Daniel Rebordinosek 30 urte daramatza mahai-tenisean jokatzen eta 5 Iñaki Zabaletak. Batek onenak eman ditu; bestea, berriz, oraindik hasi besterik ez da egin, eta emaitzei begiratuta, etorkizun oparoa du adituen ustez.
Ping-pong ere esaten zaio kirol honi, baina kirol-mailan, lehiaketetan, mahai-tenisa da. Itxura denez, gainera, jokalari askori ez zaie ping-pong izen hori gustatzen, bestelako iritzia dutenak ere badauden arren. Daniel Rebordinosek 46 urte ditu, eta berak aipatu digunez, «kirol honi ping-pong deitu izan diot nik betidanik; ez nau gogaitzen ping-pong izenez deitzeak, baina jakin badakit jokalari dezenteri ez diola inongo graziarik egiten hala esateak». Iñaki Zabaletak ere onartu du ez diola axola ping-pong deitzea, «baina nik, mahai-tenisa esaten dut betidanik. Ping-pong, atari zabaleko mahaietan jokatzen dena dela gehiago, esango nuke nik».
15 urte zituela, Manuel de Larramendi ikastetxean hasi zen mahai-tenisean Daniel Rebordinos, «eta ordutik 30 bat urte igaro dira. Beteranoen mailan aritzen naiz orain, eta egia esan, nire adineko gero eta jokalari gehiago ikusten dut kirol hau egiten. Azkeneko beteranoen Espainiako Txapelketan esaterako, 250 parte-hartzaile bildu ginen». Iñakik zortzi urterekin heldu zion kirol honi. «Pixkanaka gustatuz joan zitzaidan, eta orain Atlético San Sebastiánekin nabil lehiatzen». Bikain, gainera, infantilen mailako Gipuzkoako txapelduna baita.
Gaztetxo hasi zen Iñaki, beraz, mahai-tenisean. Goizegi dirudi, baina Danielek azaldu duenez,
|
«zortzi-bederatzi urterekin hasi behar dela diote adituek, jokalari ona izan nahiz gero». Edonola ere, Iñakik mahai-tenisean ez ezik, futbolean ere jokatzen du –Antiguoko taldean–, eta denborak esango du azkenean futbolean ala mahai-tenisean jarraitzen duen buru-belarri.
Infantilen mailan, Donostian eta Gipuzkoan zale asko dagoela onartu du Iñakik, «baina Espainiako herrialde gehienekin alderatuz, gutxiago gara, gutxiago kopuruan eta baita kalitatean ere». Ez omen da kirol zaila ikasteko, mahai-tenisaren oinarrizko teknika eta mugimenduak ikasten direnean. Hori, bai, zailena errebeseko kolpea ondo ematea da. Danielek dio Iñakik eskuin-kolpe bikaina duela, «eta pixkanaka errebeska ere hobetzen ari da».
Mahai-tenisean, tenisean bezala, pilota gogor astintzen duten jokalari erasotzaileak daude, eta aitzitik, baita teknikoagoak, defentsan hobeto moldatzen direnak. «Ni –dio Danielek– defentsan hobeto moldatzen naiz; Iñaki, berriz, erasokorragoa da. Hala ere, beti irabazten diot». Iñaki, albotik: «Baita zera ere!!». Iñakik Euskal Ligan jokatzen du, helduen mailako ligan. 13 urte besterik ez izan arren, nagusien mailan dagoela azpimarratu du Daniel Rebordinosek.
Mahai-tenisa banaka, binaka eta neska-mutilak nahastuta joka daiteke. Biek onartu dute zailagoa dela taldeka, binaka jokatzea. Iñakik argi hitz egin du: «Zuk edo zure taldekideak huts eginez gero, bien kalterako da hori. Banaka arituz gero, berriz, neroni naiz kaltetu bakarra, eta horrek lasaitasuna ematen dit».
|