Pertsonia: Maialen Arrazola


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 2 2003/03 »  Pertsonia: Maialen Arrazola

Pertsonia: Maialen Arrazola



«Neskek eta mutilek elkarrekin

arraun egiteko itxaropena dut»





MAIALEN ARRAZOLA ARRAUNLARIA

Espainiako txapelduna izan zen iaz Maialen Arrazola donostiarra scull bikoitzean, eta Europako Txapelketan, berriz, bigarren geratu zen. 15 urterekin hasi zen arraunean eta bere helburua, aurten, Espainiako titulua berriro irabazi eta Munduko Txapelketan aritzea da.




Adina: 18 urte.
Kluba: Arraun Lagunak.
Ikastetxea: Antigua-Luberri.
Ikasketak: Bigarren Batxilergoa.




Aulki mugikorrean bakarrik aritzen al zara?

Bateletan Loiolako estropadan bakarrik hartzen dugu parte. Batelen Euskal Liga dago, baina guk ez dugu parte hartzen, aulki mugikor nahiz batel denboraldia sasoi berean antolatzen baitira. Nahiago dut mugikorrean entrenatu finkoan baino. Loiolako batelen estropada hori, ostera, udan izan ohi da, eta orduan aritzen gara. Gainerako neskak ere berdintsu dabiltza.

Scull bikoitzean ontzian zeurekin arraunean dabilenak adiskidea behar du izan emaitza onak lortzeko, ala horrek ez du axolarik?

Konfiantza handia izan behar duzu ontzikidearengan, eta adiskideak badira askoz hobeto. Bien arteko harremana oso garrantzitsua da arraun egiteko orduan, eta berarekin gustura ez bazaude, emaitza onak lortzea ezinezkoa da kasik.

Zenbat neska zabiltzate Arraun Lagunaken?

Bost jubenil eta senior bat.

Eta orokorrean?

Iaz, nesketan, jubeniletan ez zegoen inor, baina aurten dezente dabiltza maila horretan. Hamar bat gaude jubeniletan aulki mugikorrean. Seniorretan, Santurtzin eta Orion ere badira gutxi batzuk.

Neskek oraindik arrauna mutilen kirola dela uste al dute?

Mundu guztiak hori uste du oraindik. Neskek mutilek baino erraztasun gutxiago dituzte arraunean aritzeko. Iaz, adibidez, mutilen ontzian ezin zen neskarik joan lemazain gisa, eta aurten hori aldatu da, eta posible da. Oraindik, ordea, neska batek ezin du traineru batean arraun egin.
Inoiz ontzi mistoak egongo direla uste al duzu?

Neskek eta mutilek elkarrekin arraun egingo dugun itxaropena dut, baina ez da erraza izango. Neska lemazain gisa joan daiteke mutilen ontzietan, baina ez dut halakorik ikusi oraingoz. Mutilak segurtasun handiagoa ematen omen du.

Non daude eragozpen handienak?

Neskek mutilek baino indar gutxiago dugu, baina klub batek ontzi misto bat uretaratu nahi badu, zergatik ez du egingo? Badaki ez dela mutur-muturrean ariko, baina klubak erabaki hori hartzen badu, zergatik ez zaio, bada, utziko besteekin lehiatzen? Bakoitzak egin dezala arraunean nahi duen bezala. Zer moduzko maila duzue neskek espainiar Estatuan?

Jubeniletan, esaterako, Katalunian maila ikaragarria dago. Jende ugari dabil, eta agian lauzpabost ontzi dituzte, guztiak maila onekoak. Horien atzetik beste guztiok gaude.

Arraunean segitzeko asmorik bai?

Hiru urte bakarrik daramatzat, gozatzen ari naiz orain, eta hala jarraituko dut urte batzuetan, oker handirik ez bada behintzat.

Zure hurrengo helburuak?

Ea Espainiako Txapelketa bigarren urtez jarraian irabazten dugun; horrez gain, Mundukoan ere lehiatzeko itxaropena dut, baina oraingoan ontzi barruan, ez erreserba gisa.