Paralinpikoak


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 13 2004/06 »  Paralinpikoak

Paralinpikoak
Atenasera begira

Joko Olinpikoak amaitu orduko, Paralinpikoak



1960 urteaz geroztik, Joko Olinpikoak amaitu eta aste gutxira Joko Paralinpikoak egin ohi dira. Joko Paralinpikoetan ere goi mailako atletek hartzen dute parte, berezitasun batekin ordea: kirolari paralinpikoek gainerakoen baldintza berberetan lehiatzea eragozten dien arazo fisiko edo psikikoren bat dute. Hori kenduta, gainerakoak bezalaxe saiatzen dira; areago, agian, muga askoz gehiagori egin behar dietelako aurre. Mugimendu paralinpikoa etengabe hazi da duela 44 urte Erroman egin ziren estreinako Joko haiez geroztik. Orduan, 23 herrialdetako 400 atleta lehiatu ziren zortzi kiroletan. Orain lau urte Sydneyn egin zirenetan, ostera, 123 herrialdetako 3.843 atleta bildu ziren.

Beste urrats batzuk ere sendotu dute kirol paralinpikoaren bidea: 1988 urteaz geroztik Joko Olinpikoak
hartu dituen egoitza berean egiten dira, aurreko urteetan ez bezala, eta kirol paralinpikoen kopurua ere nabarmen handitu da. Beste urrats garrantzitsu bat Atenasen egin da, zeren eta historian lehen aldiz batzorde berberak antolatuko baititu Joko Olinpikoak zein Paralinpikoak. Atenaskoak XI. Joko Paralinpikoak izango dira, eta 2006 urtean egingo diren Neguko Joko Paralinpikoak zazpigarrenak.

Proteus maskota lagun, 19 kiroletan lehiatuko dira 4.000 bat kirolari irailaren 9tik aurrera. Horietako 15 –atletismoa, igeriketa, txirrindularitza, zaldiketa, eta abar– egitarau olinpiko orokorrean ere badaude. Paralinpikoak soilik diren lau kirol berezi ere badira: itsuek praktikatzen duten goalballa, petankaren antzeko boccia, halterofiliaren antzeko poweliftinga eta aulki gurpilduk gaineko errugbia.


Negukoak, berriz, urte eta erdi barru



Ziklo olinpikoa osatu gabe geratuko litzateke Neguko Joko Olinpikoak aipatu gabe, nahiz eta negukoak eta udakoak, azkenaldian, ez ospatu urte berean.

Sortu ere udakoak baino beranduago sortu ziren Neguko Joko Olinpikoak, 1924 urtean egin baitziren lehen aldiz Chamonixen, udakoak Parisen egin ziren urte berean. 1924tik 1992 urtera, bat egiten zuten egutegian udako eta neguko jokoek, nahiz eta, izenak berak adierazi bezala, sasoi desberdinean egin.
1992koak izan ziren, beraz, urte berean egin ziren azkeneko jokoak: Bartzelonan udakoak eta Albertvillen negukoak. Orduan erabaki zen urratsa aldatzea eta negukoak eta udakoak tartekatzea. Horrela, bi urtez behin jotzen du gaina mugimendu olinpikoak, lau urtez behin piztu beharrean.

Aparte ospatu ziren aurreneko Joko Olinpikoak Norvegiako Lillehammerren egin ziren 1994an, eta haien ondoren Japoniako Naganon eta AEBetako Salt Lake Cityn egin dira hurrenez hurren, 1998 eta 2002 urteetan. Hurrengoak, beraz, 2006 urtean tokatzen dira, eta Italiako Turinen egingo dira, urte horretako otsailean. Hiriburuko izotz jauregiak hockey eta patinaje probak hartuko ditu, baina elurra behar dutenak Susa Haran Garaieko eski eremuetan egingo dira, batik bat Sestriere ingurukoetan. Italiak, horrela, bigarren aldiz hartuko ditu Neguko Joko Olinpikoak, aurrenekoak hartu zitueneko 50 urte beteko direnean. Izan ere, Cortina d’Ampezzon egin ziren 1956 urteko Neguko Jokoak eta handik lau urtera, 1960an, Erroman antolatu ziren udakoak.