Phivos eta Athina


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 13 2004/06 »  Phivos eta Athina

Phivos eta Athina
Atenasera begira









Nor dira Phivos eta Athina?

Phivos eta Athina Atenasko Joko Olinpikoetako maskotak dira: bi gaztetxo alai eta jostalari.

Anai-arrebak dira Phivos eta Athina: mutikoa Phivos eta neska Athina. Irudi modernoa badute ere, antzinako panpina mota batean inspiratuta daude, eta izenak ere tradizio handikoak dituzte, mitologia grekoari lotuak. Asmoa, bistan denez, egungoa eta antzinakoa uztartzea da.

Phivos eta Athina Grezian gaur egun dezente erabiltzen diren pertsona-izenak ere badira. Phivosek Apolo argiaren eta musikaren jainkoa dakar gogora –Phoebos edo ‘dirdiratsua’ zen haren goitizena–, eta Athinak, berriz, Atenasen zaindari ere baden Athena jainkosa: Joko Olinpikoetako maskota sortzea Grenoblen bururatu zitzaien, 1968ko Olinpiadetan. Orduz geroztik unean uneko maskotak bilakatu dira Joko Olinpikoen oroigarri bikainena. Denboran hamabi urte atzera eginez gero, zer dute gogoan askok Bartzelonako Joko Olinpikoak aipatutakoan? Bada, Coby maskota ofiziala.

Maratoia,

duela 2.500 urte bezala

Proba olinpiko garrantzitsuenetakoa maratoia da, eta aurtengo jokoetan are garrantzitsuagoa izango da, 2004ko atletek Kristo aurreko 490 urtean Filipides soldaduak egin zuen ibilbide bera egingo dute-eta, Marathonas herritik irten eta Atenasera heltzeko.

Filipidesen balentriak, haatik, ez zuen zerikusirik izan kirolarekin, gerrarekin baizik. Aipatu urtean, greziarrek persiarren aurkako garaipen garrantzitsua lortu zuten Marathonasko borrokan, eta horren berri ematera bidali zuten Filipides Atenasera. Egia esateko, soldadu korrikalariaren balentria handiagoa izan zen, Espartaraino joan baitzen bi egunean 240 kilometro eginda.

Halaz guztiz, antzinako Joko Olinpikoetako kirolen artean ez zegoen maratoirik. Atletismoaren modalitate luzeena eta gogorrena aro modernoko Joko Olinpikoen eskutik bilakatu zen olinpiko. Aurten, dena den, antzinako kutsua izango du 42 kilometrotik gorako lasterketak, 2.500 urteren buruan paisaia asko aldatu den arren.





Zenbat kilometro egingo

ditu su olinpikoak?

Joko Olinpikoen hasieratzat hartu ohi da su olinpikoa piztea. Zeremonia hori martxoaren 25ean egin zen Olinpian. Grezia zeharkatu eta hortik Australiarako bidea hegazkinez egin ondoren, ekainaren 4an hasi zuen su olinpikoak Sydney hirian Atenasen amaituko den nazioarteko ibilbidea.

Guztira, 78.000 kilometro egingo ditu su olinpikoak 27 herrialdetan barrena. Kontinentez kontinente ibiliko denez –esan bezala, Afrikan eta Hego Amerikan ere izango dute sua eramateko aukera–, kilometro horietako asko hegazkinez egingo ditu, abuztuaren 13an Estadio Olinpikora heldu eta bertako su-ontzia piztu aurretik.

Sua eramango duten 3.600 korrilakarien eskuetan 1.500 kilometro egingo ditu ‘bakarrik’ ahotan hartzen ari garen su olinpikoak eta, guztira, 260 milioi lagunek izango omen dute sua euren herrian ikusteko aukera.

Non egingo dira

hauen hurrengoak?

Joko Olinpikoak antolatzea lan izugarri handia denez, aurrerapen handiz erabaki ohi du Nazioarteko Batzorde Olinpikoak zein herrialdetan egingo diren jokoak. Hortaz, 2001 urteaz geroztik dakigu 2008 urteko Olinpiadak Pekinen egingo direla; munduko herrialde jendetsuena den Txinan, alegia.

Joko Olinpikoak ez dira lehen aldiz helduko Asiara. 1988 urtekoak, adibidez, Hego Koreako hiriburu Seulen egin ziren. Baina, eraztun olinpikoek bost kontinenteak islatu arren, Olinpiadak bitan egin dira bakarrik Europa edo Amerika ez den kontinente batean. Seulekoez gain, gogoan dugu guztiok oraingoz azkenak direnak, 2000 urtekoak, Ozeanian egin zirela, Australiako Sydney hirian. Inoiz Joko Olinpikorik antolatu ez duen kontinente bakarra Afrika da.

2012 urteko Joko Olinpikoak seguruenik ere Europan izango dira, jokoak antolatzeko aukera handienak dituzten hiriak Paris, Madril eta Londres baitira, laugarren postuan New York dagoela.