Haimar Zubeldia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 20 2005/04 »  Haimar Zubeldia

Haimar Zubeldia Euskaltel-Euskadiko txirrindularia



«Euskal txirrindulari guztien helburua bihurtu da

gure taldera iristea»

I.U.

– Entzun dizudanez, Euskal Herriko Itzulian maila ona eman nahi duzu. Irabaztera joateko moduan agian?

– Italiako Giroan sasoi onean egon behar dut aurten. Euskal Herriko Itzulia lasterketa italiarra prestatzeko primeran etorriko zait, eta aurreko urteetan baino sasoi askoz hobean izango naiz. Azken urteotan Tourra prestatu izan dut mimo handiz, eta lasterketa horretatik oso urrun geratzen zitzaidala-eta, ez naiz inoiz fin aritu. Euskal Herriko Itzulia aurten Gipuzkoan hasi eta bertan amaituko da, UCI Pro Tourren barruan dago, eta etxean ondo ibiltzeko gogo handia dut egia esan.

– Zure denboraldia ezberdina izango da aurten. Italiako Giroa izango al da zure helburu nagusia?

– Aurrenekoa behintzat bai. Taldearen erabakia izan da liderrak itzuli handietan banatzea, eta niri Giroa egokitu zait.

– Tourrera presiorik gabe joateak lasaitasuna ematen dizu?

– Handia. Giro ona egiten badut, presiorik gabe joango naiz Tourrera. Tourreko liderra Iban Mayo izango da, bera laguntzera joango gara, eta gero, lasterketak berak esango du nola gauden guztiok.

– Nabaritzen al duzue Euskaltel-Euskadi euskal zaleentzat
baina, batez ere, txirrindulari gazteentzat erreferentzia nagusia bihurtu dela?

– Duela zortzi urte iritsi nintzen talde honetara, eta taldeak garapen handia izan du urte hauetan guztietan. Orduko filosofia ezberdina zen, afizionatutatik profesionaletara jauzi egiteko aukera ematen zuen Euskaltel-Euskadik, eta behin aukera hori izanda, txirrindulari gisa gaitasun guztiak erakustea zen helburua beste talde batera joateko. Erakusleiho bikaina zen. Hori, ordea, zeharo al-datu da azken urteotan. Talde handienen mailan dago, eta euskal txirrindulari guztien ametsa edo helburua da horra iristea. Beste euskal talde batzuk badaude, baina Euskaltelek du maila handiena.

– Zuen taldean sei gipuzkoar zaudete eta oro har 22 zaudete profesionaletan. Gipuzkoako txirrindularitzaren osasuna ona da, hortaz?

– Bai. Edonola ere, profesionaletan aritzeko maila duten gipuzkoar gehiago badago, baina beti esan ohi dugun bezala, ez dago guztientzako lekua. 22 gipuzkoar kopuru polita da bai, baina gehiagok izan beharko lukete lekua.

– Donostiarrik ez, ordea.

– Une honetan ez, baina horrek ez du ezer esan nahi, bitxikeria bat besterik ez dela iruditzen zait. Bere garaian izan ziren eta etorkizunean ere egongo dira, ziur.


« Txirrindulari gipuzkoar asko gaude profesionaletan, baina gehiago izan beharko lirateke »