Prestakuntza fisikoa


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 15 2004/11 »  Prestakuntza fisikoa

Jokalari txikien ametsa, amaitzear

Eugenio Rodriguez Bruesa Gipuzkoa Basket taldeko prestatzaile fisikoak dioenez, «jendeak uste duena baino kirol zorrotzagoa da, fisikoki, saskibaloia».

Berotze-ariketak ezinbestekoak dira entrenamendu eta partidetan arazorik ez izateko.


Ez dira urte asko igaro goi mailako saskibaloi partida batean 1,70 edo 1,75 metroko gizonezko jokalariak ikusten zirenetik. Gaur egun, ordea, altuera horretako gutxi ikusten dira. Hala azpimarratu digu, behintzat, Eugenio Rodriguez Bruesa Gipuzkoa Basketeko prestatzaile fisikoak.

Prestatzailearen iritziz, «saskibaloian ez ezik, beste kiroletan ere lehen baino jokalari altuagoak ikusten dira. Horrek ez du esan nahi orain lehen baino jokalari altu gehiago dagoenik, baizik eta jokalari altuak lehen baino askoz iaioagoak, trebeagoak direla». Izan ere, lehen, 2,10 metroko jokalariak ezin zituen ia bere oinak mugitu ere egin. «Orain, aldiz, altuera horretako jokalari ugari daude primeran mugitzen direnak, dantzariak bezala mugitzen direnak. Horra hor 2,13 metro luze den Pau Gasol katalana, adibidez. Entrenamenduetan eta euren prestakuntza fisikoan lan handia egindako jokalariak dira Gasol eta konpainia». Gauzak horrela, jokalari txikiek ez al dute lekurik egungo puntako saskibaloian?
Rodriguezen ustez, «leku gutxi dute; oso onak behar dute izan altuera falta hori era batera edo bestera konpentsatzeko».

Edonola ere, saskibaloiko prestakuntza fisikoa antolatzeko orduan, abiadura lantzea oinarrizkoa dela adierazi digu Rodriguezek, «10-12 urteko gaztetxoen kasuan batez ere. Saskibaloilaria izateko adin horretan egin beharreko lehen urratsa da hori. Abiadura desplazamenduan, defentsan, baloia mugitzerakoan...». Oinarri hori lortu ondoren etorriko lirateke erresistentzia eta indarra lantzeko faseak.

Jauziak egiteko orduan, berriz, «indarrarekin batera teknika oso garrantzitsua da. Jauzi ikaragarria egin arren haren norabidea gaizki kalkulatuz gero, jauzi horrek ez du ezertarako balio izango; indarra alferrik galduko da. Horregatik, burua argi izatea eta behar bezalako koordinazioa izatea garrantzitsuak dira». Horren gainetik, dena dela, prestakuntza fisikoa, oro har, jokalarien behar eta ezaugarrietara moldatu behar dela aitortu digu Eugenio Rodriguezek.


Lesioak saihestea da helburua
Eugenio Rodriguez Bruesa Gipuzkoa Basketeko prestatzaile fisikoak aditzera eman digunez, «zenbait entrenatzailek gustuko dute bospasei jokalari %100ean behartzea, horrek lesioren bat eragiteko arriskua izan arren; beste batzuk, aldiz, plantillako jokalari guztiak fisikoki %90ean behartzen dituzte. Azken honen aldekoa naiz neu. Lesioak izateko aukerak asko murrizteaz gain, beharra dagoenean %10eko tarte hori duzu pixka bat gehiago estutzeko». Saskibaloian, lesio ohikoenak bizkarrekoak, orkatilekoak eta belaunekoak dira. «Pibotek, adibidez, errebotea hartzerakoan jauzi egin eta lurra ukitu beharrean jokalari baten oina zapaldu eta orkatila bihurtzen dute askotan. Horregatik, askok orkatilak ondo lotuta eramaten dituzte entrenamendu eta partidetan, prebentzio gisa». Errebotea hartzerakoan, era berean, bizkar aldea asko luzatzen omen dute sarritan jokalariek, eta une horretan norbaitek bizkarra ukitu edo bultzatuz gero, bizkar aldean lesioren bat izateko arrisku handia izan ohi da.