Adituen eskutik


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 11 2004/04 »  Adituen eskutik

Adituen eskutik

Bakarka abiatzea baino

hobe da adituen eskutik hastea

Ikastetxeak bitarteko, mendian hasteko jarduera ugari prestatu ohi ditu Mendizale Federakundeak. Irteerez gain, elkarteek prestakuntza, informazioa eta material alokairua eskaintzen dute.


Club Vasco de Campingeko arduradunak argitu bezala, gurasoekin ibiltzeko adina gainditutakoan nahiago dute gazteek euren kabuz ibiltzea eta mendira lagunekin joatea. Horrek ez du esan nahi, alabaina, mendizaletasunaren inguruko jarduerak antolatzen dituzten elkarte eta erakundeek eskaintzen dituzten zerbitzuak baztertu behar direnik.

Gipuzkoako Mendizale Federakundeak, esaterako, egitasmo bereziak ditu ume eta gazteen artean mendizaletasuna sustatzeko. Horietako jarduera asko eskola kirolaren baitako egitasmoetan txertatzen dira, gainerako kirolak bezala. Urtero, besteak beste, Gipuzkoako ikastetxe ugaritako ikasleak biltzen dituen Mendi Lehiaketa antolatzen du, baina eskaintza askoz ere zabalagoa da: egun bateko ibilaldiak antolatzen dituzte inguruetako bidezidorretan, mendian hasteko ikastaroak antolatzen dituzte, Gipuzkoako natur parkeetan zeharkaldiak, eskaladarako hastapen edota orientazio ikastaroak, egonaldiak atxerpetxetan, espeleologia...

Jarduera horiek guztiak ikastetxeen bidez kudeatzen dira, baina hori ez da mendizaletasuna ezagutzeko oztopo. Ikastetxean talde bat antolatzen baduzue, seguruenik izango duzue ikastetxeko arduradunei gestioren bat egin dezan eskatzeko modurik. Federazioan bertan eskuratu ahal izango duzue aukera-sorta zabal horri buruzko informazioa. Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria eta Kirol Zerbitzura deitu behar da, berriz, –943 48 24 98– jarduera horietarako erreserbak egiteko.

Horrez gain, goi mendi eskola ere badu federakundeak. Adina ez da oinarrizko maila gainditu
dutenen prestakuntza hobetzea helburu duen eskolak antolatzen dituen ikastaro eta jardueretan parte hartzeko muga, baina badu ezinbesteko baldintza bat: jarduera horietan parte hartzeko federatua izan behar da.

Elkarteen eskaintza zabala

Betidanik izan dute garrantzi handia Euskal Herrian mendizale elkarteek. Herri gehienetan dago mendizaletasuna sustatzeaz gain herriko mendizaleen elkargune ere baden elkarteren bat.

Donostian ere badira, noski, tradizio handiko mendi elkarteak, eta horiek guztiak bide oso egokia izan daitezke mendian hasteko. Bilaketa lana errazteko, web gunean duten elkarteen erreferentzia emango dizuegu soilik, baina federakundean badute elkarte guztien zerrenda.

Elkarteek zerbitzu asko eskaintzen dizkiete kideei, eta horietako asko kide izan gabe ere balia daitezke. Besteak beste, irteerak antolatzen dituzte, eta baten batzuk haur eta gazte taldeak ere badituzte nahiz eta, esan bezala, gazteek ez izan oso gogoko jarduera arautu horiek. Elkarteek, horrez gain, ikastaroak eta prestakuntza saioak antolatzen dituzte, eskolak ere badituzte, mendira irteteko ezinbestekoak diren mapak eta bestelako informazioa eskuratzeko aukera eskaintzen dute, baita federatzeko aukera ere –elkarte baten bidez egin behar da ezinbestean besteak beste asegurua bermatzen duen federatu txartela–, materiala alokatzen dute... Oro har, abiapuntu guztiz egokia dira mendizaletasunaz segurtasun osoz gozatzen hasi nahi duenarentzat. Orain arte mendiari bizkar emanda bizi izan bazarete, zergatik ez egin saioa?


Informazio gehiago

Gipuzkoako Mendizale Federakundea
943 461 440
orokorra@gmf-fgm.org
Fortuna Kirol Elkartea www.cdfortuna.com
Club Vasco de Camping www.vascodecamping.org