Prestakuntza fisikoa


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 2 2003/03 »  Prestakuntza fisikoa

Prestakuntza fisikoa





Bizkarra zaindu behar den

kirol konpletoa



«Dauden kirolen artean konpletoenetarikoa da arraunketa». Hala adierazi digu Hondarribiko Arraun Taldeko prestatzaile fisikoa den Juan Karlos Samaniego Tximistek. Berak nabarmendu duenez, «arraunketa finkoan gorputzaren goiko aldea lantzen da batez ere, hor egiten da indar handiena. Mugikorrean, berriz, hankak dira garrantzitsuenak. Aulkia aurrera eta atzera mugitzen denez, lanaren lehen zatia hankekin egiten da, eta amaieran egiten da gorputzarekin».

Gaztetxoak arraun klubera joaten direnean, normalean aulki mugikorrean jarduten dute, «simetrikoagoa delako». Konpletoagoa eta zuzenagoa da, eta finkoan, berriz, «betiere alde batera jotzen duzu arraun egiteko orduan. Horregatik, gorputzaren alde bat bestea baino gehiago kargatzen da». Mugikorrean, mugimendua naturalagoa da, zuzenagoa. Traineruan, aldiz, «arraunlariek gorputzaren alde bat bestea baino garatuago dute, eta gauza horiek zaindu egin behar dira. Horretarako, ababorretik arraun egiten baduzu, beste aldean ere lan egin beharko da, ondoren arazorik ez izateko».

Kirol konpletoenetarikoa dela onartu du Tximistek, baina baita gogorrenetarikoa ere. «Erresistentzia eta indarra elkarrekin nahasten dira, eta asko entrenatu beharra dago maila onera iristeko». Dena den, arraunketan edozein pertsona ibil daiteke.
«Fisikoki itxura handirik izan ez arren arraunlari izateko, lanean hasi eta denborarekin arraunlari bikaina bilaka daiteke. Erresistentzia eta indarra dira, batez ere, landu beharreko dohainak arraunketan, eta horiek dira gehien jorra daitezkeenak. Horregatik, lana erruz egiten baduzu eta konstantea bazara, nabarmen egin dezakezu hobera».



Ohiko lesioak

Zein diren arraunketako ohiko lesioak? Josetxo Aramendi Hondarribia taldeko medikuak dioenez, aulki mugikorreko eta finkoko lesioen artean alde handiak daude. Finkoan, arraun egiterakoan, bizkarrezurra oso behartuta joaten da, eta gerriko arazoak nabarmentzen dira. Mugikorrean, berriz, bizkarrezurra askoz zuzenago dute arraun egiteko orduan; hankekin lan gehiago egiten da. «Arraunean hasi behar duen gazteari osasun azterketa egitea gomendatuko nioke, izan ere bizkarreko arazoak baditu, aulki finkoko arraunketak arazo horiek areagotu baititzake», baieztatu digu medikuak. Bizkarreko min hori kentzeko hainbat tratamendu erabiltzen dira: atsedena, alderdi hori sendotzea, izotza jartzea, kanpo estimulazioa.... Materiala berraztertzea ere komeni da arraunkada bakoitzaren karga gutxitzeko. Arraunlariak min handia duenean, arreta handia jarri behar da herniarik sor ez dakion.


Bitxikeriak

Vega Azpiri pilotaria ontzi batean bera bakarrik sarturik, 13 arraunlariz osatutako traineru bati irabazi zion 1889. urtean, Donostian egin zen apustu batean, hain zuzen. Vega Aizpirik traineruak egin beharreko ibilbidearen erdia egin behar zuen, eta pilotariak irabaztea lortu zuen: traineruari minutu erdi eta gehiago atera zion.

Apustu honek ikusmin handia piztu zuen Gipuzkoako hiriburuan. Espainiako Erreginak ere Kontxako Hondartzatik jarraitu zuen apustua Colón izeneko bere ontzitik.






Deustua eta ingeniarien arteko lehia.

Oxford-Cambridge estropadaren euskal bertsioa.

Oxford eta Cambridgeko unibertsitateko arraunlariek urtero egin ohi duten estropada ezagunaren antzera, arraunketa mugikorreko antzeko estropada egiten dute Bilboko Ingeniarien Goi Mailako Eskola eta Deustuko Unibertsitateko ikasleen artean. Bilboko errioan 1981az geroztik antolatzen den afizionatuen estropada da, eta urtero udaberrian jokatzen da.

