edo ekologiagatik, baina baita beste gauza batzuengatik ere. Gipuzkoako eta Bizkaiko itsas labar batzuetan besterik ez dago. Gipuzkoan, berriz, Jaizkibelen, Monpasen, Urgullen eta Getarian bakarrik dago.
Gure itsas ertzetik galduko balira, erabat galduko litzateke espezi hau. Babestu behar handia dago, beraz, bitxi preziatua da-eta.
Armeria klase hau samur hibridatzen den klasea da. Itsas labarretan eta itsaso inguruetan izaten da. Zain luzeak eta hosto bereziak ditu, eta haize zakarrak nahiz gatzak ez dio asko erasaten.
Maiatz-apiril aldera loratzen da. Hasieran arrosa kolorea izaten du, nahiz eta gero marroi kolorea hartu eta hala izaten duen bi hiru hilabetean.
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |