Euskal makilakadak kirol bihurtuz
Badakizu euskal makilarekin borrokak egiten zirela, eta orain borroka hori kirol bihurtu nahi dutela? Herritar xumeek defentsarako armatzat zuten euskal makila 70eko hamarkadara arte, eta orain jarduera hori kirol gisa ikasteko aukera dago Pio Baroja kiroldegian.
XX. mende hasieran euskal baserri bakoitzak makilari txapelduna zuen,
segalari txapelduna zegoen bezala
Etxeko apaingarri gisa, pasieran ibiltzeko, baina batez ere sari bezala eman ohi delako ezagutzen dugu euskal makila. Baina ba al dakizue defentsarako arma bikaina izan zela garai batean? Iñaki Ganboa, Goyo Martin eta Igor Otaegi dira euskal makil borroka berreskuratzen ari diren hiru gazteak. Otaegik dioskunez, borroka honen lehen erreferentziek Siziliara eraman zituzten, Italiako irla horretan borroka honek bizirik dirau-eta. «Izan ere, bertan izandako euskaldunek errotu zuten borroka hori han».
XIV-XV. mendeetan jendeak ez zuen dirurik izaten altzairuzko armak erosteko, eta makila herritar xumeen arma bihurtu omen zen Euskal Herrian. XX. mende hasieran ohikoak ziren euskal makil borrokak. «Hainbat baserritako familiako kideen artean izaten ziren, gehienbat. Baserri bakoitzak bere makilari txapeldunak zituen, segalari txapeldunak zeuden bezalaxe», dio Igor Otaegik. Baina borrokarako ez ezik, beste erabilera
|
batzuk ere bazituen euskal makilak, artaldea otsoengandik defendatzea, edota beste animaliaren batek eraso eginez gero, nork bere burua babestea.
Makil borroka hau Siziliara, Portugalera eta Kanarietara esportatu da, eta Kantabrian eta Asturiasen ere ba omen daude erreferentzia batzuk. Defentsa arma edo borroka hau, ordea, nola bihurtu kirol? Otaegik aitortu digunez, Siziliako irakasleek irakatsi dizkiete makil borrokaren teknika eta mugimenduak. Zirkuluan borrokatzen omen da, makila airean erabili behar da espazioak irekiz eta bizkarra babesten ere saiatu behar da. Horretaz aparte, defentsa eraso bihurtzen ahalegindu behar da, eta aurkariaren kolpea geldiaraztearekin batera, norberak erasoko taktika azkar prestatu behar du. Euskal tradizioan hain errotuta dagoen jarduera hau kirol gisa ikasi nahi duzuenok, beraz, Pio Baroja kiroldegian eman dezakezue izena (Tlf.: 943-214900). Urrian ekingo zaio ikastaroari.
|
|
Makilaren ezaugarriak
Bere garaian hilgarria zen euskal makila honen ezaugarriak nolakoak dira? Oro har, egurrezkoa da eta laranjaondoa, olibondoa edo sagarrondoa erabiltzen da makila egiteko; egurra, hain justu, ilbeheran moztu behar omen da, urtarrilean edo otsailean, kalitate onekoa izateko. Makila normalean leuna izaten da erabat, koskarik gabekoa, baina horiek ere izan ditzake. «Garai batean makilarekin gizakia edo animaliaren bat astinduz gero, koska horiekin min handiagoa ematen zelako. Makilaren luzerak, berriz, lurretik bularrerainokoa behar du izan», diosku Igor Otaegik.
|
|