Josune Bereziartu


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 19 2005/03 »  Josune Bereziartu

«Eskaladan badaude gizonezko batzuk euren mailan nagoelako sumintzen direnak»

Josune Bereziartu Eskalatzailea

«Eskaladak emakumezkoari

elitera iristeko aukera ematen dio»

Eskaladan halako balentriak lortu dituen zu bezalako emakume bat ikusten dutenean gizonezkoek, zer esaten dizute. Arazorik izan al duzu mendian horregatik?

Kirola gure gizartearen isla da, finean. Gure gizartea oso berekoia da, eta bakoitzak bere buruari bakarrik begiratzen dio, eta hori kirolean ere gertatzen da, berdin emakumea berdin gizonezkoa izan. Norberak baino maila hobea duten gizonezkoek asko laguntzen zaituzte kirolean, baita eskaladan ere. Baina euren, gizonezkoen mailara hurbiltzen zarenean ez dira hain lagunkoiak, eta orduan hasten dira tirabirak eta lehiakortasun txarra. Baina hori dena gizartearen isla da. Badaude gizonezko batzuk euren mailan nagoelako sumintzen direnak, baina tira... euren arazoa da.

Gizonezkoen kirola al da eskalada?

9a zailtasun handiko igoera egin nuenean estreinako aldiz, bost gizonezkok ere bazuten maila hori, baina orduz geroztik gizonezko gehiagok lortu dute; emakumezkoetan beste inork ez du lortu, ordea, maila hori.
Emakumezkoak baino gizonezkoak gehiago dira zailtasun handiagoko hormak igotzen dituztenak. Eskaladak, alabaina, emakumezkoari aukera ematen dio gora, elitera iristeko.

Lotsa, kirola gaizki egiteko beldur hori eta antzeko kontuek oraindik indar handia dute emakumeek kirol gutxiago egiteko orduan?

Nik uste gero eta neska gehiagok egiten dutela kirola: gimnasioan, paseoan ibiltzea... hori guztia kirola da niretzat. 35 urtetik gorako emakumeen artean ikusten dut joera hau, batez ere, eta hori oso positiboa da, txapela kentzeko modukoa.

Zer aldatu beharko litzateke emakumeen kirolak indar handiagoa har dezan?

Gizabanakoaren eguneroko jarreran dago gakoa; gizonezkoen jarreran baina baita nesken jarreran ere, bai kirola egiteko unean, bai kirolak ikusteko orduan ere. Aldez aurretiko jarrera hobea izan behar dugu denok, eta kirola edo kirolaria bera baloratu behar da, eta ez beste gauza batzuk: kirolariaren edertasuna, fisikoa, azpiko arropak... txatxukeriak, azken batean.