A zer kasualitatea, aurreko MUGIn, Arantzazuko Ama ikastetxeari buruzko erreportajean, atletismoan murgildutako bertako ikasleak aipatu genituen, eta horietako bat aurkitu dugu, euriari eta kazkabarri aurre eginez entrenatzen, goranzko bidean dauden atleta donostiar gazte bila abiatu garenean: abiadura-lasterketetan eta luzera-jauzian diharduen 15 urteko Irati Fernandez.
« Espainiako Kadete Txapelketan, laugarren izan naiz 60 metroko lasterketan»
Betiko galdera, lehenik... Nolatan hasi zinen atletismoan?
Ikastolan lehenik, umetan, jolasean... Gustatu egin zitzaidan, eta aurrera jarraitu nuen, ikastolan betiere. Duela hiruzpalau urte, federatu eta Atletikon hasi nintzen.
Jokatu berri duzu zure aurreneko Espainiako Txapelketa, kadete mailan eta pista estalian. Oso ondo ibili zarela esan digute...
Orain arte, Gipuzkoa eta Euskadiko txapelketetan ere nahiko ongi ibili naiz, eta Espainiakoan ere gustura geratu naiz, bai: laugarren geratu naiz 60 metroko lasterketan, eta bosgarren, berriz, luzera-jauzian, horiek baitira praktikatzen ditudan modalitateak.
Asko entrenatu behar al da maila horretara heltzeko?
Nik modu nahiko lasaian hartzen dut atletismoa, eta maila honetan ez da oraindik gogorregia. Astean bitan entrenatzen naiz, astelehen eta asteazkenetan eta, konpetiziorik ez badago, baita larunbatetan ere. Guztira, sei-zortzi bat ordu astero, ez da asko ere...
Bestelako sakrifiziorik egin behar al duzu? Esate baterako, zer moduz parrandak eta...?
|
Bizimodu erabat normala daramat. Elitean daudenek jaten dutena eta horrelakoak asko zaindu behar dituzte, baina guk ez gehiegi. Eta parrandei dagokienez, hori ere normal. Entrenamendu bezperan, noski, ez zara ateratzen, baina bestela normal-normal.
Zuen entrenamendu saioak aspergarriak direla esan ohi. Egia da?
Nik egiten ditudan modalitateetan, ez. Astean behin gimnasio saioa egiten dugu, eta hori nahiko aspergarria izan daiteke, baina bestelako ariketak ez dira batere aspergarriak atletismoa gogoko baduzu.
Atletismoari ematen dizkiozun orduez gain, bururatu al zaizu sekula zeure kabuz korrika egitera irtetea?
Pare bat aldiz amarekin irten nintzen, bera korrika egiten hasi zelako, baina hori ez dut gogoko. Bueltaka eta bueltaka korrika ibiltzea aspergarria iruditzen zait. Egin behar bada egiten dut, noski, baina ez gogoko dudalako.
Zuk egiten dituzun modalitateetan segundo gutxi batzuetan den-dena jartzen duzue jokoan. Zer da garrantzitsuagoa, prestakuntza fisikoa ala kontzentratzeko eta lasai egoteko gaitasuna?
« Pare bat aldiz irten izan naiz amarekin korrika; baina ez dut gogoko, nahiko aspergarria da»
Bien arteko oreka behar da. Ondo prestatuta ez bazaude, alferrik da kontzentratzea. Ni nahiko lasaia naiz, baina lasaitasunarekin batera txispa eta gauzak gero eta hobeto egiteko grina ere ezinbestekoak dira, nire ustez.
Eta, aurrera begira?
Ikusiko dugu zer geratzen den...
|