Apirilaren erdialdean izango da aurten, eta ingeniariek iazko arantza atera eta garaipena erdietsi nahiko dute. Orain arte, Deustuak 13 bider irabazi du estropada hau, eta ingeniariek, ostera, 9 aldiz. Estropadaren errekorra deustuarrek jarri zuten 1995ean, 23 minutu eta 32 segundoko denbora eginda.




San Pedrok irabazi zuen Kontxan 1917an

Kontxako estropadaren inguruan:


1879an antolatu zuen estreinakoz Donostiako Udalak estropada bat.
1894ko Donostiako estropadan, badia barruko eremu bati bi itzuli eman zitzaizkion (2 milia guztira).
1896an, sailkapen txandak jokatzen hasi ziren. Bata ontzi donostiarrentzat eta bestea gainerakoentzat.
1898an finkatu zen gaur egungo 3 miliako distantzia.
XX. mende hasieran Kontxako Bandera ez zen jokatu, Udalaren arabera ez baitzen udan turistei erakusteko kirol duina. Horien ordez, belaontzi-estropadak antolatu ziren.

1929an, sailkapen estropadako lehen lau ontziek jokatu zuten estropada,eta euren artean erabaki zen bandera.
1936an, bertan behera geratu ziren berriro ere estropadak Gerra Zibila zela eta.
1943an, Oriok denbora onena egin zuen bi jardunaldiak batuta, baina ez zioten banderarik eman bigarrengoan ez zelako ohorezko txandan aritu.
1945ean, 3 miliako estropada-eremu berria finkatu zen, aurrekoa gaizki neurtuta zegoela eta.
1951n, antolatzaileek Orioko Ikazeta traineru-egileari 324 kiloko traineru berdintsuak egitea agindu, eta 1973 arte horiekin aritu ziren taldeak.




Arraunketari heldu aurretik, prebentzio lana

Uretan arraunean hasi aurretik, prebentzio edo egokitze plangintza burutu behar du hasiberriak. Horixe adierazi digu Juan Karlos Samaniego prestatzaile fisikoak. «Uretan lan gehien egiten duten giharrak behar bezala prestatu behar ditu gaztetxoak, etorkizunean lesio larririk izan ez dezan. Klub guztiek, gainera, hobi edo fosoak dituztenez, gaztetxoari akatsak zuzentzen zaizkio eta, bide batez, giharrak sendotzen laguntzen diozu. Hasierako plangintza guztietan beti dago prestaketa fasea: korrika aritzea, autokargak, egokitze-zirkuituak... Uretan arraunean hastean ere lan hau egiten segitzen da, uretako entrenamenduen osagarri gisa. Egoera normal batean, bizpahiru hilabetetan egiten da hasierako prebentzio plangintza. Baina hori pertsona bakoitzaren ezaugarrien araberakoa da».




Pasta, arroza eta entsaladak jan beldurrik gabe

Arraunketa erresistentziazko kirola denez, arraunlariaren dietak karbohidratoetan aberatsa izan behar du, hots, patata egosia, pasta, arroza... dira elikagai gomendagarrienak. Hala ere, denetarik jan behar da, neurrian betiere; eta hidratazioa asko zaindu beharra dago, halaber. Bestalde, bereizketa egin behar da pisua galdu behar duten arraunlariak eta pisu egokia dutenen artean.

Josetxo Aramendi medikuak nabarmendu nahi izan digunez, «ez dakit arraunketaren berezitasuna den ala ez,


baina arraunketara beste kiroletan makal ibiltzen den jendea etortzen da. Sarritan kilo askotxo duten gazteak etortzen dira, eta horiek kilo batzuk galtzeko dieta egin behar dute».
Estropada egunean zer jan behar da? Estropada arratsaldean bada, bazkaltzeko lehen platera beti entsalada; gainekoa, berriz, arroza, pasta edo horiekin nahastutako zerbait. Postrea, ostera –gaztetxoa bada–, fruta eta jogurta. Eliteko kirolaria bada, arroz-esnea, natillak... Hiruzpalau ordu igaro behar dira bazkaltzen denetik estropada hasi arte. Probaren ostean, berriz, elikagai bertsuak jan behar dira errekuperatzeko. Hori bai, bigarren platerean proteinak sar ditzakegu (haragia edo arraina).