Atenas 2004


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 13 2004/06 »  Atenas 2004

Atenas 2004
Atenasera begira

Sorterrira itzuliko dira jokoak

Antzinako Joko Olinpikoek ez zuten batere zerikusirik egunkoekin. 1896 urtean abiatu ziren Aro Modernokoek ere ez zuten 2004an egingo direnekin antz handirik. Aurten, ordea, inoiz baino ‘tradizionalagoak’ izango dira jokoak, sorterrira itzuliko baitira.



Bakearen eta elkartasunaren aldeko aldarrikapenak beti izan du tarte garrantzitsua Joko Olinpikoetan.


Kirolaren inguruko ikuskizun handiena dira Joko Olinpikoak. Edizioz edizio, are handiagoak. Zenbakiei erreparatuz gero, abuztuaren 13an Atenasen hasi eta 16 egunez luzatuko direnak itzelak izango direla esan liteke: 200 herrialdetako 16.000 ordezkari –horietako 10.500 atletak–, 28 kirol, 38 egoitza, hedabideetako 25.000 langile, hainbat segurtasun indarretako 45.000 kide, saioak ikusteko salgai jarri diren 2 milioi sarrera baino gehiago, 12 milioi otordu, telebista bidezko milioika ikusle eta, batere zalantzarik gabe, ikusle horiek guztiak aho zabalik utziko dituzten markak.

Joko Olinpikoak, dena den, zenbaki soilak baino areago dira. Kirola baino gehiago ere badirela esan daiteke ‘espiritu olinpiko’ famatua ain-tzat hartuz gero, nahiz eta azken hamarkadetako Joko Olinpikoetan ikuskizunaren aldea izan gehien nabarmentzen dena.

Oso bestelakoak ziren antzinako Joko Olinpikoak. Ez ziren, gainera, Grezian antolatzen ziren mota horretako joko bakarrak. Antzinako greziarrek hainbat hiritan antolatzen zituzten jokoak jainkoak ohoratzeko: Apolo Pitioren omenezkoak Delfosen, Poseidonen omenezkoak Korinton, Herkulesen omenezkoak Argolidan edota, horiekin batera, Zeusen omenezkoak Olinpian. Olinpiako jokoak ziren, hain zuzen, famatuenak, eta K. a.-ko 790 urtekoak dira horiei buruzko lehen berriak, nahiz eta, seguruenik, lehenagotik ospatu.


Su olinpikoa martxoaren 25ean piztu zen Olinpian.

Joko haietan hamabi proba zeuden, gerrarako egokiak izan zitezkeen jarduerei lotuak batik bat: luzera desberdineko lasterketak, jaurtiketak, zaldiketa, hainbat borroka mota, zenbait diziplina uztartzen zituzten proba konbinatuak, arma eta guzti jokatzen zirenak tartean... Gizonezkoek hartzen zuten soilik parte proba haietan, eta irabazle bakarra zuten, bigarren eta hirugarren postuak ez ziren-eta aintzat hartzen. Eta ohore handia zen antzinako greziarrentzat irabazleari ematen zitzaion ‘kotinos’ edo olibondo adarrez eginiko koroa janztea.

Gure aroko IV. mendean, Grezia mendean zuen Teodosio enperadore erromatarrak debakatu egin zituen jokoak, eta antolatu gabe egon ziren harik eta XIX. mendean Grezia klasikoa izugarri miresten zuen Pierre de Coubertin frantsesak jokoak berpizteari ekin zion arte. Coubertinen eta beste eragile batzuen lanari esker,
1896 urtean berpiztu ziren Joko Olinpikoak Atenasen. Aro Modernoko lehen Joko Olinpikoek 13 herrialde eta 300 bat kirolari baino ez zituzten bildu, horietako 197 greziarrak.

Garai hartako komunikabideek ez zieten batere kasurik egin, baina irekiera saioak, ezustean, 80.000 ikusle erakarri zituen Panatenaico estadio zaharberritura eta inguruko mendixketara, eta XX. mendearen historiarekin lekuko izan diren jokoek orain arte egin duten bide oparoari ekin zioten.

Ordukoak dira Pierre de Coubertinek miresten zituen balioak islatzen dituzten sinbolo nagusiak: bost kontinenteak irudikatu nahi dituzten bost eraztun uztartuak, parte hartzea irabaztea baino garrantzitsuagoa dela dioen goiburua, kirolzaletasun garbiaren aldeko apustu den juramentua... Espiritu olinpikoa, finean.

Horrez gain, gizadiak egin dituen aurrerabideen lekuko ere izan dira Olinpiadak eta maiz aurrea hartu izan diete politikari eta agintariei. 1904an Estatu Batuetako San Luisen egin ziren jokoetan, esaterako, atleta zuriek izan zuten soilik parte hartzeko eskubidea, eta Coubertinek berak adierazpen oso gogorrak egin zituen arrazakeria kasu nabarmen horren aurka. Polemika bizia sortu zuen, halaber, 1928 urtean Amsterdamen egin ziren Olinpiadetan Nazioarteko Batzorde Olinpikoak emakumeei Jokoetan parte hartzeko aukera eman zienean.

Emakumeen parte-hartzea, hain justu, etengabe joan da handitzen jokoetan. Aurten, konparazio batera, kirol askotan murriztu egin da parte-hartzaileen kopurua. Emakumeen kasuan, ordea, areagotu egingo da bai parte hartzaileen eta baita modalitateen kopurua ere.

10.000 atleta, 28 kirol, 38 egoitza, 25.000 kazetari... Zorabiatzeko modukoak dira ‘ zenbaki olinpikoak’
Antzinako tradizioa berreskuratuz, ‘su-eten olinpikoa’ aldarrikatzeko mugimendua jarri da abian


Su-eten olinpikoa

Aurtengo Joko Olinpikoek nobedade ugari ekarriko dituzte kirolaren alorrean, baina espiritu olinpikoari atxikitako berritasun garrantzitsu bat ere bada bidean, su-eten olinpikoaren aldeko aldarrikapena.

Antzinako Joko Olinpikoetan, jokoak hasi baino lehenagoko zazpi egunetan, horiek irauten zuten bitartean eta ondorengo astean Grezian egon zitezkeen borroka guztiak gelditu egiten ziren, atletek eta ikusleek Olinpiarako joan-etorria bakean egiteko modua izan zezaten. Egun haietan astintzen ziren arma bakarrak estadio barruan erabiltzen zirenak ziren.

1998 urtean, Greziako Gobernuak ideia hura berreskura zezan eskatu zion Nazioarteko Batzorde Olinpikoari eta Batzordeak, 1999an, ideia hori garatzeko fundazioa jarri zuen abian, Joko Olinpikoak bake eta elkartasun gune izan daitezen. Ospe handiko izenak bildu dira ekimen honetara, nahiz eta oraindik lehen pausoak ematen ari diren. Atenasen aparteko garrantzia emango zaio aldarrikapen honi, munduak behar du-eta bakerako gunerik.