Xabalina-jaurtiketa


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 18 2005/02 »  Xabalina-jaurtiketa

2005eko otsaila

Protagonista

S.s. Koldo, Anoetako miniestadioan xabalinako entrenamendu batean.

«Astakirtenek ez dute zereginik xabalina-jaurtiketan»



– Gipuzkoan xabalina-jaurtitzaileak aurkitzea ez da oso ohikoa. Nola aukeratu zenuen zuk modalitate hau?

– Atletismoa betidanik atsegin izan dut, txikitatik kirol ezberdinak probatzea gustatu zait, eta xabalina probatzeko aukera izan nuenean, asko gustatu zitzaidan.

– Honetan hasi aurretik beste kirolik egiten al zenuen?

– Mundu guztiak bezala futbola, eta horrez gain, esku-pilotan ere aritu nintzen.

– Zein mailatan zabiltza?

– Jubenila naiz, lehen urtekoa.

– Eta jaurtitzaile asko dago maila horretan?

– Euskal Autonomia Erkidegoan ez dago asko, baina Espainian maila handiko gazteak daude. EAEn, 30 inguru izango gara guztira; horietatik 20 bat Gipuzkoan.

– Zergatik uste duzu ez dagoela zale gehiago modalitate honetan?

– Badakizu, dena futbola, futbola eta futbola da. Atletismoko modalitate guztietan, oro har, ez dago jende asko, baina xabalinan gutxiago; hemen ez dago tradizio handirik. Gainera, telebistan ere xabalina lehiaketa gutxi ikusten denez, jendeak ez du arreta handirik jartzen kirol honetan. Eskandinavian, berriz, zaletasun handia dute xabalina-jaurtiketarako.

– Atletismoko jaurtitzaileak orokorrean ez daudela behar bezala baloratuta uste al duzu?

– Ez dut uste jendeak xabalina gutxiesten duenik, zaila baita, baina hedabideek beste modalitate batzuei kasu
gehiago egiten dietenez...

– Kirol zaila al da?

– Bai, oso teknikoa da.

– Beso indartsua izatea beharrezkoa al da honetan aritzeko?

– Indarra garrantzitsua da, baina indar hori ondo erabiltzen jakin behar da, ondo aprobetxatu behar da, bestela indarra izateak ez du ezertarako balio. Eta horretarako, teknika ondo menderatu behar da. Teknika urte askotako lanaren ondorioz menderatzen da, eta nik oraindik hiru urte besterik ez ditut egin xabalina jaurtitzen. Besoa zenbat eta azkarrago erabili jaurtitzerakoan, orduan eta azkarrago joango da xabalina.

– Nolako entrenamenduak egiten dituzu?

– Pisuekin ibiltzen naiz, eta teknika lantzeko ariketa ezberdinak egiten ditugu. Zelaian, batzuetan bakarrik ibiltzen gara xabalina jaurtitzen.

– Arrisku egoerarik izan al duzu inoiz xabalinarekin?

– Entrenatzerakoan denak batera gabiltza. Xabalina, mailu eta pisu- jaurtitzaileak batera aritzen gara, eta tentu handiz ibili behar duzu. Xabalina jasotzera zoazenean kontuz ibili behar duzu beste jaurtitzaileekin. Gogoan dut, adibidez, behin mailua jaurti zuela batek eta ia bete-betean jo ninduela. Hori da hori sustoa hartu nuena!

– Astakirtenen modalitate bat dela esango dute batzuk. Hala al da?

– Ezta pentsatu ere. Astakirtenek ez dute zereginik modalitate honetan, eta bestela, proba dezatela, eta ea zer egiten duten...


Koldo Agirre

Xabalina-jaurtitzailea

Nor da?

Sorterria: Errenteria.
Adina: 15 urte.
Ikastetxea eta maila: Tellerialde (Errenteria). 4. DBH.