Gaurkoa eta biharkoa


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 1 2003/01 »  Gaurkoa eta biharkoa

Gaurkoa eta biharkoa




Izotz gaineko dantzariak



Salvador Vallejok 16 urte ditu eta Jon Garciak 23. Izotz gaineko Espainiako patinatzaile onentsuenetarikoak dira bi donostiar hauek. Jonek bi mundialetan hartu du parte dagoeneko, eta Salvak ere hori du jomuga; hauetako urteren batean Munduko Txapelketan lehiatzea, hain zuzen.

Behin baino gehiagotan ikusiko zenuten telebistan izotz gaineko patinaje artistikoa. Munduko Txapelketa, Europakoa, Joko Olinpikoak... halako ekitaldi garrantzitsuak iristen direnean erreparatzen dio kirol eder horri telebistak, baina guk ez dugu telebistaren beharrik patinaje artistikoa ikusteko, Donostian bertan kirol hori praktikatzeko aukera baitugu Txuri- Urdin jauregian. Txuri Berri da patinaje artistikoko Donostiako taldearen izena, eta 39 patinatzaile ditu egun. Horietatik sei bakarrik dira mutilak, eta horien artean daude gure bi solaskideak: Jon Garcia eta Salvador Vallejo donostiarrak.

Baliteke zuentzat ezezagunak izatea, baina egun dauden patinatzaile onentsuenen artean daude biak, bakoitza bere mailan. Jon Garciak 23 urte ditu, bitan irabazi du Espainiako txapelketa senior mailan, eta beste bitan izan da Munduko Txapelketan. Salvador Vallejok 16 urte ditu, eta junior mailan dago oraindik. Onenen artean, hori bai...

Jon Garciak 11 urterekin ekin zion patinatzeari, berak adierazi duen bezala, «kasualitatez». «Amak anaia eta biok izotz jauregia ikustera eraman gintuen. Han patinaje artistikoan mutil gutxi zeudela esan zidaten, eta animatu egin nintzen. Foru Aldundiak antolatzen zituen ikastaroetan parte hartu eta handik gutxira Txuri Berri klubean sartu nintzen. Klubean sartu eta handik hiru bat hilabetera, bigarren mailako Espainiako Txapelketa irabazi nuen; ikaragarria izan zen hura!»



Nortzuk dira?



Jon Garcia


Adina : 23 urte
Taldea : Txuri Berri
Kirol honetarako berandu samar hasi zen patinatzen, 11 urte zituela. Txuri Berri klubean sartu eta handik hiru hilabetera Bigarren Mailako Espainiako txapeldun bihurtu zen. Senior mailan Espainiako txapeldun birritan, bi mundialetan hartu du parte.



Salvador Vallejo


Adina : 16 urte
Taldea : Txuri Berri
9 urterekin ekin zion patinatzeari. Infantiletan, jada, Espainiako titulua irabazi zuen.
Ikastetxea : Mary Ward ikastetxea. DBHko 2. Maila.





Berehala, engantxatuta

Salvador Vallejo, berriz, 9 urterekin hasi zen patinatzen. «Ikastetxearekin patinaje artistikoko ikastaroak egiten genituen, eta hor sortu zitzaidan kirol honen inguruko kuriositatea. Gustatzen hasi, eta berehala sartu nintzen klubean. Ikastaro horietan patinajeak engantxatu egin ninduen; gainera, talde-kirolak ez ditut gustuko, eta patinaje artistikoa aproposa da niretzat». Jon Garciak dioenez, «kirol honetan aritzen garenak gutxi gara, eta are gutxiago mutilak; baina Salvak dioen bezala, patinatzen hasten zarenean horrek berehala engantxatzen zaitu».

Jendeak besterik uste badu ere, oso kirol gogorra da patinajea, «egunero-egunero entrenatu behar da zerbait lortu nahi baduzu», adierazi du Jonek. «Oso kirol sakrifikatua da –dio Salvak– eta esker txarrekoa gehienetan, zartako ederrak hartzen baititugu askotan. Horrez gain, ni bezalako patinatzaile gazte batek kirola eta ikasketak uztartzen saiatu behar du, eta hori gogorra da oso».

Izan ere, profesional mailan ez du irtenbide handirik kirol honek. Hori esan digu, behintzat, Jon Garciak. «Entrenatzaile edo koreografo izan zaitezke, baina hortik bizitzeko atzerrira joan behar da. Hemen oso zaila da profesional gisa bizitzea». Horrez gain, izotz gaineko ikuskizunak eskaintzen dituzten konpainiak ere badaude. «Birak antolatzen dituzte Europako hiri askotan barrena, eta patinatzaileek dantza eta musika show erakargarriak burutzen dituzte. Konpainia horietan sartuz gero bizitza maila ona lor dezakezu, baina hori ere urte gutxi batzuetan eraman daitekeen bizimodua da».

Salvak berak hauxe dio: «etorkizunean show horietako batean parte hartzeko aukera iristen bazait, aprobetxatu egingo dut, baina horretarako asko falta da. Gainera, patinaje artistikoan dudan helburu nagusietako bat Munduko Txapelketan lehiatzea da. Badakit oso zaila dela, baina ahaleginak egingo ditut».

Aurreiritzi asko, oraindik

Gauzak horrela, nola motibatu Salva bezalako patinatzaile gazte bat? Jonek argi du: «Maila ona eta ondo zainduz gero, 40 urte arte eta gehiago patina dezakezu goi mailan, eta hori aprobetxatu behar da. Gainera, ezagutzen ditut Txuri Berrin ibilitako patinatzaile batzuk Espainian zehar bueltaka dabiltzanak hainbat ikuskizun antolatzen. Ondo kobratzen dute, gainera!»

Bai Jonek bai Salvak kirol honen gainean aurreiritzi asko daudela nabarmendu dute. «Neskentzako kirola dela uste duenik ere badago oraindik» dio Garciak, eta patinaje artistikoan hasi zirenean «tontakeriak ere entzun behar izaten nituen lagunen aldetik: maritxuen kirola dela eta ez dela, eta halakoak esaten zizkidaten lagunek hasieran», adierazi digu Vallejok berak. Kontuak kontu, Donostian ditugu Espainiako izotz gaineko bi patinatzaile onentsuenak.