«Ura besterik ez da eta!»
«Ura besterik ez da eta!», ondorio horretara iritsi dira Oskar Rodriguez arraunlari beteranoa eta Egoitz Orbegozo gaztea, arraunaren eta bere gogortasunaren inguruko hausnarketa egin eta gero. Ur Kirolak klubekoak biak – Egoitz jardunean eta Oskar bihotzez–, kirol honi buruzko hainbat konturen berri eman digute.
Nortzuk dira?
Oskar Rodriguez
Adina: 39 urte
Kirol ibilbidea: 11 urterekin sartu zen Ur Kirolak arraun klubean, eta 24 urte egin zituen bertan 35 urterekin Orioko traineruan hiru denboraldi egin zituen arte. Urtebetez tostetatik kanpo izan da, baina norbaitek beharra izanez gero, patroi lanetara bueltatzeko prest legoke.
|
Egoitz Orbegozo
Adina: 13 urte
Kluba: Ur Kirolak
Ikastetxea: Herri Ametsa. DBHko 2. Maila
11 urterekin hasi zen arraunean. Iragan denboraldian Euskadiko txapeldunorde izan zen skiffean.
|
Oskar Rodriguezek eskarmentu handia du arraun munduan; Egoitz Orbegozo, berriz, hasi besterik ez da egin. Bata beteranoa, bestea gaztea, biek ilusio handia dute arraunean segitzeko. Rodriguezek berak urtebete darama tostetatik kanpo, baina ez du esperantza galtzen bueltatzeko. Berak dioen bezala, «talderen batek nire beharra badu, hemen nago ni, uretaratzeko prest, hasierako ilusio berarekin».
39 urte ditu Rodrigurezek, eta 11 urterekin sartu zen arraun munduan. «Lemazain gisa hasi nintzen aulki mugikorrean, Ur Kirolak klubean. Ondoren, arraunlari ere ibili nintzen, eta senior mailan hiru denboraldi egin nituen. Ordu arte gure patroia zenak arraunketa utzi eta niri eskaini zidaten postu hori. Gustatzen zitzaidan postu hori, eta ordurako entrenamendu batzuetan ibilia nintzen patroi lanetan».
Egoitz Orbegozok 13 urte ditu, eta duela bi deskubritu zuen kirol hau. «Ikastetxera Ur Kirolaken arraun egiten zuen irakasle bat etorri zitzaigun, eta hark galdetu zidan ea arraunean jardun nahi nuen. Probatu, eta hortxe nabil, oso gustura». Arraunlari gazteak onartu egin digu arraunketari buruz ezer gutxi zekiela ordu arte: «Eskolan ez genuen kirol hori ezagutzeko aukerarik. Arraunketan traineruak bakarrik zeudela uste nuen, baina gero modalitate gehiago ere badaudela ohartu nintzen».
Ontzian sartu, eta irauli
11 urterekin Ur Kirolakeko instalazioetara joan zenean arraun egiteko asmoz, Egoitz harrituta geratu omen zen aulki mugikorreko
|
skiff motako ontzi batean sartu zutenean estreinakoz. «Ez nekien halako ontzirik zegoenik, hain zen fina. Uretaratu eta arraunean hasi bezain laster, irauli egiten zen. Kostatu zitzaidan, bai, ontzi horretara moldatzea, baina hori lortu ondoren, asko gustatu zitzaidan. Abiada bizia hartzen da arraunkada bakarrarekin».
Bestalde, Oskarrek 13 urterekin kirol batean baino gehiagotan aritzea komeni dela azpimarratzen du; gisa horretan, «handik pixka batera egin behar da aukeraketa, hala nahi bada behintzat». Horregatik, Egoitzi beste kirol batzuk probatzea ere aholkatzen dio, orain duelako horretarako garaia eta adina. «Zergatik? Arraunketak pertsona asko lotzen duelako, bate ere. Maila on batera heltzeko, ia-ia profesional baten jarduna behar da, afizionatua izan arren», dio Oskarrek. Hala ere, berak argi utzi du Egoitzen adina izango balu eta kirolen bat aukeratu beharko balu, berriro ere arraunketari helduko liokeela. «Klubean oso giro ona egoten da, urte asko egiten dira bertan, eta nire kasuan behintzat arraun munduan ditut bene-benetako adiskideak. Momentu gazi-gozo ugari izaten dira, era berean».
Arraunketa finkoa edo mugikorra, bietako bat aukeratzeko orduan, Egoitz Orbegozok ez du bata bestearen gainetik jartzen. «Biak ditut gogoko. Arraunketa finkoan ibiltzea, adibidez, asko gustatzen zait itsasoan aritzeko aukera ematen didalako, eta mugikorra, berriz, biziagoa da. Finkoan arraun egitea errazagoa egiten zait, eskuak eta gorputza landu behar direlako, batez ere. Mugikorrean, hankekin ere lan handia egin behar da».
Hari horretatik tira eginez, Oskar Rodriguezek aulki mugikorra teknikoagoa dela dio,
|
«eta niretzat ederragoa. Gertatzen dena da azken urteetan indarra galdu duela, eta arraun finkoan egin da batik bat ahalegina azken urteotan».
Oso kirol gogortzat jotzen da arraunketa, eta Egoitzen beraren ustez lehenengo entrenamenduak gogorrak izaten dira, zinez: «baba handiak ateratzen zitzaizkidan eskuetan, baina orain ez. Astean lauzpabost aldiz entrenatzen naiz, eta ez zaizkit gogorregiak egiten entrenamenduak». Eta Oskarrek albotik: «Hasi besterik ez zara egin eta, lasai, kirol honen gogortasuna ez duzu-eta ezagutu oraindik...». Dena den, biak bat datoz gogortasun hori baloratzeko orduan: «Ura besterik ez da eta!».
Patroiaren erantzukizuna
Oskarrek urte asko egin ditu patroi lanetan. Egoitzek argi du patroien lana arraunlariarena baino errazagoa dela, «baina ontziari zerbait gertatzen bazaio, eta bere bidetik ateratzen bada, errua patroiarena da». Patroiek ez dituzte arraunlariek bezain entrenamendu gogorrak egiten, eta horregatik meritu gutxiago al duten galdetu diogu Egoitzi (beldurrik gabe erantzuteko esaten dio orduan Oskarrek): «Meritu berbera du; futboleko atezainaren antzekoa da patroia arraunean; bera gabe, gaizki! Hori bai, konturatzen ari naiz patroiak orain ez direla gehiegi joaten uretara entrenatzera». «Patroiak?» galdetzen dio Oskarrek. «Bai, bai, nik behintzat ez zaitut ikusten», erantzuten dio Egoitzek. Oskar Rodriguezen arabera, lan fisikoa egiteko garaia da orain, eta horregatik ez dira uretara gehiegi ateratzen. Enbidoa behintzat bota, bota dio Egoitzek Oskarri.
|
|
|
|
|