Protagonista: Nicolas Egibar


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 2 2003/03 »  Protagonista: Nicolas Egibar

Protagonista: Nicolas Egibar

NICOLAS EGIBAR Eskiatzailea





Noiz hasi zinen eskiatzen?

Hiru urterekin. Aita ere txikitan hasi zen; eta ni jaio eta hilabete gutxira, elurretara eraman ninduen lehen aldiz.

Hain urte gutxirekin ondo moldatzen al zinen?

Gogoan dut hasieran plastikozko eskiak eta bastoi txiki batzuk erabiltzen nituela eskiatzeko. Leran ere ibiltzen nintzen anaiekin.

Zergatik eskiak eta ez orain modan dagoen snowboarda?

Snowboardean ere ibiltzen naiz, baina nahiago dut eskiatu. Snowboard ikastaroa egin nuen bost urterekin, baina ez ninduen askorik engantxatu. Dena den, badut etxean snowerako taula.

Emaitza on asko dituzu, baina probaren bat nabarmenduko zenuke besteen gainetik?

Iragan denboraldian Kataluniako Ligako Picarol saria irabazi nuen, eta sari bezala kaskabilo bat eman zidaten larruzko uhalarekin. Asko gustatu zitzaidan garaikur hura. Espainiatik kanpo ere ibili naiz lehian, baina hori beste kontu bat da, askoz maila altuagoa baitago, Italian adibidez.

Noiz joaten zara eskiatzera?

Asteburuero joaten naiz Candanchúko eski-gunera. Han ibiltzen naiz aitarekin, Jose Javier Egibarrekin, entrenatzen. Udan, berriz, Tignesera joaten naiz eskiatzera.

Zein modalitatetan espezializatu nahi zenuke?

Super Erraldoia asko gustatzen zait, trebetasuna baino gehiago abiadura handian ibiltzea gogoko dudalako. Jauziak egitea ere gozamena da, ez pentsa! Sierra Nevadako eski-gunera joan nintzenean, jauziak egiteko aukera izan nuen. Hura gozamena hura!

Zein eskiatzaileren antza izan nahi zenuke?

Herman Maier suitzarrarena, Herminatorrena. Onena da.
Nor da?

Adina: 11 urte Ikastetxea: Ekintza Ikastetxea. Seigarren Maila. Kluba: Promo Sport D.S.C. Palmaresa: Alebin mailako Euskadiko txapelduna 2000-01 eta 2001-02 denboraldietan. Bizkaiko txapelduna duela bi denboraldi; horrez gain, Kataluniako Ligako Picarol saria irabazi zuen iaz alebinetan.

Lehiatzeko bidaia luzeak egin behar dituzu. Hori eragozpen handia al da?

Ez, aitak laguntzen baitit beti. Baina ikasketekin arazoak izaten ditut batzuetan. Espainiako Txapelketan lehiatzeko, adibidez, astebeteko eskola galdu beharra dut.

Zaila egin al zitzaizun eskiatzen ikastea?

Ez, baina egia dena da snowboardeko taularekin ikastea errazagoa dela. Zailena, agian, orekari ondo eustea da; patinekin ibiltzen zarenean gauza bera gertatzen da.

Lesio edo istripurik izan al duzu eskiatzen?

Bost urte nituela, eskiatzen ari nintzela, jauzi bat egin eta erortzerakoan min hartu nuen hankan, eta igeltsua jarri zidaten sendatzeko.

Zure hurrengo helburuak?

Espainiako Txapelketan parte hartzea infantiletan. Martxoan antolatuko dira seguruenik, eta ea zer egiten dudan. Irabaztea oso zaila izango da, eta nire helburua eskarmentua hartzea izango da.

Eskiatzaile profesionala izan nahi zenuke?

Hori dut amets, baina oso zaila da, bide luzea egin eta zorte handia behar da horretarako.

Beste kirolik egiten al duzu?

Donostian, udan, belaontzian ibiltzea gogoko dut. Aurten ez dakit posible izango dudan galipota dela eta... Kart-ak gidatzea ere gustatzen zait Olaberriako zirkuituan.