Hegats igeriketa


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 19 2005/03 »  Hegats igeriketa

Egin ezazu saioa



Hegatsak oinetan jarri, tutua ahoan eta uretara jauzi egiteko prest zaude.


Sirenak bezala igeri eginez

Hegatsekin igeri egin inoiz eta jarduera hori serioago hartu nahi duzula? Gipuzkoan leku bat baino gehiago dago hegats-igeriketako modalitate ezberdinetan aritzeko. Igeri egiteko era ezberdin bat duzu honako hau.

60ko hamarkadan sortu zenetik, hegats-igeriketaren bilakaera etengabekoa izan da. Itsasoan nahiz igerilekuan egin daiteke, eta ohiko igeriketak duen helburu bera du: igeri eginez distantzia jakin bat betetzea, ahalik eta denbora laburrenean. Baina kasu honetan, hegatsekin igeri egiten da, eta askotan hegats bakarrarekin.

Otsail amaieran hegats-igeriketako nazioarteko proba jokatu zen Ordizian. Nazioarteko espezialista onenak bildu ziren bertan, eta antolatzaile-lanetan Gorka Merino ordiziarra aritu zen. Gipuzkoako Urpeko Jardueren Federazioko hegats-igeriketako arduraduna ere bada, eta berak azaldu digunez, «ez da inolako ezaugarri fisiko berezirik behar honetan aritzeko»

Edonola ere aitortu digu ez dela kirol erraza. «Teknika nahiko zaila du, baina pixkanaka hori ere ikasten da. Zailena urpekaritzako tutua erabiltzen ikastea da. Igeriketan ibili denari asko
kostatzen zaio hodia jarrita igeri egitea; hala ere, igeriketatik datorrenak abantaila du hegatsekin igeri egiten hasteko».

Kirol ezezagun samarra izan arren, Merinok adierazi digu apurka-apurka leku bat egiten ari dela. «Ordiziako eskolan 50 bat ikasle ditugu, eta horietatik 30 bat 12-16 urte artekoak dira». Jakin-minak bultzatuta hasten dira gehienak, baina igeriketan gertatzen ez den bezala, modalitate honetan jendeak gehiago irauten du. «Igeriketan –dio Merinok–, 18 urterekin gazte askok utzi egiten dute; baina modalitate honek ordu gutxiago entrenatzea eskatzen duenez, jendeak gehiago irauten du». Ordizian ez ezik, Tolosa eta Zarautzen ere badira hegats-igeriketako taldeak. Bizkaian eta Araban ez dago talderik, eta Espainian, 25-30 bat dira guztira.

Informazio gehiago:
Gipuzkoako Urpeko Jardueren Federazioa.
Tel.: 943472057.


Modalitateak



Ur gainean

Modalitate arruntena da, eta tutua ur gainetik apur bat ateratzen da.
Hegats-bakarrarekin gorputzaren oreka gordetzen da, hankak gora eta behera astinduz. Trakzioaren mugimendua bular aldetik oinetarainokoa da eta izurde edo orken mugimenduaren antza hartzen du. 50 metrotik 1.500 metroko luzerako probak egiten dira.
Apnea

Ur azpian egiten dena da, arnasik hartu gabe, besoak luzatuta eta zangoekin trakzioa eginez. Proba amaitu arte aurpegia ezin da ur azpirik atera. 50 metroko probak egiten dira bakarrik.
Eskafandra

Ur azpian besoak luzatuta dituzu, eta horien artean aire konprimituz betetako burdinazko botila bati eusten zaio. Proba hauetan, aurpegia da ur gainera atera ezin daitekeen gorputz-atal bakarra.


Materiala

Hegats-bakarra
Kirol honetan hasteko, plastiko gogorrekoak erabiltzen dira, eta ondoren, beira-zuntzezkoak.
Arnasteko tutuak
PVC komertzialez egindakoak dira hodiak; 45 cm luze dira eta 23 mm-ko diametroa dute.
Urperatzeko botilak
Altzairuzkoak dira hegats-igeriketako botilak, eta 0,5, 3 edo 7 litrokoak izan daitezke.
Erregulatzaileak
Itsasoan edo ibaietan erabiltzen diren berak. Igerilariak gehien komeni zaiona erabili behar du.