Agenda


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 13 2004/06 »  Agenda

Agenda
Atenasera begira

*

Uda 2004

Izena emateko epea, irekita



Ekainaren 1az geroztik irekita dago Uda 2004 ekimeneko kirol jardueretan izena emateko epea eta, aurreko urteetan bezala, aurten ere oso zabala da Kiroletako Udal Patronatuak uda parterako egiten duen eskaintza.



Ohikoa denez, Donostiako kirol elkarte asko biltzen dira egitasmo honetara, eta horri esker uda aprobetxatuz kirol desberdin ugari egiteko aukera dute adin guztietako donostiarrek. Ordutegi eta data aldetiko aukera ere zabala da, eta ikastaro asko euskaraz ematen dira.

Guztira 30 jardueratik gora dituzue aukeran. Besteak beste, arku tiroa, paddela, tenisa, igeriketa, eskalada, hipika, hondartzako boleibola eta errugbia, zesta punta, bela, bizikleta triala eta beste hainbat kirol.

Eskaintza adinka dago sailkatua, hiru ataletan: 16ra urte bitarteko haur eta gaztetxoak, 17tik 29 urtera bitarteko gazteak eta 30 urtetik gorako helduak. Aukera ez denez berbera guztientzat, kasu honetan
ezinbestekoa da KUPek argitaratzen duen liburuxka ondo miatzea edota www. donostiakirola.org web guneko Uda 2004 atalak biltzen duen informazio zabala ondo aztertzea, nork bere behar eta ezaugarrietara ondoen egokitzen diren ikastaroak aukeratu ahal izateko.

Jakin behar da, halaber, kasu honetan ikastaroak antolatzen dituzten elkarteak direla horiek kudeatzen dituztenak eta, hortaz, elkarte horietara jo behar dela izena emateko. Aipatu ditugun informazio iturri bietan aurkituko dituzue ikastaroei buruzko xehetasunak nahiz elkarteekin harremanetan jartzeko behar dituzuen datuak. Ikastaroek prezio desberdinak dituzte modalitateen arabera, baina Uda 2004ko ekintzetan ere merkeago ateratzen zaie izena ematea KUPen abonatu txartela dutenei.



www.donostiakirola.org gunean ez ezik, 943 48 18 81 telefono zenbakian ere lor dezakezue ekimen honi buruzko informazioa.




*

Hitzorduak



Club Vasco de Camping

Uda osoan egingo dituzte irteerak

Udan ere bere ohiko jarduerekin jarraitzen du Club Vasco de Campingek eta, besteak beste, irteera guztiz erakargarriak prestatu ditu mendian lasai ibiltzea gogoko dutenentzat, Poliki talde arrakastatsuaren bidez hain justu. Uztailean bi irteera egiteko, Gipuzkoako mendi mitiko bat hautatu dute: Aralarko Auza. Abuzturako, ostera, ez ohiko jarduera prestatu dute. Hain zuzen ere, astebeteko txangoa egingo dute Chamonix haranean, Mont Blanc Europako mendi garaienaren inguruan. Azpimarratu behar da talde honek antolatzen dituen irteerak ez direla goi-mendikoak, eta mendian ohitura duen ia edonork har dezakeela horietan parte. Dena den, taldeko arduradun Gloria Latasa eta Nekane Intxaustik emango diete interesatuei informazio zabalagoa, 609 451002 eta 619 460834 telefonoetara hots eginda.

Bestalde, elkarteak jakinarazi digu udako ekainetik irailaren 15era arte luzatzen den sasoian indartu egin duela bere


material-mailegu zerbitzua, batez ere kranpoi eta piolet gehiago erosita. Pirinioetako edo Alpeetako mendi altuenetara joateko, uda izan arren, oso komenigarria da bi tresna horiek eramatea, eta maileguan har daitezke elkartean. Asteazkenetan eta ostiraletan dago irekita zerbitzua, arratsaldeko 19,30etik 20:30era hain justu.




Esku artean duzuen hau 2003-2004 ikasturteko azkeneko MUGI duzue. Udako oporren atarian, berezia eta aurrekoak baino orrialde gehiagokoa egin nahi izan dugu, daukagun onena emateko ahaleginaren adierazgarri.

Eta, okerrik ez bada, datorren ikasturtearekin batera izango gaituzue berriro ere zuekin. Bien bitartean, izan oporraldi atsegina, goza ezazue udaz eta, batez ere, izan kontuan MUGIren ohiko gomendioa:

EGIN KIROLA!