Mugi 2 2003/03


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 2 2003/03

Mugi 2 2003/03
Martxoan jo eta ke ariko dira ontziak batel denboraldian, eta kategoria askotako arraunlariak lehiatuko dira bertan. Gaztetxoen artean oso ezaguna ez den kirola izan arren, gero eta gehiago dira arraun egitera animatzen direnak. Izan ere, traineruen Kontxako Banderaz gain, beste estropada nahiz modalitate gehiago ditu arraunketak; denak zuk deskubritzeko zain.

Futbola, pilota, txirrindularitza, eskubaloia, saskibaloia, atletismoa... horiek dira batez ere gaztetxoek aukeratzen dituzten kirolak, nahiz eta askoz aukera zabalagoa dagoen. Esate baterako, arraunketak berak tradizio handia du Euskal Herrian. Udan giroa biziki berotzen da traineru denboraldian, baina hori baino gehiago da arraunketa, bai horixe!.

Aulki mugikorreko denboraldiari urtarrilean ekin zitzaion, eta batelenari martxoan helduko diote buru-belarri. Batean zein bestean kategoria guztietako arraunlariak daude, eta guztiek ahalik eta emaitza onena lortzea dute helburu.

Joseba Garmendia Donostiako Arraun Lagunakeko idazkariak adierazi duenez, «arraunketaren egoera ez da txarra, hobetzen ari da; baina ez da erraza, lotura handia eskatzen baitu, eta hori eragozpen handia da gaztetxoak erakartzeko. Gainera, gurasoek eurek erreparo halako bat izaten dute seme-alabek arraunari heltzen diotenean, izan ere arraun munduan ika-mika eta polemika ugari izaten dela uste dute. Horrek ere baldintzatzen du». Onartu du, hala ere, mutil zein neska gazte gehiago animatzen direla kirol hau ezagutzera. Gisa horretan, Gipuzkoako Arraun Federazioak duela hiru urtetik kirol hau ezagutarazteko proiektua martxan du Gipuzkoako ikastetxeetan.

840 federatu Gipuzkoan

2002ko datuen arabera, 1.742 arraunlari federatu zeuden EAEn, horietatik 840 Gipuzkoan. Portzentajeei dagokienez, fitxa federatuen %53 senior mailakoak dira, %17 kadeteetakoak, %16 infantiletakoak, %14 jubeniletakoak eta %11 nesken kategoriako fitxak. Beraz, argi dago adin txikikoekin behintzat lan handia dagoela egiteko, eta ahalegin horretan dihardute klubek eta, bereziki, Gipuzkoako Federazioak.

Baina gauza bat da arraunean aritu nahi izatea eta bestea, berriz, zein modalitatetan jardun nahi duzun. Unai Elizasuk argitu digunez, «gaztetxoaren lehenengo urratsa arrauna ezagutu eta gaztetxoari uretara erortzeko beldurra kentzea da. Hortik aurrera, bakoitzak erabaki beza zein modalitate duen nahiago. Nahi izanez gero, gainera, bi modalitateetan aritzeko aukera dago».

Unai Elizasu da hori aurrera eramateko ardura duena. «12-16 urteko gaztetxoen artean egiten dugu lan. Ikastetxeetara joan eta arraunketa ezagutaraztea dugu helburu. Izan ere gezurra dirudien arren, adin horretako gaztetxoen artean, Kontxako Bandera alde batera utzita, ezer gutxi dakite arraunari buruz».

Hori dela eta, Gipuzkoako Federazioa bi bide erabiltzen ari da ezagutza-prozesu horretan: alde batetik, ikastetxeetara arraun makinak –ergometroak– eramaten ditu irakasle eta ikasleak arraunketa giroan murgil daitezen; bestetik, lau orduko ikastarotxoak ere antolatzen dira. Hori guztia egin eta gero zuk, gazte horrek, klub batean sartzeko gogoa baduzu, prestatuago egongo zara, hobeto jakingo duzu zein kiroletan ariko zaren.

Elizasuk, gainera, arraunketak beste kirol batzuen aldean abantaila batzuk dituela azpimarratzen du: «Futbolean txarra denak txarra izaten segituko du, baina arraunean hutsetik hasten dira denak. Kirolean, norbait baztertuta sentitu ohi da normalean; arraunketan, berriz, ez da halako alderik izaten, guztiak parekatzen dira. Nire ustez, hori da arraunketak duen abantaila nagusia, oso garrantzitsua den abantaila, hain zuzen».

Lehen estropada euskal uretan

Ba al dakizue, ordea, noiz jokatu zen Euskal Herrian estreinako estropada? Lehenengoa, antza, 1547an izan zen, eta haren bitartez Bermeo, Elantxobe eta Ibarrangeluko arrantzaleen artean sortutako tirabirei amaiera eman nahi izan zieten. Garai hartan, baleen atzetik ere arrantzale asko ateratzen ziren arraun eginez.

Mundaka eta Bermeoko arrantzaleen artean, halaber, estropada bat jokatu zen urte batzuk geroago. Bi herrietako arrantzaleen artean istiluak izaten ziren Izaro irlaren alboan arrantzale batzuk besteen uretara joaten zirela salatzen zutelako. Gorabehera hori konpontzeko asmoz, 1719. urtean bermeotar eta mundakarren arteko estropada egin, eta bermeotarrak nagusitu ziren.


Oskar Rodriguez (39) eta Egoitz Orbegozo(13) arraunketaren oraina eta geroa dira. Kirol horren xarma nabarmendu dute biek ere.
| >>>
Nikolas Egibar (11) eskiatzaile gaztea da Euskadiko txapeldun alebinetan. Espainiako Txapelketa du denboraldi honetan helburu.
| >>> |