Tenisa


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 17 2005/01 »  Tenisa

Gaurkoa eta biharkoa

Tenislaria bere bakardadean

Gorka Fraile 26 urteko irundarra EAEko tenislari onena da. Jaime Gorospe donostiarrak 16 urte ditu eta Gipuzkoako Masterra irabazi berri du. Biek onartu dute kirol gogorra dela tenisa, bakartia.


Gizonezkoen zirkuitu profesionalean, ATP delakoan, 358. postuan sailkatuta dago Gorka Fraile tenislari irundarra. Ez dago punta-puntan beraz, «baina gutxienez hemendik bizitzeko lain ateratzen dut», dio Frailek. Abenduan Euskadi eta Txinaren arteko tenis norgehiagokan jokatu zuen, Donostian. Lehen 200 onenen artean ere izan da Gorka, «eta hor jada dirua irabazten da».

Jaime Gorospe, berriz, 16 urteko tenislari donostiarra da, eta inbidia puntu batez begiratzen dio Gorkari. «ATP barruan egotea asko da, eta horren barnean onenen artean izatea amets bat bezalakoa litzateke niretzat», dio Gorospek. Baina argi du, halaber, «orain ondo pasatzeko eta ikasteko jokatzen dudala. Epe motzera Gipuzkoako txapeldun eta ahal bada Euskadikoa ere izan nahiko nuke nire mailan, eta etorkizunean tenisaren bidez bizimodua ateratzeko aukera badut, ezin hobe, sinestezina litzateke!».

Gipuzkoarra bada ere, Gorka Frailek Euskal Herritik at ikasi du eta hemendik kanpo zaildu da tenislari gisa. «Izan ere –dio Frailek– jokalari gutxi egoteaz gain, EAE ez dago prestatuta goi mailako tenisa garatzeko, eta horregatik, gaur egun tenisean zerbait izan nahi baduzu, kanpora joan beharra dago oraindik. Alberto Berasategi punta-puntan ibili den azken euskal tenislaria ere Euskal Herritik kanpora zaildu zen». Alde horretatik, Bartzelona omen dago ondoen prestatuta, eta ondoren, Valentzia nahiz Madril.

Gorkak sei bat ordu egiten ditu egunero entrenatzen. «Goizeko 9:00etatik 13:00ak arte eta arratsaldean, 16:00etatik 18:00ak arte. Goizean ordubetez alderdi fisikoa lantzen dugu, baina hortik aurrera, tenisean aritzen naiz ariketa ezberdinak egiten».
Jaimek, albotik: «Nik ez ditut hainbeste ordu sartzen –dio barrezka. Egunero ordu eta erdiz entrenatzen naiz, baina ikasketengatik ez balitz, denbora gehiago ariko nintzateke. Ez da erraza tenisa eta ikasketak bateratzea, baina tira, azkenean gauza guztiak behar bezala antolatuta lortzen da».

Irungo tenislariak azpimarratu du zaila dela ATPren barnean zure lekua izatea. «Astero txapelketa asko daude eta maila handia duten jokalariak ere gero eta gehiago dira». Alde batetik bestera ibili ohi da gainera, torneoz torneo. «Europan jarduten dut batez ere, baina baita beste leku batzuetan ere; Hego Amerikan, esaterako, otsailean ariko naiz».

Hori guztia dela eta, kirol gogorra dela onartu du Frailek. «Astero batetik bestera nabil bakarrik. Norberak antolatu behar du guztia, pistan ere bakarrik zaude beste inoren laguntzarik gabe, eta azkenerako gogorra egiten da». Jaime Gorospek ere Gorkaren hitzak berretsi ditu. «Nik ez dut inolaz ere Gorkak bezainbeste bidaiatzen, baina pista barruko bakardade sentsazio hori askotan sumatu dut. Partida zure kontra jartzen denean, zu bakarrik zaude hor barruan eta zuk atera behar duzu aurrera, eta hori, batzuetan, oso gogorra da. Psikologikoki oso ondo prestatuta egotea oso garrantzitsua da».

Tenisean hasi aurretik, Gorkak eskupilotan jokatzen zuen, «baina Irungo Udaletxearen alboan zeuden tenis pista batzuetan kirol hau probatu eta berehala engantxatu ninduen». Jaimek, berriz, tenisari heldu zion futbolerako ez zuela balio ikusi zuenean. «Oso kaskarra nintzen eta futbolean etorkizunik ez nuela ikusi nuenean, tenisa probatu nuen».


Nortzuk dira

Gorka Fraile
Sorlekua: Irun.
Adina: 26 urte.
Iruzkina: Euskadiko tenislari onena da gaur egun, eta une honetan ATP zirkuitu profesionaleko 358. postuan egon arren, lehenengo 200 postuen barnean ere izan da.
Jaime Gorospe
Sorlekua: Donostia
Adina: 16 urte.
Taldea: Igara.
kastetxea: Usandizaga.