Ziklo-krosa


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 16 2004/12 »  Ziklo-krosa

Protagonista



Anton Ibarguren

Ziklo-kroseko txirrindularia



«Indartsuaz gain txirrindulari teknikoa bazara, ziklo-krosean ondo ibiltzeko aukera handia duzu»


«Lokatza dagoenean maldan behera egitea kostatzen zait gehien»



Zer moduz doakizu orain arte aurtengo denboraldia?

– Hainbestean. Bigarren mailako kadetea naiz, maila horretako probetan aritzen naiz, eta orain arte nire postu onena hamaikagarrena izan da; uste nuena baino hobeto nabil.

Zure estreinako denboraldia al da ziklo-krosean?

– Bigarrena. Gustura nabil, baina egia esan behar badut, errepidean erosoagoa ibiltzen naiz, hobeto moldatzen naiz.

Edonola ere, ziklo-krosak errepideko txirrindularitza prestatzen laguntzen al du?

– Asko. Indarra lantzeko oso modalitate aproposa da eta erresistentzia handitzeko ere primerakoa. Entrenatzaileak aholkatzen digu ziklo-krosa edo pistako txirrindularitza egitea sasoi honetan, baina pistan hainbeste buelta ematen aspertu, nazkatu egiten naiz.

Ziklo-kroseko zirkuitua azkarra baino bigun samarra egotea nahiago al duzu?

– Lokatz gutxi badago hobe, asko badago lasterketa asko gogortzen baitu, eta ni neu behintzat ibilbide azkarrean hobeto aritzen naiz. Ez naiz txirrindulari indartsua, eta horregatik zirkuitu bigunetan aurrera egitea asko kostatzen zait.

Nolako entrenamenduak egiten dituzu ziklo-kroseko lasterketak prestatzeko?

– Asteburuero Lezo inguruko mendi aldean jarduten dut entrenatzen. Ordubete edo ordu eta erdiz ibiltzen naiz mendian nire aitarekin, eta normalean belarretatik, ibilbide gorabeheratsuan, maldak falta ez diren lekuetan aritzen naiz.

- Txirrindulari askok korritzen al duzue kadetetan?

– Bai, iaz baino gehiago. Denboraldi honetan 53 bat izango gara korritzen lehen eta bigarren mailako kadeteak kontuan hartzen baditugu.

- Zer da kirol honek duen gauzarik zailena?

– Txirrindulari indartsuaz gain teknikoa bazara, ziklo-krosean ondo ibiltzeko aukera handia duzu. Maldak jaisteko orduan adibidez, teknika ona izanez gero, askoz hobeto jaitsiko duzu. Niretzat horixe da zailena, maldak ondo jaistea, lokatza dagoenean batez ere.

- Hemendik denboraldi amaiera bitartean zein helburu duzu?

– Nire gogo eta helburu bakarra ondo pasatzea da, gozatzea, emaitzei begiratu gabe.


Nor da?

Adina: 15 urte.
Sorlekua: Lezo.
Ikasketak: Pasaia-Lezo Lizeoa.
Taldea: Allerru.
Iruzkina: Bigarren urtea du ziklo-krosean, gustura atitzen den arren txirrindularitzako modalitate honetan, errepiderako prestakuntza gisa hartzen duela onartu du lezoarrak.








Aurrekoa| |Hasiera| |Hurrengoa