Mikel eta Xabi Alonso


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 18 2005/02 »  Mikel eta Xabi Alonso

2005eko otsaila

«Xabi Xabi da, eta ni ni naiz»

Mikel Alonso


Sorterria: Tolosa.
Adina: 24 urte.
Altuera eta pisua: 1,83 m eta 75 kilo.
Debuta Realean: 2001eko apirilaren 22an (Reala 3-Valladolid 0).
Ibilbidea: Antiguoko, Athletic, Reala B, Reala, Numancia eta Reala.
Anaiarengatik dioena: «Inbidia pixka bat izan arren, Liverpoolen dagoelako, ez naiz sekula sentitu Xabiren itzalpean futbolari gisa».

Xabi Alonso


Sorterria: Tolosa.
Adina: 23 urte.
Altuera eta pisua: 1,83 m eta 75 kilo.
Debuta Realean: 2001eko urtarrilaren 14ean (Reala 0-Athletic 2).
Ibilbidea: Antiguoko, Reala B, Eibar, Reala eta Liverpool.
Anaiarengatik dioena: «Txikia nintzenean Mikelek beti atezain jartzen ninduen, berak jaurtitzeko; baina betiere norbait bilatzen genuen atezain jartzeko».


– Mikel, oraindik Xabi Alonsoren anaia izaten jarraitzen duzu futbolean?

– Inoiz ez naiz hala sentitu. Bakoitzak urrats ezberdinak egin ditu futbolean. Xabi Xabi da, eta ni ni naiz.

– Baina etengabe zure anaiaren itzalpean egote horrek ez al zaitu nazkatu, haserrarazi inoiz?

– Ez naiz bere itzalpean sentitu, bakoitzak bere bidea egin du, eta normala iruditzen zait hedabideek bion arteko alderaketak egitea. Aitaren –Periko Alonso– eta gure arteko alderaketa egiten zuten bezala, logikoa ikusten dut hedabideek anaia eta biok alderatzea; halako gauzak asko gustatzen zaizkizue... Baina horregatik guztiagatik ez pentsa Xabirekin haserretu egin naizenik, ez baita
haserretzeko kontua.

– Orain lesio larri bat izan du Xabik, baina inbidiarik sentitzen al duzu Liverpool bezalako talde historiko batean dabilelako?

– Ni Realean nago, eta hau ere ez da leku txarra, baina noski inbidia sentitzen dudala; normala da, baina inbidia sanoa. Ea ondo doazkion gauzak Ingalaterran eta lesio hori lehenbailehen sendatzen zaion.

– Liverpoolen bi anaiak elkarrekin jokatzea amesten duzu?

– Duela bi urte talde berean geunden, Realean, eta pena ematen dit elkarrekin gehiago ez jokatzeak. Orain bera kanpoan dago, baina oso gustura jokatuko nuke berriro berekin talde berean.