Beste aukera batzuk


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 12 2004/05 »  Beste aukera batzuk

Beste aukera batzuk

ESKRIMA





Dibertsio baketsurako armak

Gizakiak, tamalez, betidanik erabili izan ditu armak. Hala, XV. mendeaz geroztik dibertsio eta ariketa fisiko baketsurako tresnak ere badira ezpata, sablea eta florea bezalako armak, kirol eskrimari esker. Donostiara duela lau bat urte heldu zen kirol modalitate hau eta ondo errotu dela esan daiteke. Fortuna Kirol Elkarteak kudeatzen duen Pio Baroja kiroldegia da eskrimalari donostiarren egoitza nagusia. Kirol instalazio horretako galeria berezian 100 ikasle dituzte, eta urte osoan antolatzen dituzte ikastaroak. Udako kirol jarduera berezietan ere izan ohi du tartea eskrimak.

Eskrima kirol oso teknikoa da eta, armak erabili arren, ez da arriskutsua, eskrimalariek ondo babesten baitituzte gorputzaren atal guztiak. Hortaz, edozein unetan has daiteke eskriman, baita ume-umetan ere, eta ia bizitza osoan jarraitu.
Badu berezia den zerbait eskrimak, hasten diren gehienek jarraitzen baitute... Igor Otaegi eskrima-maisuak esan digunez, edonork egin dezakeen kirol dibertigarri eta lasai samarra da eskrima. Urte osoan egin daiteke eta, xakearen kasuan bezala, ikasi ahala geroz eta dibertigarriagoa omen da. Erabiltzen den armaren araberako hiru modalitate badaude ere, Donostian sablea da nagusi. Arma ez ezik, arropa eta maskara bereziak ere elkarteak uzten dizkie hasiberriei. Erosteko ere ez dira garestiegiak.

Erreflexu biziak izatea, teknika menderatzea eta estrategia lantzea eskatzen du eskrimak eta, kasu honetan, burua erabiltzea bezain garrantzitsua da gorputza kontrolatzea.


Informazio gehiago:

Pio Baroja Kiroldegia
Fortuna Kirol Elkartea
943 21 49 00 telefonoa


ARKU-TIROA

Apuntatu ondo eta jo geziaz dianaren erdian

Arkua eta geziak ehizarako tresna izan ziren lehenik, baina borrokarako erabiltzen ziren eskrimako armak bezalatsu, kirolerako tresna bilakatu ziren aspaldi. Gezi zorrotza arkutik sekulako abiaduran irteten dela kontuan harturik, arku-tiraketa kirol arriskutsua izan daiteke. Hori dela eta, neurri eta arau zorrotzak ezartzen dira kirol hau praktikatzeko. Horri esker, gurean bederen ez da inoiz ezer gertatu, arriskua kontrolpean baitago beti. Gainera, ez omen da kirol batere erraza... Gutxienez 12 urte eduki behar dira hasteko, eta geziak botatzen hasi aurretik ezinbestekoa da oinarrizko ikastaroak gainditzea. 10-12 orduko hastapen-ikastaroan kirolaren arauak, mugimendu eta teknikak ikasten dituzte jaurtitzaile hasiberriek. Ilunbe inguruan dagoen tiro-eremura irten aurretik, oro har, hilabete pare batez trebatu ohi dira jaurtitzaileak galeria itxian.

Oinarrizko maila hori gainditutakoan, atari zabalean praktikatu ohi den kirola da arku-tiroa, eremu itxi eta kon-trolatuetan betiere. Hortaz, naturarekin harremanetan egoteko aukera ere eskaintzen du kirol honek. Dianaren erdi-erdian jotzeak zer-nolako poza ematen duen jakin nahi baduzue, Karmelo Balda pilotalekuaren azpian dagoen Diarco Klubaren galeriara jo dezakezue, behar guztietara egokitutako ikastaroak antolatzen baitituzte bertan.



Informazio gehiago:

Diarco Kluba
Anoeta pasealekua, 54
943 46 12 83 telefonoa