Prestakuntza fisikoa


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 14 2004/10 »  Prestakuntza fisikoa

Prestakuntza fisikoa

Prestakuntza fisikoa

Asier Maeztu Aitor Alonso bikotekidearekin, Euskadiko Sei Orduetan.



Nola prestatzen dira Olinpiar Jokoetan?

Olinpiar Jokoetan lehian hasi aurreko egunetan, gorputzak patxadan, behartu gabe egon behar duela esan digu Asier Maeztu pistako txirrindulariak.



Kirol ekitaldi garrantzitsuenak dira Olinpiar Jokoak, kirolari guztiak sasoi betean izan ohi dira, baina lehiaketari heldu aurretik nola prestatzen dira Olinpiar Jokoetako kirolariak? Nolako entrenamenduak egiten dituzte?

Horri guztiari erantzuteko, Asier Maeztu Atenasen zilarrezko domina eskuratu duen pistako txirrindulariarekin hitz egin dugu. Donostiarrak aditzera eman digunez, «Olinpiar Jokoetan prestakutza fisiko handirik ez da egiten. Lehiaketari ekin aurretik hiruzpalau egun izan nintzen Atenasen, eta entrenamenduak ez ziren gogorrak izan. Goizean bizikleta hartu eta gure pisutik belodromorako 15 kilometroak egiten genituen. Belodromoan entrenamendu arina egin, eta ondoren batzuetan bizikletaz itzultzen ginen». Arratsaldean, berriz, gauza gutxi egiten zuten. «Bizikleta hartu eta Olinpiar Hirian pasieran ibiltzen ginen, lan handirik hartu gabe».

Pista, errepidea eta gimnasioa

Asier Maeztuk aipatu digunez,
«egin beharreko lan guztia Olinpiar Jokoen aurretik egina dago, eta ez da komeni lehiaketa hasi baino egun batzuk lehenago gorputza zigortzea. Geldirik ez da egon behar, baina egurra ere ez zaio eman behar gorputzari. Atseden hartu behar da gero lehiaketan ustekabekorik ez izateko».

Txirrindulari donostiarraren arabera, «lanik gogorrena lehiaketa hasi baino bi hilabete lehenago hasi ohi da. Pistan, errepidean eta gimnasioan aritzen gara garai horretan. Gimnasioan indarra lantzen dugu pisuekin, pistako txirrindularitzan garapen handia erabiltzen dugulako pedalei eragiterakoan. Errepidea, ostera, erresistentzia handitzeko oso baliagarria da. Lan hori egunero goiz eta arratsaldez egiten dugu, prestakuntzaren hiru alderdi horiek txandakatuta: gimnasioa, errepidea eta pista». Olinpiar Jokoak hasi baino hiruzpalau aste lehenago, aldiz, gimnasioko lana alde batera utzi, «eta pistan gogorrago jardun genuen, teknika hobetzeko batez ere».


Erorikoak eta

tendinitisa



Pistako txirrindularitzan eroriko gutxi izaten dira. Maeztuk dioenez, «gaztetxotan, hasiberria zarenean, normala da erortzea. Belodromoaren peraltetik oso geldo joaten bazara, aldapan behera erortzeko arriskua duzu, baina berehala ohitzen zara behar duzun abiaduran ibiltzera». Lesioei dagokienez, errepideko txirrindularitzan bezalaxe, tendinitisa da pistako txirrindularien gaitzik arruntena, «baina horrekin batera, ipurtaldean ateratzen diren erlakaiztenak. Ipurdia denbora luzez aulki gainean egonda, batzuetan minberatu egiten da, eta erlakaizten madarikatu horiekin gorriak ikusten ditugu. Izorratzea eta sufritzea besterik ez zaigu geratzen halakoetan».