Raquel Perez - Willy Barbier


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 11 2004/04 »  Raquel Perez - Willy Barbier

Raquel Perez - Willy Barbier

Raquel Perez eta Willy Barbierr

mendizaleak



Hilabete ere ez zaie falta abiatzeko. Beste hilabete bat eman beharko dute han, girotzen eta gauzak prestatzen, gailurra jo aurretik.

«Espedizio honek bultzada handia eman diezaguke»

Carlos Pauner izen handiko mendizale aragoiarrarekin batera, hilabete eskas barru Pakistanen dauden Gasherbrum I (8.068 m.) eta II (8.035 m.) mendietara abiatuko dira Raquel Perez eta Willy Barbier donostiarrak.

Pakistango Karakorum mendikateko mendi ederrenetakoak dira Gasherbrum I eta II. Edertasun hori azpimarratzen du, gainera, mendiok izendatzeko erabiltzen den balti hizkuntzako hitzak... Aurrenekoa mendi zaila da; bigarrena, berriz, zertxobait errazagoa, nahiz eta mendi horretantxe hil, istripuz, Felix Iñurrategi mendizale handia. Bada, maiatzaren 25ean, Pakistan aldera abiatuko dira Raquel Perez eta Willy Barbier donostiarrak, euren aurreneko zortzi milakoak lortzeko asmoz. Helburua betetzen badute, Raquel 8.000 metrotik gorako gailur bat jotzen duen lehen emakume donostiarra izango da. Euren eskutik ikusi nahi izan dugu hobeto nolakoa den mendizaletasun mota hori.

Nola prestatzen da horrelako espedizio bat?

W. Lehenik eta behin, dirua lortu behar da, eta hori ez da batere erraza, batez ere Euskal Herrian, mendizale oso onak daudenez babesleak lortzeko konkurrentzia oso handia baita.

R. Horrez gain, prestakuntza fisikoa eta teknikoa oso garrantzitsuak dira, baina baita prestakuntza psikologikoa ere. Zure burua bi hilabete baldintza oso gogorretan igarotzeko prestatu behar duzu. Abiatu aurretik igo behar ditugun mendiak eta egin behar ditugun bideak ondo ezagutzen ere saiatzen gara. Seguruenik, ezustekoa hartuko dugu bertatik bertara ikusten ditugunean, baina mendiak ez zaizkigu arrotzak gertatuko... Aurrekoetan bezala, mendiaren handitasunak harrituko gaituela uste dut.

Eta Karakorumera heldutakoan, zein plan duzue?

W. Lanaren aurreneko zatia oso aspergarria izan ohi da. Beheko kanpamentua eta beste hiru jarri behar ditugu, eta Gasherbrum I-eko zati bat sokaz ekipatu. Gasherbrum II modu alpinoan egingo digu, bitarteko kanpamenturik gabe; baina, oro har, horrek guztiak hamabost bat eguneko lan astun eta aspergarria eskatuko digu.
Azken zatia, gailurrerako igoera, hamar bat ordutan egingo dugu bietan zailena den Gasherbrum I-en kasuan.

R. Egia da, bai, kanpamentu batetik bestera gora eta behera ibiltzea neketsua eta esker txarrekoa dela, baina oso garrantzitsua ere bada girotzeko. Guk ez dakigu nola moldatuko garen 8.000 metrora, eta ezinbestekoa da gorputza giro gogor horretara egokitzea.

Izan al duzue inoiz istripurik mendian?

W. Ni behin zintzilik geratu nintzen 600 metroko horma batean, baina aseguruak ondo jarrita nituenez ez zitzaidan ezer gertatu.

R. Nik Cho Otun girotze arazoak izan nituen, baina istripu larririk ez dut sekula izan.

Zer-nolako garrantzia du prestakuntzak arriskuak ekiditeko?

W. Prestakuntza ez da soilik garrantzitsua segurtasunaren ikuspegitik. Ikastaroak egin eta behar bezala prestatzen ez bazara, oso mugatuta sentitzen zara mendian. Prestakuntzak ate asko irekitzen dizkizu, eta gehiago gozatzen duzu, gauza gehiago egiten dakizulako. Segurtasunari dagokionez, nire ustez gauzak ondo eginez gero arriskuen %90 ekidin daitezke. Okerrena mendiari errespeturik ez izatea da, zure gaitasunean konfiantza handiegia edukitzea. Mendia inguru gogor eta aldakorra da, errespetu handia izan behar zaio...

R. Nik ere arrisku nagusiak zure buruarekin gehiegi fidatzen zarenean heltzen direla uste dut. Badago baldintzak azken muturreraino estutzen dituen jendea, eta egoera horietan sortzen dira istripu larrienak. Ezbeharra beti gerta daiteke mendian, baina baliabide asko daude arriskua murrizteko eta nagusiak, noski, sena eta prestakuntza tekniko eta fisiko egokiak dira.


Orain arteko desafio handiena

Sara Santos


Raquel eta Willy ez dira hasiberriak, ezta gutxiago ere. Eskarmentu handiko mendizaleak dira eta, gainera, duela urte pare bat zeuzkaten lanak utzi eta bete-betean mendira dedikatzea erabaki zuten. Gida lanetan aritzen dira uda partean eta neguan, berriz, Panticosako eski-gunean egiten dute lan, mendian betiere. Pirinioak, Alpeak, Hego Amerikako hainbat mendi handi eta duela bi urte Cho Oyun egin zuten saioa Gasherbrum 2004 espedizioaren atarikoak izan dira, aurtengo hau baitute orain arteko desafio handiena. Izan ere, hiru lagunez osatutako espedizio txiki-txikiak honelako bi menditzar egitea ez da eguneroko gauza. Badakite, gainera, oso garrantzitsua izango dela abentura hau ondo ateratzea, bultzada handia emango diela. Euren berrien zain izango gaituzte, noski. Animo...