Zer da Mugi!


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 1 2003/01 »  Zer da Mugi!

Zer da Mugi!




Odón Elorza, Donostiako alkatea



Hilabetero izango gara elkarrekin





Esku artean duzun aldizkaria MUGI! hilabetekariaren lehen zenbakia da. Eta zer da MUGI? Bada, kirolzale donostiarren esku jarri nahi dugun euskarazko hilabetekaria.



Gure aisialdiaren zati handia hartzen du kirolak. Izan ere, gero eta gehiago dira kirola egin edota kirol arloko gaien inguruko grina dutenak. Zu zeu ere, seguruenik, horietakoa izango zara, ezta?

Besteak beste, interes hori asetzeko asmotan sortu da MUGI!, Euskararen Udal Patronatuak Kiroletako Udal Patronatuaren laguntzarekin abian jarri duen euskarazko hedabide berria.

Baina hori baino gehiago ere izan nahi du hilabetekariak. Kirola gustuko duen oro izan dugu gogoan astekaria prestatzerakoan, baina kirolari eta kirolzale gazteen interesak eta ekarpenak izango ditugu batik bat hizpide aurrerantzean. Kirolari eta kirolzale gazteengana heltzea dugu, halaber, helburu, zuen interes eta ekarpenak «handien» kirol jarduera profesionalaren itzalean zokoratuta gelditzen baitira maiz.

Aukera asko ditugu kirol nagusien eta kirolari famatuen goraberehen berri izateko. Horren hedatuak ez dauden kirolen eta aurreneko urratsak egiten ari diren kirolarien berri izatea, ordea, zailagoa da, nahiz eta horiek garrantzi handiko ekarpenak egin. Bada horiexei emango diegu lehentasuna aldizkari honetan.

Informazio praktikoa eskaintzen saiatuko gara, gainera. Horixe egin dugu, esaterako, aurreneko alerako hautatu ditugun negu kutsuko kirolekin.
Horrez gain, emozio eta esperientzia berriak eskain ditzaketen kiroletan eta ohiko zirkuituetatik at daudenetan ere arreta berezia jarriko dugu hainbat erreportajeren bitartez. Bitxikeriak eta kontu ezezagunak deskubritzeko aukera ere izango duzu.

Esan bezala, kirolari gazteen lanak aparteko garrantzia izango du MUGI! aldizkarian; izan ere, gazte asko ditugu gure inguruan puntako kirolariak izatera heltzeko lanean eta ahaleginetan ari direnak. Ahal dugun guztiak elkarrizketatzen saiatuko gara. Eta izen handiko kirolariei ere egingo dizkiegu elkarrizketa bizi-biziak.

Kirolzaleen arteko harremanak errazteko, berriz, ARBELA atala sortu dugu. Mendira joateko lagunak topa ditzakezue bertan, zalantzak argitu, materiala trukatu, ekimen berri edo bereziei buruzko informazioa zabaldu... Kirol elkarteek, federazioek, ikastetxeek edo zuetako edonork kirolaren inguruko oharrak edo berriak argitaratzeko zabal-zabalik dituzue aldizkariaren ateak.

Eta, horren guztiaren pizgarri, kirolari lotutako argazki lehiaketa jarri dugu abian. Hilero, jasotako argazki onenak emango ditugu argitara, eta ekainean hautatuko da horien arteko bikainena. Saria, ederra: argazki kamera digitala.

Kirola eta euskara uztartzeko bidean urrats garrantzitsua izango delakoan, hilabetekariak ahalik eta zabalkunderik handiena izan dezan lortu nahiko genuke. Zuen gustukoa izango dela espero dugu eta ez ahaztu datorren otsailean ere kiroldegietan, ikastetxeetan, gazte lekuetan, kultur etxeetan zein kirol elkarteetan aurkituko duzuela MUGI!, kirolzale donostiarraren hilabetekaria.