Atletismoa


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 10 2004/03 »  Atletismoa

Atletismoa

Azkarrago, altuago eta indartsuago

‘Citius, altius, fortius’ dio Joko Olinpikoen latinezko goiburuak. Hau da: azkarrago, altuago eta indartsuago. Bururatzen al zaizue hitz horietara atletismoa baino hobeto egokitzen den kirolik?


s.s. Altuera-jauzian aritzen diren neska gazteak ere badira.
Atletismoa, finean, hauxe da: gainerakoak baino azkarrago korrika egiten saiatzea, gainerakoak baino altuago salto egitea eta, gainerakoek baino indar handiagoa erabiliz, diskoa, mailua edota xabalina urrutirago jaurtitzea. Eta hiru jarduera horien gainean eraikitzen da, funtsean, atletismoaren aniztasuna: lasterketetan, jaurtiketetan eta jauzietan. Sailkapen ofizialek, haatik, sei kategoria bereizten dituzte: lasterketak, hesi-lasterketak, martxa, jauziak, jaurtiketak eta proba konbinatuak (hamar saio desberdin biltzen dituen dekatloia gizonezkoentzat, eta zazpiko sorta biltzen duen heptatloia emakumeentzat). Kategoria horiek, gainera, era desberdineko probetan sailka daitezke.

Zertarako kontatu dizuegun hori guztia? Bada, atletismoak izaera, gustu eta gorpuzkera ia guztietara egokitzen diren aukerak eskaintzen dituela azpimarratzeko. Zenbait probatan aritzeko –100 metroetan edota jauzietan, esaterako–, ezinbestekoa da naturak dohain berezi batzuk ematea. Entrenamenduak izugarri lagundu dezake, baina oro har horretarako jaio ez denak ez du ezer askorik egingo nahiz eta, zaletasun gisara, atsegina izaten jarraitu. Beste diziplina teknikoago batzuetan errazagoa da ikastea eta dohain berezirik izan gabe ere txukun aritzea, eta badira, halaber, lehiatzeko batere asmorik gabe praktikatu daitezkeen modalitateak. Ez al da, bada, atletismoa 7. orrialdean zabalago aipatzen dugun ‘korrika egitea’?

Atletismoaren alde erakargarriak aipatzerakoan, hain justu, aniztasun hori azpimarratu digu bidaia honetan gidari izan
dugun Aitor Garri Gipuzkoako Atletismo Federazioko Zuzendari Teknikoak, nork bere modalitatea aukeratuz gero atletismoan ia mundu guztia ari daitekeela azaldu nahirik.

Beste alde on bat ere aipatu digu galdera horren haritik: atletismoan ez da ezinbestekoa, beste kirol batzuetan bezala, txiki-txikitan hastea. Badira, noski, oso umetan hasitako atletak, baina beste batzuek marka bikainak lortu dituzte berandu hasita ere. Oso teknikoak diren modalitateetan –jaurtiketetan, esaterako– garrantzitsua izan daiteke goiz hastea, teknika behar bezala menderatu ahal izateko. Baina horietan zein gainerakoetan 14-15 urterekin hastea nahikoa izan daiteke, baita beranduago ere... Hau da, beste kirol batzuetan saioa egin ondoren.

Egun, eskola kirolari atxikitako jardueren baitan zein Federazioak bultzatzen dituen sustapen-jarduerei esker, neska-mutiko askok dute atletismoa ezagutzeko aukera. Sustapen lan horretan, kluben ahalegina ere oso garrantzitsua da. Atletikok, adibidez, 10-14 urte bitartekoentzako atletismo eskola du.

Beste kirol askok bezala, atletismoak ere pairatu du makalaldi halako bat azken urteotan. Kirol eskaintza, azken batean, gero eta zabalagoa da eta, gainbehera demografikoaren ondorioz, gero eta ume gutxiago daude kirolean hasteko. Atletismoa, ordea, hasia omen da indarberritzen eta praktikatzaile berriak erakartzen. Kalitatearen aldeko apustuaren eta kirol honek berezkoa duen xarmaren ondorioa da hori, zalantzarik gabe.


