Parapentea


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 12 2004/05 »  Parapentea

Parapentea
Hastapen ikastaroak Igeldon egin ohi dira. Aireratzeko ere toki paregabea da hiritik hain gertu dugun mendia.


Emoziorik bizienak, airetik lurrera begira

Beti esan izan da hegan egitea dela gizakiaren gurarietako bat. Tresna bereziak erabili gabe hegan egin duen pertsonarik ez da sortu, baina parapenteak, kasu, airean libre ibiltzeko sentsazioa eman dezake...

Abentura kutsua ere baduten kirolak moda-modan daude, batik bat naturan murgiltzeko aukera eskaintzen dutenak. MUGIren aurreko zenbakian mendian egin daitezkeen kirolak aurkeztu genizkizuen. Hau da, lurrean egin daitezkeenak. Badira, ordea, gizakia betidanik erakarri duten beste bi elementu, airea eta ura, nahiz eta horiek nahiko arrotzak izan oinak lurrean izateko diseinatuta gauden gizakiontzat.

Hala eta guztiz ere, nork ez du amestu txori baten moduan hegan egitearekin edota, arrainek bezala, urpean ibiltzearekin? Bada, bi sentsazio horiek ere izan ditzakegu etxetik gehiegi urrundu gabe... Hori bai, ausardia apur bat eta zuhurtasun handia eskatzen dute orrialdeotan aipatuko dizkizuegun kirolek: parapenteak eta urpekaritzak, hain justu.

Historian zehar, pertsona asko saiatu dira hegan egitea ahalbidetzen duten tresnak asmatzen. Hegazkinek, noski, ematen digute airean barna ibiltzeko aukera, baina ez da gauza bera... Hegan egiteko sentsazio bete-betea hegaldi libreak eskaintzen du, eta egun baditugu horretarako bidea ematen duten tresnak. Esate baterako, parapentea.

Parapentea nahiko berria da, eta NASAko ingeniarien lanetan du jatorria. Hain justu ere, espaziora bidaltzen zituzten ontzien lurreratze –edo ilargiratze– egokia ziurtatzeko asmatu zituzten parapentearen aurrekaritzat har daitezkeen tresnak. Finean, dena den, paraxutaren bilakaera da parapentea, paraxut angeluzuzen handia. Ez dizkizuegu parapentearen ezaugarri teknikoak zehaztuko, baina jakin ezazue haizea primeran aprobetxatzen duen tresna horren berezitasun nagusia planeatzeko gaitasun handia dela: hegan egiteko gaitasuna, alegia.
Eta saioa egin nahi baduzue, Donostian baduzue horretarako aukera Ostargi parapente eskolaren eskutik. Iñigo Urrutikoetxea taldeko kideak esan digunez, 14 urtetik aurrera has zaitezkete parapentean, betiere guraso bien idatzizko baimena eskuratu ondoren. Ez pentsa, ordea, berehala hasiko zaretenik zeuen kabuz hegan egiten. Parapentean hegan egiten ere ikasi egin behar da, noski.

Iñigok esan digunez, parapentearen teknika ez da zaila. Gakoa, azken batean, haizea antzeman eta hori interpretatzean datza, haizea baita parapentearen ‘erregaia’ eta horri airean eusten diona. Hori nahiko konplikatua omen da...

Lehenik eta behin, hastapen ikastaroa egin behar da hiruzpalau egun osoz, oinarrizko teknikak ezagutzeko eta menderatzeko. Ikastaro horiek Igeldon egiten dituzte, asteburuetan. Ondoren, hegan egiteko ordua helduko da, baina aurreneko urtean monitorearen kontrolpean egiten dira hegaldi guztiak. Hain zuzen ere, nork bere kabuz hegan egiteko federazioak ematen duen pilotu titulua behar da, eta horretarako alde praktiko zein teorikoak dituen azterketa bat gainditu behar da. Dena den, hegan egitea zer den jakiteko badago beste modu bat: bi lagunentzako parapente batean monitorearen ondoan joatea, ‘pakete’ modura, esperientziaz gozatzeko. 55 euroren truke dago hori egiteko aukera. Eta, adi, beharbada datorren hileko MUGIn sorpresaren bat izango duzue eta...

Informazio gehiago:
Ostargi Parapente Eskola
943 27 81 96
629 43 68 66


Parapentean aritzeko teknika nahiko erraza da; zailagoa da, ordea, haizea interpretatzea.

Hegan egitea zer den sentitzeko, ‘pakete’ modura ere joan zaitezke alboan monitore bat daramazula
Materiala ezagutu eta menderatzea, beharrezkoa.