|
2005eko otsaila
Xake-matea egiteko abildade handia
|
Iñigo Argandoñak 24 urte ditu, eta xakean Nazioarteko Maisua izateaz gain, Euskal Herriko jokalari onenetakoa da. Irene Altunak, berriz, 15 urte ditu, eta Gipuzkoako txapelduna da kadete mailan. Azken boladan gorakada handia izan duen Donostiako Gros Xake Taldeko jokalariak dira biak ala biak.
|
Punta-puntako xakelariak fitxatu ditu azken boladan Donostiako Gros Xake Taldeak. Iñigo Argandoña taldeko jokalaria izateaz gain, Euskal Herriko xakelari onenetarikoa da, eta 24 urterekin bakarrik, xakeko Nazioarteko Maisua da. Berak aipatu digunez, «puntako xakelari horiek ez ditugu fitxatu euren mailagatik bakarrik, taldekide onak eta lagunkoiak izatea garrantzitsuagoa da guretzat. Hala, askoz gehiago ikasiko dugu eta taldearen maila asko igoko da».
Irene Altunak, berriz, 15 urte ditu, eta bera ere Gros Xake Taldeko jokalaria da, «baina egia esan behar badut, ez dut ideiarik ere zein diren taldera etorri diren izar horiek. Eskerrak Iñigo alboan dudan esateko zein den zein, bestela...». Ireneri iaz Iñigok xakeko eskolak eman zizkion klubean, eta zera dio hari buruz: «Irakasle ona da, ez da zorrotzegia, eta hori eskertzekoa da; pazientzia handia du, gainera».
Iñigok aitortu digunez, «Irenek inertziaz jokatzen du xakean, piezak mugituz joaten da eta hala ateratzen du bere jokoa. Ez du prestakuntza berezirik, baina erraztasun handia du xakerako». Ireneri ez zaizkio gustatzen ordenadoreak eta liburuak xakea ikasteko. «Dena xakeko mahai gainean egiten dut, ez dut ezertarako erabiltzen ordenadorea, eta liburuak ere ez ditut begiratzen. Kontzentrazio-maila handirik ez dut, bulkadaka jokatzen dut apur bat».
|
Aitarekin hasi zen ikasten xakean Irene. «Xakelaria zen, eta berak sartu zidan pixka bat kirol honetarako arra». Iñigoren aita, berriz, Gros Xake Taldeko lehendakaria da eta bera ere hari esker hasi omen zen xakean. «Nire anaia Jonek ere jokatzen du, baina ez pentsa beti xakean aritu garenik. Oso kirolariak izan gara, eta nik, adibidez, futbolean, eskubaloian eta atletismoan ere jardun dut. Sei bat urterekin ikasi nuen xakeko piezak mugitzen eta lehen torneoa zortzirekin jokatu nuen».
Iñigo eta Irene bat datoz esaterakoan xakea kirola dela. Iñigok dioenez, «eskolako jolastokian futbolean dabiltzanean umeak, ez dira ari kirola egiten jolasean baizik, ondo pasatzen. Futbol-zelai batean, partida serio bat jokatzen duzunean, orduan kirola egiten ari zara. Xakearekin berdin gertatzen da. Maila oneko xakelariek, gainera, beste kirol batzuk praktikatu behar dituzte sasoi fisiko onean egoteko».
Mutilen aldean askoz neska gutxiago dabil xakean, «eta horregatik –dio Iñigok–, Irenek sarritan mutilen aurka jokatu behar du; bera ikustean mutil asko deskontzentratu egiten dira gainera». «Mutilen aurka jokatzeak ez dit beldurrik ematen –dio, berriz, Irenek–; hasieran agian neska izateagatik mutilek adarra joko zidatela uste banuen ere, ez da hala; ondo moldatzen naiz eurekin».
|
Nortzuk dira?
|
|
Iñigo Argandoña
Sorlekua: Donostia.
Adina: 24 urte.
Iruzkina: euskal xakelari onenetarikoa da. Nazioarteko Maisua da eta Gipuzkoako ikastetxeetan nahiz Gros Xake Taldeko eskolan xakea irakasten du.
|
Irene Altuna
Sorlekua: Donostia.
Adina: 15 urte.
Ikastetxea: Mundaiz.
Iruzkina: kadete-mailako Gipuzkoako txapelduna da nesketan eta azpitxapeldun jubenil mailan.
|
|