Gizakia bera bezain zaharra

Seguruenik, zangoak astindu eta korrika egin zuen aurreneko pertsonak ez zeukan gogoan inolako errekorrik, atzetik zihoakion zerbait edo norbait baizik. Hala ere, berehala bilakatu zuen gizakiak jolas eta lehia dohain natural hori, eta antzinako zibilizazio gehienek zituzten zangoen eta besoen trebezian oinarritutako kirolak. Baita grekoek ere, noski. Antzinako Joko Olinpikoetara heldu zen aurreneko kirola, hain zuzen, atletismoa izan zen. Horregatik esan ohi da askotan atletismoa dela, eta ez futbola, kirol erregea.
Errekorrak, gero eta garestiago

Erlojuaren eta metroaren aurkako lehia etengabea da atletismoa. Segundo-ehunen edo zentimetro gutxiren baitan egon daiteke, alegia, errekorra edo domina. Errekorrak gainditzea, ordea, gero eta zailagoa da, eta badira ukitu gabe urteak daramatzaten markak. Hori horrela dela frogatu nahi baduzue, informazio izugarri interesgarria aurkitu ahal izango duzue IAAF nazioarteko atletismo federazioaren web guneko statistics atalean. Bide batez, ingelesa praktikatzeko era egokia izan daiteke: www.iaaf.org.


Sexuen arteko berdintasuna

1896 urteko apirilaren 6an Atenasen aro modernoko lehen Joko Olinpikoak hasi zirenean, bederatzi kirol baino ez zeuden egitarauan. Horietako bat, noski, atletismoa zen, eta orduz geroztik ez du sekula huts egin. Emakumeen norgehiagoka 1928an bildu zen egitaraura, eta emakumeen atletismoa izan da orduz geroztik gehien aldatu dena, hasieran egitaraua nahiko mugatua baitzen. Egun, proba ia berberak egiten dituzte emakumeek eta gizonezkoek. Alde txikiren bat badago, baina berdintasuna da nagusi.
Munduko onena, Bekele gaztea

Atleta ezagunenak abiadura probetan aritzen direnak izan ohi dira, baina egun munduko atleta gizonezko onena ez da abiadura-lasterkari estatubatuarren bat, Kenenisa Bekele iraupen-lasterkari eta kroslari etiopiarra baizik. Azken hilebeteetako lorpenei esker lortu dituen puntuek bultzatuta, bera dago IAAF nazioarteko atletismo federazioak egiten duen zerrendaren buruan. Emakumeen artean, ostera, jauzi hirukoitzean aritzen den Tatyana Lebedeva errusiarra da, une honetan, munduko atleta onena.




36,8 kilometro orduko

Abiadura izugarri hori hartu zuen 2002 urtean Parisen Tim Mongomery atletak, 100 metro 9,78 segundotan korrituz indarrean dagoen munduko errekorra jarri zuenean. Orain arteko emakume azkarrena, berriz, Florence Griffith estatubatuarra da. 1988an 10,49 segundotan egin zuen distantzia bera. Zein abiadura lortu zuen orduko...? Eta beste galderatxo bat ere badugu. Zein markarekin lortu zuen iaz Orkatz Beitiak modalitateko Espainiako Txapelketa? Oker ez bagaude, 10, 45 segundoko markarekin. Eta ez da bere marka onena...
Duela 90 urte heldu zen hona

Atletismoa, Donostian eta Gipuzkoan, duela 90 urte jaio zela esan liteke, 1914ko uztailaren 31n egin baitzen Altzan lehen jaialdi atletikoa. Orduz geroztik, kilometro asko egin dituzte atleta gipuzkoar eta donostiarrek, eta domina ugari zintzilkatu dituzte lepotik. Egun Estatuko gizon azkarrenetakoa den Orkatz Beitiarekin edota MUGIri esker hobeto ezagutu ahal izan duzuen Naroa Agirrerekin batera, osoa emateko luzeegia izango litzatekeen zerrenda horretara atleta donostiar ugari bildu beharko genituzke, gizonezko zein emakumezko.


Informazio zabalagoa

Gipuzkoako Atletismo Federazioa
943 451 757
www.kirolnet.com/gaf

Atlético San Sebastián kluba
943 473 722
www.atletiko.com

Real Sociedad
www.realsociedad.com

Beste sail batzuk izeneko atalean aurkituko duzue atletismoari buruzko infornazioa.

Gimnástica de Ulia Kirol Elkartea
943 278 195