Gaurkoa eta biharkoa


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 15 2004/11 »  Gaurkoa eta biharkoa

Sufritzea gustuko duten bi erbi

Kamel Ziani eliteko atleta oriotarrak ez du parte hartuko aurten Behobia-Donostia proban; bai, ordea, Gonzalo Vicente korrikalari donostiar gazteak. Biek adierazi dute erritmo bat hartu eta horri eustea dela garrantzitsuena lasterketa honetan.



Martin Fiz erretiratu zenetik, Kamel Ziani da iraupen luzeko korrika lasterketetan euskal ordezkari aipagarriena. Maratoietan buru-belarri sartuta dabil oriotarra, baina krosa ere gustuko du, eta Europako Kros Txapelketa du une honetan buruan. Hori dela eta, ez du parte hartuko hil honetan izango diren Behobia-Donostian eta Donostiako Maratoian. «Pena ematen dit, Behobia-Donostian batez ere giro ederra izaten baita...»

Izan ere, berak badaki zer den lasterketa horretan korrika egitea –bitan lehiatu da–, baita Donostiako Maratoian ere –behin parte hartu du. Gonzalo Vicente donostiarrak, berriz, iaz hartu zuen parte estreinakoz Donostia-Behobian. 18 urteko gazte honek hiruzpalau entrenamendu besterik ez omen zituen egin iaz maratoi erdi hori prestatzeko. «Txirrindularitzan ibiltzen naiz normalean, eta Behobiarako bi aste falta zirela bururatu zitzaidan karrera horretan parte hartzea». Kamelek albotik, harrituta: «Hiruzpalau aldiz bakarrik egin zenuela korrika lasterketa hori prestatzeko?».

Hamar mila lagun baino gehiagok hartu ohi dute parte Behobia-Donostian. Ibilbidea gogorra da eta hainbesteren artean korrika gustura egitea ez omen da erraza. «Iaz azken korrikalariekin batera irten nintzen –dio Gonzalok–, eta aurrera egiteko lanak izan nituen. Lehen kilometroetan denbora asko galtzen da, geldiuneak daude, ezin duzu erritmo bat hartu... Eskerrak marka ona egin nuen eta aurten aurrerago aterako naizen...».

Antolatzaileek korrikalari kopurua mugatzea pentsatu zuten lasterketa honetan, baina Zianiren iritziz, hori ez da arazoa. «Londres, Amsterdam eta beste hiri batzuetako maratoi erdietan 40.000 lagun baino gehiago izaten dira, eta ez dute arazorik izaten aurrera egiteko. Antolaketa hobea da,
bitarteko gehiago dituzte, eta hori gero karreran nabaritzen da».

Zianik hasiberriei azterketa medikoak egitea aholkatzen die lasterketan parte hartu aurretik, «aspaldian ezer egin gabe 20 kilometro korrika egitea ez baita txantxa». Gonzalok, ordea, hiruzpalau korrika saio egitea nahikoa izan zuen Behobian ateratzeko. Zianik zera zehaztu du, haatik: «Bai, baina denboraldi osoan txirrindularitzan dabil, oinarri sendoa du, eta gainera, oso pisu gutxi du (54 kilo)». «Bai, bai, nahi duzun guztia –dio Gonzalok–, baina helmugara leher eginda iritsi nintzen, giharretako minarekin». Kamelek: «Normala, txirrindularitzan giharrak era jakin batean behartzen dira, eta korrika asko egiten ez baduzu, aldaketa hori asko nabaritzen da».

Korrikalari gazteak aipatu digunez, «kirola egiterakoan sufritzea gustatzen zait, nekatzea. Futbola probatu nuen baina ez zait kirol sufritua iruditzen; bai, ordea, txirrindularitza edo atletismoa. Iaz, Behobian, lasterketan aurrera egin ahala asko sufritzen ari nintzela jabetzen nintzen, baina horrek gehiago motibatzen ninduen, indar gehiago ematen zidan».

Behobia-Donostia bezalako lasterketa batean ondo hidratatzea ezinbestekoa da Zianiren iritziz, «anoa-postuetan ura edatea, eta horrez gain, betiere erritmo konstante bat eramatea, erritmo aldaketa handirik egin gabe». «Horrekin batera –dio Gonzalok berehala–, alboan duzun korrikalariei kasurik ez egitea komeni da, norbera bere martxan joatea, bestela norbaitek zirikatzen bazaitu... poto egingo duzu beharbada». Kamel Zianik ez du argi esan nahi izan, baina Gonzaloren gorpuzkera ikusita –hain arina–, eta Behobian horren denbora ona egin zuela kontuan izanda... zera dio ahopeka: «Mutil honek korrikarako dohainak ditu».


Kamel Ziani

Sorlekua : Alhucemas (Maroko).
Adina : 32 urte.
Iruzkina : Euskadiko Kros txapeldun behin baino gehiagotan, 2003an maratoi erdiko Euskadiko txapeldun izan zen. Martin Fiz maratoia irabazi zuen 2003an. Bi urte zituenetik bizi da Orion, eta oriotar petotzat du bere burua.

« Anoa-postuetan edatea eta erritmo konstantea jarraitzea oso garrantzitsua da Behobian»
Gonzalo Vicente

Sorlekua : Donostia.
Adina : 18 urte.
Ikasketak : Informatikako lehen ikasturtean dabil.
Iruzkina : iazko bere lehen Behobia-Donostia lasterketan marka bikaina egin arren (1h 22’), denboraldian zehar txirrindularitzako probetan ibili ohi da.

« Ziklismoan aritzen naiz, eta iaz lasterketa baino bi aste lehenago erabaki nuen Behobian aritzea»