|
Igor Uranga
Ez al zaude nazkatuta jendeak zu De Pedrorekin behin eta berriz konparatzeagatik?
Bai, baina hori saihestea oso zaila da. Realarentzat hain garrantzitsua izan den jokalari baten lekuan aritzea ez zait batere erraza egin. Hala ere, ahalik eta ondoen lan egiten saiatu naiz, polemika guztiak alde batera utzita.
Eta hori gutxi balitz, azken partiduetan txistuak ere jo izan dizkizute Anoetan. Etxera joaten zarenean, hotzean, zer etortzen zaizu burura horretan pentsatzen jartzen zarenean?
Egoera zaila da. Zure estadioan jokatu eta tarteka txistu batzuk entzutea ez da batere gozoa, baina taldearen egoeraren ispilua izan da hori, jendeak bere iritzia emateko eskubidea du, eta errespetatu egin behar dut.
Azken urteotan, arrazoi ezberdinengatik, sufritzea egokitu zaizue. Horrelako egoeran eta 25 urterekin, zaila al da barruan duzun guztia ematea?
Beste egoera batzuetan baino zailagoa, dudarik gabe. Taldea leku lasai batean sailkatuta egonez gero –ez goian, ez behean–, errazago jokatzen da; presiopean jokatzea beti ez da ona futbolariarentzat.
Lehen Mailara iristen direnean, futbolari asko harrotu egiten omen dira ezagunak bihurtzen direlako. Zeu ere bai? Hainbeste aldatzen al da pertsona?
–Ez zait iruditzen. Bizitza aldatu egiten zaizu, kalean zoazenean jende askok kasu egiten dizu, eta beharbada lehen egiten zenuen bizitza edo egiten zenituen gauzak orain ezin dituzu egin. Bizitza aldatzen da, baina izaera ez.
Zenbat autografo sinatzen dituzu egunean?
Egunaren eta taldearen egoeraren araberakoa da hori. Batzuetan batere ez, eta beste batzuetan –umeek eskolan jai dutenean, bereziki– asko. Kalean ere, ibiltzen zaren lekuaren arabera, ume gehiago edo gutxiago etortzen zaizkizu autografo eske.
Eta zu joaten al zinen autografo eske Realeko futbolariengana?
Egia esan, ez. Lotsatia nintzen eta, gainera, nahiago nuen futbolean aritu ikusten egon baino; futbola ez zen nire pasioa.
Dena den, txikitan ba al zenuen gogoko jokalaririk Realean?
Joxe Mari Bakero, ni bezala Añorgan aritu zelako futbolean.
Realeko zein jokalarirekin duzu harreman handiena?
Hemengo jokalariekin, aspalditik nirekin aritu direnekin batez ere: Mikel Aranbururekin, Alonso anaiekin, Gurrutxagarekin, Barkerorekin...
Eta Lee korearrarekin nola komunikatzen zarete?
Zaila da, baina gaztelania gero eta gehiago ulertzen du, eta pixkanaka askatzen hasi da. Mutil jatorra da, xelebrea.
Zein da taldeko jokalari umoretsuena, alaiena?
Jokalari asko dago, baina agian, baten bat aipatu beharko banu, Aitor Lopez Rekarte Bonba esango nuke. Halako jokalari alai eta umoretsuak talde guztietan daude, eta beharrezkoak dira, gainera, talde giro eta harmoniari eusteko.
|
Taldekideon arteko harremana profesional hutsa al da, ala partidu eta entrenamenduetatik kanpo ere elkarrekin ateratzen zarete?
Denetarik pixka bat. Betiko adiskideak eta familia inguruan izaten dira, eta tarteka taldekideekin ere geratzen gara zerbait egiteko.
Zubietan nork agintzen dizue gehiago: Zamorak ala Denouixek?
Entrenatzailea berez Denoueix da, baina hizkuntzarekin bere arazotxoak ditu, eta alde horretatik Zamorak izugarri laguntzen dio.
21 urterekin debutatu zenuen Realaren lehen taldearekin. Sansen zeuden jokalari guztien ametsa bete zenuen horrela. Nola gogoratzen duzu momentu hura?
Oso momentu polita, zalantzarik gabe. Santanderko Racing taldearen aurkako neurketa batean egin nuen debuta, eta pena izan zen azkeneko momentuan haiek partidua berdindu izana. Hala ere, ametsa egia bihurtu zen egun hartan. Gogoan dut urduri samar nengoela; baina tira, urduritasun punttu hori ere beharrezkoa da partiduan tentsioan egoteko.
Realeko lehen taldera igotzea lortu duzu, baina beste asko bidean geratzen dira. Zer aholku emango zenieke Realean jokatu nahi duten guztiei?
Dakitena egitea, presiorik gabe jokatzea, eta batez ere zelaian futbolean gozatzea. Hortik aurrera iritsi beharrekoa helduko da, baina ez da itsutu behar. Norberaren esku dagoen guztia ondo egin, langilea izan... Azkenean, denborak bakoitza bere lekuan jarriko du.
Itxura denez, txiki-txikitatik irabaztera ohituta omen zaude: hondartzako futbolean, gero zelaian...
Txikitatik zortea izan dut talde onetan jokatu izan dudalako; hala, partidu gehienak irabazten genituen. Baina hori ez dakit zenbateraino den ona. Jakin egin behar da partidu lehiakorragoak jokatzen eta galtzen, izan ere une horiei aurre eginez izugarri ikasten da. Nire kasuan, eta txikitan ari naiz, lauzpabost partidu alde batera utzita gainerako guztiak irabazten genituen.
Zenbat urterekin ekin zenion futbolari?
Ez dakit, hasieran Añorga Txikiko Amasorrain ikastolako taldearekin aritu nintzen areto futbolean, eta ondoren ni baino zaharragoekin hasi nintzen futbolean, 8-9 urterekin hain zuzen. Aitak Añorgako entrenatzaile bat ezagutzen zuen, eta hara joaten hasi nintzen.
Eta beti futbolean?
Orduan ez zegoen egun bezala eskola kirol programa zabalik, eta nire inguruko guztiak futbolean aritzen ziren. Baina hortik kanpo, 10 urterekin eta urte pare batean judo egiten ere ibili nintzen, baita Añorgako dantza taldean ere.
Zein dira zure helburuak futbolari gisa?
Realari ahal dudan guztia ematea, eta ahal bada nire futbolari ibilbidea bertan amaitzea.
– Astean lauzpabost entrenamendu, eta asteburuan ere entrenatu egin behar. Batzuentzat lan gutxi izan arren, ez al zara aspertzen?
Beti dago zerbait egiteko. Goizetan entrenatzera joaten naizenean, goiz guztia horren inguruan joaten zait kaisik. Hortik aparte, andregaia eta senideak hor ditut. Lagunekin egon, andregaiarekin pasieran ibili... gauza normal samarrak egiten ditut.
|
Amasorrain Añorga taldean, 1988an, Ibai ikastolako ikasturte amaierako festan antolaturiko areto futbol txapelketaren finalean. Finala irabazteaz gain, jokalari onenaren saria eskuratu zuen Gabilondok. Argazkian behean, ezkerretik hasita laugarrena.
|
Añorga Casa Alava taldean, Tolosan antolaturiko futbol 7 txapelketan. Finalean, Real Madriden aurka galdu zuten, penaltietan. Goiko lerroan, ezkerretik hirugarrena da Gabilondo.
|
Real Sociedad B edo Sanserekin jokaturiko partidua, Arenasen kontra.
|
Realaren elastikoarekin, Alavesen aurkako partidu batean.
|
|
| |
 |
 |
|