Arrauna: Oier Aizpurua


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 13 2004/06 »  Arrauna: Oier Aizpurua

Arrauna: Oier Aizpurua
Atenasera begira

OIER AIZPURUA

PIRAGUISTA

«Dena bi minututan erabakitzea

presio handia da»


Zumaiako Itxas Gain taldekoa da goi mailako piraguista hau.


I.U.

60 ehunenengatik geratu zara Joko Olinpikoetatik at, zer-nolako aldartea duzu?

Oso txarra. Hainbeste denboran lan handia egin eta gero hain gertu geratzeak amorru handia ematen du. Gainera, ikusi behar zen nola geratu ginen kanpoan: azken 200 metroetan gure ontziko kide bat, presioagatik edo urduritasunagatik –ez dakigu–, arraun egin ezinik geratu zen. Une horretan bigarren gindoazen, baina ezin izan genion postuari eutsi. Ez dakit inoiz halakorik gertatu den, baina horren aurrean ezin da ezer egin.



« Halako kolpe baten ondoren, azken urteetako lanak ez duela ezertarako balio izan uste duzu»

« Piraguismoa ez da eliteko kirola bakarrik; piraguak askatasuna ematen dizu nahi duzuna edonon egiteko»


Noiztik ibili zara Olinpiadak prestatzen?

2000 urteaz geroztik. Espainiako Federazioa aspalditik k-4 modalitatean –lauko piraguan– ontzi on bat osatu nahian zebilen, eta proiektu bat egin zuen gazte jendearekin ontzi bat ateratzeko xedez. Proiektu hori 1998an jarri zen abian, eta 2000.ean hasi ginen buru-belarri lanean Atenasko Joko Olinpiko hauei begira. Espainiako Federazioaren helburua, hain zuzen, hori zen, k-4ko ontzi bat Atenasen egotea, baina ez da posible izan...

Halako kolpea hartu ondoren, egindako lanak zerbaitetarako balio izan duela uste duzu?

Beroan ezetz uste duzu, ez duela ezertarako balio izan, baina etxera etortzerakoan eta ikusten duzunean zure atzean dagoen jendeak ez dizula bizkarra ematen, orduan baloratzen duzu benetan egindakoa; orduan konturatzen zara jendearengan nolako ilusioa piztu duzun. Hala, helburua lortu ez arren ondoan dut jendea. Hori ez da diruz ere ordaintzen...

Erretiratu egingo zarela entzun dut. Egia al da?

Etsipenaren ondorio izan zen iruzkin hori, baina nagoen mailan dena pikutara bidaltzea asko kostatuko zait. Munduko eta Europako txapelketetan onenen artean gaudela frogatu dugu, eta ikusiko dut azkenean zer erabaki hartzen dudan. Presio handia izan du gure ontziak: lau urteko lan guztia bi minututan erabaki behar izan da, eta hori sekulako presioa da.
Ez al duzu posible ikusten 2008ko Joko Olinpikoetarako sailkatzea?

Ez. Etxetik kanpo urte asko daramatzat, eta etxea, familia eta baita andregaia ere ate-joka ditut bueltatzeko, Zumaiara bueltatzeko alegia. Sakrifizio handia, handiegia egin beharko genuke beste lau urtetan maila horretan ibiltzeko.

Zergatik da, bada, hain kirol gogorra piraguismoa?

Oso kirol konpletoa da eta, horregatik, entrenamenduak izugarri gogorrak dira. Arraun egiteaz gain, bizikletaz ibili behar da, korrika, eskiatzen, igerian, gimnasioan ordu asko sartzen... Horrela, Munduko Txapelketan konparazio batera, aurrealdean ibiltzeko era bakarra buru-belarri entrenatzea da. Goiz eta arratsaldez entrenatu behar duzu, eta zenbaitetan baita hiru bider ere egunean. Gogorra da fisikoki, baina azkenerako gorputza moldatu egiten da erritmo horretara; arazoa, egia esan, burua da. Urte osoa etxetik at igarotzen duzu, gero lan guztia proba batean erabakitzeko! Hori oso gogorra da psikologikoki. Ez da beste kirol batzuetan bezala: erregularra izatea aski da irabazteko edo sailkapena lortzeko.

Gertatutakoa gertatuta, nola animatuko zenuke gaztetxo bat piraguismoan hasteko?

Gauzak argi esanda, piraguismoa ez da eliteko kirola bakarrik. Kirol konpletoa da, eta kirola izateaz gain naturarekin lotura zuzena du, uretan zaude. Piraguak independentzia edo askatasun handia ematen dizu nahi duzun tokira nahi duzun erritmoan joateko. Itsasoan, lakuan, ibaian, ur lasaietan, ur bizitan... leku askotan nahieran ibiltzeko aukera ematen dizu, eta bakarrik nahiz lagunekin batera jardun dezakezu horretan. Klub batean sartuz gero, ostera, leku askotan izateko parada duzu, eta maila ona baduzu jende eta bazter ugari ezagutzeko aukera ona ematen dizu.



Nor da?



Izena : Oier Aizpurua.
Sorlekua : Zumaia.
Adina : 26 urte.
Altuera eta pisua : 1,80 metro eta 84 kilo.
Taldea : Itxas Gain.
Palmaresa : 2002an, Sevillako Munduko Txapelketan 200 metroetan txapeldun izan zen K-4 modalitatean, eta brontzezko domina eskuratu zuen 200 metroetan. Aurten, zilarrezko domina lortu du K-4n Poloniako Europako Txapelketan. Horrez gain, Munduko Kopako estropadetan domina asko irabazi ditu.